Haurtzarotik zoro izaten
Behin eskola garaiko oroitzapen hunkigarri bat kontatzeko eskatu zidaten, nik dudarik gabe erregu horren aurrean Korrika txikian izandako zenbait anekdota erran nituen. Gogoan dut petoak eskuz egiten zein margotzen genituen egun horiek, koloreez ez ezik ilusioz ere apaintzen genituen euskararen aldeko aldarria zeramaten jantziak. Gogoan dut ere, bai klase-kide bai irakasleekin Gasteizetik barrena egindako kilometroak, eskuz lotuta, batera, lelo berdinaren babespean.
Nahigabean Korrika “txikitik” Korrika “nagusira” pasatu ginen, hala ere, bertan ez ziren maratoi kiderik falta, batzuetan familiakoekin egiten nuen bidea, besteetan kuadrilakoekin eta azkenaldian, auzokideekin. Elkarrekin euskararen aldeko apustua eginez, Euskal Herriko kaleak zein bazterrak betetzen dituzten zoro zoragarri horiek bilakatuz.
Duela lau urte lekukoa hartzeko aukera izan nuen, hain zirraragarria izan zen momentua non begietatik zenbait malko ere isuri nituen. Lagun batekin, auzoan, eskuz- esku igaro den manifestuaren mezularia izatea, bizitzan ahaztuko ez dudan esperientzia da,hitzetan deskribatzeko zaila den horietakoa.
Bi urtez behin aurrera eramaten den manifestaldi honen ezaugarri berezienetako bat, parte-hartzearen aterki zabala da. Bertan familiako txikienetik nagusiena ere topa dezakezu, bertan elkartasunez beteriko aldarri anitzak aurki daitezke ere (euskal preso politiko eta deportatuak gogoratzen dituztenak, sistema patriarkalak eraildako emakumeak omentzen dituztenak, langilearen prekarietatea salatzen dituztenak, arrazakeriaren erasoak kondenatzen dituztenak,…).
Gasteizen askori gertatuko zaizuen bezala nire gurasoak ez ziren euskaldun zaharrak, hala ere, bazekiten Korrikak irudikatzen zuen leloarekin bat egin behar zutela, Andaluziatik etorritakobizilagunak ere manifestaldi honek herriaren batasuna adierazten zuela ulertu zuten. Nire aburuz, hori da guzti honen gakoa, euskararen alde elkartasunez josiriko sarea eraikitzea, euskararen alde herri anitz eta boteretsu hau batzea, alegia.
Orain erbestetik, Gaztelatik hain zuzen ere, erdaldunei Korrikaren dinamika azaltzen saiatzen naizen bakoitzean harritu egiten dira, askotan ere honelako galderak egiten dizkidate: “baina euria edo elurra eginda ere arineketan ibiltzen zarete?”, “goizeko 5etan herriko kaleetan Korrika itxaroten duzue?”. Hasieran, burutik sano ez gaudela azaleratzen didate, gerora, herri batasuna islatzen duen dinamika dela konprenitu egiten dute eta bukaeran, bi urtez behin bilakatzen garen zoro zoragarri horiek txalotzen gaituzte.
Igandean berriro ere Gasteizeko kaleetan zehar ibiliko da Korrika, igandean berriro ere ikastolan petoak margotzen zituen haurra bilakatuko naiz, igandean berriro ere, ilusioa eta borroka partaide guztien ahoetan aurkituko dugu. Hortaz, jarrai dezagun euskararen aldarria esportatzen, segi dezagun pausoz- pauso kaleak zein bazterrak betetzen, egin dezagun KLIK.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!