“Haizeak Olentzerori” -Oier Azkarraga-
Kaixo, Olentzero maitea:
Berriro ere gabonak iristear daude, eta urtero bezala, zuri idazteko garaia heldu zaigu. Badakizu beti bezala ondo portatu naizela, etxerako lanak egin ditut, beste umeekin nire gauzak konpartitu ditut, goiz oheratu naiz eta ez dut aita gehiegi haserretu.
Azkenaldian aita pozik dago, baina ez dut ulertzen zergatik. Amonarekin gauza arraroetaz hitz egiten du, ulertzen ez ditudan gauzetaz hitz egiten du. Lagun asko bueltatu direla etxera, urte asko kanpoan egondakoak, eta ardoa edan dute elkarrekin. Bakegile batzuen inguruan ere hitz egiten dute, edo ez dakit zer, izen arraro bat, Luhuso, edo horrelako zerbait.
Badakizu zer? Parisera joan ginen! A ze polita, Paris! Dorre Eifela ikusi genuen, izugarri handia da, noizbait joan beharko zinateke! Eta kontzertu bat ikusi genuen, kamioi baten barruan, jendea dantzan, kantan… oso polita izan zen! Ez nekien Parisen hainbeste euskara hitz egiten zenik!
Larunbatean Ama ikusten egon nintzen, Valladoliden, kostatu zait izena ikastea: Va – lla – do – lid. ikastolan ikasten ari gara lurraldeen izenak eta Valladolid Castilla Leon deituriko herrialde baten erdi erdian dago, han ez dago itsasorik. Lehen, Valencian, bazegoen, hori bai gogoratzen dut ongi, han jaio nintzen ni. Eta Valencian itsasoa zegoen eta aitak eramaten ninduen udan itsasora, hondartzara eta gero ama ikustera joaten ginen.
Ama ikusteko bidaia oso luzea egiten zait, eta batzutan mareatzen naiz, beste batzutan lotan noa, baina aita ezin du lorik egin ze gidatu behar du, behin lo gelditu zen gidatzen ari zen bitartean eta istripu bat izan genuen, ez genuen izan zauririk. Baina asteburu horretan ez genuen ama ikusi eta pena asko eman zidan.
Ez dut askotan ikusten ama, batzutan baino ez, hilabetean behin ikusten dut eta egun horretan pastelak jaten ditugu, jolasten dugu eta oso ondo pasatzen dugu. baina joaten garenean ama ez dakit zergatik negar egiten du, ni ere negar egiten dut batzuetan, ze amarekin oso ondo pasatzen dut baina oso gutxitan ikusten dut.
Mikel ere, anaia, denbora asko daramat ikusi gabe. Egun batetan gizon batzuk sartu ziren gure etxera bere bila baina ez zegoen, eta ordutik ez dut ikusi, Aitari galdetu nion eta negarrez esan zidan Mikel ere ama bezala lanera joan behar izan zela, eta laster ikusiko genuela berriro, baina ez dakit, ze negar asko egiten zuen!
Ba hori da dena Olentzero, aitari entzuten diot jende asko dagoela lanik gabe eta oso gaizki pasatzen ari direla, baina gustatuko litzaidake, Mikel eta Ama lanik gabe egotea eta laster egotea hemen gurekin, hori da eskatu nahi dizudan guztia. Laster amarekin eta Mikelekin jolasten egotea etxean, Gaztainak jaten egotea. Eta gabonetako afari hauetan gurekin egotea, baita nire urtebetetzean ere, ez ahaztu Urtarrilaren 13an dela! Eta aitak esan dit opari bezala Bilbora joango garela, han jende ugari ikusiko dugula, pres dagoen jende ugari, baina egia esan ez dakit zertarako prest, hori ez baitit oso argi utzi…
Muxu handi bat Olentzero, espero dut nire oparia ekartzea.
Ah! Ahaztu aurretik! Baloi bat ere ekarri ahal baldin badidazu eskertuko nizuke, baina badakit igual asko eskatzea dela.
Oier Azkarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!