Harro eta ozen
Demagun badela herri bat, non eskuina esaten diogun ildo politikoa gobernatu duena berrogei bat urtez. Non lanaren gainbalioa ateratzea errazten duen estruktura giza-ekonomikoa garatu den; eta bakarrik bi adibide jartzearren, eten gabe negozio esparru berri bilatu eta errazten dioten kapitalari. Uraren horniketarena omen da horren azkeneko negozio topea.
Lanean gauden bitartean gure lana balio duena baino gutxiago ordaintzen digu kapitalak, negozioa behin. Etekina handitzeko asmotan, 150 (ausazko zenbakia bota dut) kaleratze agintzen dituzte, alderdi horretako gobernuak bitartekaritza lanak egin eta bakarrik izaten dira 75 kaleratuak, gelditzen direnak lehen baino askoz baldintza okerretan lotzen direla. Negozioa bitan. Baina hau ez da dena, bien bitartean, kaleratzeko arriskuan dauden langile horien manifestazioaren helburua zein da eta, horietatik gainbalio gehiago ateratzen jarraitzea! eta nola ez biziki eskertuta agertuko dira egindako bitartekaritza lan horregatik. Negozio borobila.
Urarena; edota jar ezazue hemen edozein beste alor. Honek ez du galtzerik ere ez, alorreko entitate publikoa kudatzen duten bitartean porrot ekonomikora eramaten dute. Adi, ez badu ematen ere hemen badago negozioa, behin. Porrota ekonomikoa bueltarik ez duenean arloko kudeatzaile pribatua izango dena aurkezten digute. Negozioa bitan. Hain txarra da entitate publikoaren egoera ekonomikoa eta hain itxaropentsua kudeatzaile pribatu berriak aurkeztu digun egitasmoa zein gu geuk amaitzen dugu pribatizazioa eskatzen, (“publikoa ez doa” diote batzuek). Negozio borobila ostera be.
Hauek egiatan euren ildo politikokoek egiten dutena egin dute, besterik ez, baina euren iparraldeko edota hegoaldeko lehengusuen ez moduan ez dute zigorrik jaso horregatik, are gehiago, oro har politika sozialen esparruaren barne izaten da ulertua azpilan hau.
Zer dela eta? Zelan da posible politika neoliberalekin konformatzea? Auzolana deitu diotelako izango ote? Zelan da posible neoliberalismoaren agenda puntuz puntu aplikatzea bere burua aurrerakoitzat duen herri batean eta inolako erantzun zantzurik ez aurkitzea?
Ez dut erantzunik; baina luze aritu gara zer nahi ez dugun inguruan eta gutxi aldaketarako ezinbestekoa den iruditegia lantzen. Luze beste kudeaketa eredu batez, beste gizarte eredu batez, eta gutxi beste hori definitzen eta eztabaidatzen.
Heriotza gozoaren zain eroso dagoena asaldatzeko beldurrez, gure beirazko teilatu propioa garatu dugu. Inora eramango ez gaituzten bide hutsetan utzi diegu barneratzen, eta beldur gara orain bidezidorrera ateratzen, esan digutelako hor ez dagoela beste inor.
Bada garaia berreskuratzeko ezkerretik lotsatuta gorde ditugun izendapen guztiak. Anarkista, libertario, sozialista, komunista, …. Harro eta ozen aldarrikatzeko zer garen eta zer nahi dugun, harro eta ozen esateko amesten dugun mundua ez dela jaioko eurenaren kontrajarrian, eurena grisa delako eta gurea koloretsua, harro eta ozen esateko benetako auzolana lantzeko ekoizpenerako beharrezkoak diren tartekoen kudeaketa kolektiboa ez den beste ezerekin ez garela konformatuko.
Dena nahi dugula harro eta ozen aldarrikatzeko, dena merezi dugulako.
Iñaki Urkixo
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!