Ingelesez ikasi. Ingelesez baino ez
Hezkuntza Sailak ingelesa maite du, argi dago. Hainbeste maite du ze, gure ikasle guztiek B1 maila lortu behar dute DBH amaitzean. Legean ezarri zuen. Hori, eta ingelesa ere ikaskuntza-hizkuntza izango dela gure ikastetxeetan. Ingelesa hainbeste maite du ze, astebeteko murgiltze-egonaldiak antolatzen ditu. Euskarazkoak lau egunekoak dira.
Hezkuntza lege berria duela urte eta erdi onartu zuten. Handios idatzita dago: euskara izango da hezkuntza-sistema osoaren ardatz; hizkuntza ofizial biak maila berean jakingo dituzten ikasleak lortuko ditugu; euskararen presentziak jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa egingo du hezkuntza-komunitate osoan; modu aktiboan sustatuko da ikasleek hezkuntza-testuinguru formalean eta ez-formalean euskara erabiltzea; arreta berezia eskainiko zaio euskarari, gure hizkuntza propioa baita; euskara lehenetsiko da hezkuntza-sistemaren barruan, bai eta ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere.
Asko dira euskarak hezkuntza-sisteman izango duen posizio zentrala azpimarratzen duten pasarteak. Hezkuntza lege osoan zehar irakur daitezke.
Pena, benetakoak ez izatea.
Arabako Errioxan ez dago batxilergoa euskara hutsean ikasterik sare publikoan. Gasteizen, ingeles hutsean eskainiko du Hezkuntza Sailak, sare publiko berberean.
Guardian batxilergorik ez euskaraz; Gasteizen, ingelesez bai.
Zelan demontre sinistuko diogu Hezkuntza Sailari euskara duela ardatz?
Ingeles hutsean eskainiko duen horri nazioarteko batxilergo deitu diote. Ebazpen bidez arautu du Hezkuntza Sailak eta erabaki benetan larria da.
Hasteko, Hezkuntza Legearen kontra egiten duelako. EAJk eta PSEk propio erabaki zuten ikastetxeetako eskaintza “unean-unean indarrean dauden hizkuntza-ereduen sisteman oinarritu” beharra dagoela. Hori horrela bada, ezin da ingeles hutsezko batxilergorik eskaini, indarrean dauden ereduek ez dutelako horretarako aukerarik ematen.
Larria da, hezkuntza publikoan horretarako aukera emanda, bidea zabaltzen duelako ikastetxe pribatuek, guztion diruarekin ordaintzen ditugun horiek ere, gauza bera egin dezaten: ingeles hutsezko ikasketak antolatu. Gogoratu ikastetxe pribatuetako ikasleen herena baino ez dagoela ikastolaren batean.
Larria da, batxiler ingeles horretara A ereduko ikasleak ere matrikulatu ahalko direlako. Gogoratu Hezkuntza Sailak A eredua mantendu egiten duela, hezkuntza-legea onartu ondoren ere, ondotxo dakien arren eredu horretako ikasleek ez dutela euskara nahikorik ikasten.
Batxilergoa ingelesez eskainiko dituzten hiru ikastetxeetatik bi eremu ez euskaldunean daude. Akabo, beraz, hizkuntza-proiektuak, euskararen indartzea, gune soziolinguistikoaren arabera egitea. Euskara nahiko barik ailegatuko diren ikasleei ere, euskara apur bat baino ez zaie emango.
Larria da, legeak esaten duenaren kontra Hezkuntza Sailak ebatzi duelako ikastetxe horiek ingelesa izango dutela komunikazio-hizkuntza. Konturatu ote dira zer astakeria den hori? Ezetz esango nuke, baina idatziz jaso eta aldizkari ofizialean argitaratu dute.
Larria da, azkenik, inoren zalantzarik ez dudalako entzun: ez sindikatu, ez alderdi, ez kontseilu.
Mikel Basabe
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
