Informazio askatasuna
Hogei urte dira Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Hainbat arduradun atxilotu eta torturatu zituzten. Terrorismoaren kontrako legea erabilita atxilotu zituzten Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Inma Gomila, Luis Goia, Fermin Lazkano, Txema Auzmendi, Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdai. Betirako itxi zuten <egunkaria. Itxi eta hurrengo egunea Egunero argitaratu zuten kazetariek eta lau hilabetera Berria argitaratu zuten lehen aldiz.
Atxilotuak inkomunikazioan torturatu egin zituzten. Herritarrek operazioa gaitzetsi eta Donostiako kaleak bete zituen manifestazio bat antolatu zuten. Handik urte batzuetara auziak itxi eta epaituak errugabetzat jo zituzten eta Egunkaria ixteko arrazoi nahikorik ez zegoela esan zuten. Gertaera honi emandako erantzuna txalogarria izan zen, informazio askatasunaren aldeko ikaragarrizko indarraldia erakutsi zuten Euskal Herritarrek.
Orain dela ia urte bat atxilotu zuten Pablo Gonzalez kazetaria Ukrainako mugan eta Errusiarrentzat espiatzen ari zela egozten dio Poloniako justiziak. Laugarren aldiz luzatu diote behin behineko atxiloaldia, maiatzaren 24rarte. Pablo Gonzalez atxilotu zutenetik ez dute frogarik argitaratu bere kontra. Bi pasaporte dituela diote, Errusian jaio baitzen Pablo. Espainiako gobernuak; berriz, ez dio ezer. Urtebete honetan, Pablo ziegan isolatuta dago, kontsul espainiarraren eta bere abokatuaren bisita batzuk bakarri jaso ditu eta behin bakarrik emaztearena.
Giza eskubideen urraketa ikaragarria gertatzen ari da eta baita informazio askatasunaren urraketa ere. Hauek guztiak Europar Batasuneko herrialde “demokratiko” batean. Baina apenas dago Espainiako, Euskal Herriko gobernuetatik erantzunik ez eta euskal herritarren aldetik ere. #FreePabloGonzalez
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!