Gure sasikumeak
“Sasikume bat da, baina gure sasikumea da” esaldia Amerikako Estatu Batuetako Roosevelt presidenteari esleitzen zaio, Anastasio Somoza diktadoreari aipamena egiten ziona. Nikaraguako herriaren kontra gauzatutako errepresio bortitza eta krimenak publikoki defendatzea zaila zen, baina yankien interesetarako baliagarriak izatekotan justifikagarriak ziren.
Esaldi hau burura etorri zitzaidan José Jainagaren defentsan egindako adierazpen batzuk entzutean. Izan ere, Estatu sionistaren Elbit Systems enpresari armak ekoizteko altzairua era ilegalean saltzeagatik, Sidenor-ren zuzendaria epaitegietatik deklaratzera joan behar izanaren harira, Mikel Torres lehendakariordea bere errugabetasun-presuntzioaren alde adierazi zen, euskal industriarekiko bere konpromisoa argudiatuta. Salmenta nola edo zertarako egin zen ezbaian jarri gabe, operazioa ez omen zela ilegala…
Euskal ekonomiaren motorra da industria, eta motor horrek osagai asko beste herrien odolez olioztatuta dago. Palestinarrak birrintzeko armamentua Eusko label altzairuarekin ere egindakoa da, bai. Inperialismo yankiak herri venezuelarraren kontrako eraso militar bat prestatzen ari den momentu berean, dozenaka gerraontzi, munduko hegazkin-ontzi handiena, urpekoak eta milaka soldadu Karibeko kostetan pilatuta, berri positibotzat saltzen digute AEBtako indar militarretarako Abrams tanke berrietarako transmisio-sistema ekoizteko kontratua SAPAk eskuratzea. Beste herri batzuk odoleztatzen dituzten merkantziak ekoizten dituzten euskal enpresen zerrenda ez da motza: Sener, ITP-Aero, Aernnova, MTorres… izan daitezke ospetsuenak, baina armagintzarekin modu batean edo beste batean lotura duten euskal enpresak 200etik gora dira. Eta herrien zapalketaz aberasten diren enpresen artean ezin utzi aipamenik gabe palestinarren apartheid-a finkatzen duen CAF enpresa, momentu honetan euskal lotsaren enbaxadorea.
Euskal ekonomia oso lotuta egon da historikoki armagintzarekin eta horrela izaten jarraitzen du. Are gehiago, etorkizunerako apustua hori omen da, Zedarriak lobby-ak markatu zuen moduan, bertoko kapitalisten ordezkarien txaloen artean.
Rooseveltek bezain argi ez dute esaten, baina mezu bera helarazten ari dira euskal politikari eta iritzi-emaile asko hemengo enpresa batzuen jardueren defentsan agertzen direnean. Ulergarria da, kumaldi berekoak baitira. Arazoa dator giza eskubideaz, demokraziaz eta etikaz hitz egiten digutenean. Arazoa dator hipokrisiaz bertute egiten dutenean. Egian esan, Jainaga bera faltan bota nuen San Mameseko palkoan Euskal selekzioa – Palestina partida jokatu zenean.
Eta, kapitalistez harago, zintzoak izan nahi badugu, esaldi famatu hura hemengo langile askori ere moldatu behar diegu: “Sasikume bat da, baina lana ematen didan sasikumea da”. Lana eman baino, gainbalioa lapurtzen dietela ez ulertzeaz gain, “gure sasikumea”-ren uste hori nahiko errotuta dago hemen ere. Langile gehiegik Roosevelt bat daramate barruan. Negozio batzuen ondorioak publikoki defendatzea zaila da, baina norberaren interesetarako baliagarria izatekotan justifikagarria izan daiteke. Familia bat mantendu behar izatea argudioa izan badaiteke, zergatik ez ulertu beste batzuek inperio bat mantendu behar dutela…?
Zapalkuntza makineria horren zati bat direla jakinda, batzuk bere burua justifikatzen saiatzen dira, beste batzuk albora begira jartzen dira, eta beste batzuek palestinarrei ura bidaltzen diete sionismoarekiko konplizitatea garbitzen saiatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
[:es]¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
[:]