Gure osasuna jokoan dago
Joan Ramon Laporte, Farmakologian aditua eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan katedradunaren deklarazioa ekarri nahi dut gaur eztabaidara. Aditu hau gonbidatua izan zen Espainiako Kongresuaren komisio batean, honetan txertoen kudeaketa eta estatu mailako txertaketa plana aztertu zuten. WhatsAppetik heldu zitzaidan bere interbentzio nagusia, eta jakin gabe oso ondo zer ari nintzen ikusten, baina argi izanda hasieratik instituzio batean gertatzen ari zela, aho bete hortz geratu nintzen bertan adierazitako idei eta edukiekin.
Ezin nuen ulertu horrelako eszenatoki batean leku ematea orain arte sistematikoki ukatzen ari ziren ikuspegiei. Ez dakit kolatu egin zitzaien edota neurri batzuen indargabetzea laguntzeko erabili nahi izan zuten. Garbi daukat, pelikula osoaren eszena bat besterik ez dela nire begietara iritsi, baina hala ere pozez hartu nuen horrelako adierazpenak biralak egitearen aukera. Zergatik?
Hasteko, hain bakartuak eta galduak sentitu garenon zenbait iritzi onartutako zientifiko batek babesten zituelako. Honek urruntzen ote gintuen “terraplanista” edota horrelako irainak jasotzetik. Ezkerra oso eremu arrotza izan baita COVID-19aren inguruan sortutako diskurtso nagusia eta honi lotutako kudeaketa salatu edota kolokan jarri dugunontzat. Eskumara batzen ari ginela, antolatutako sektoreak ultraeskuindarrak zirela, jarrera kapitalista-indibidualista-berekoiak hartzen ari ginela edota anti-zientzia hutsak ginela. Ez ditut mespretxatu nahi orain arte aurpegia eman izan duten zientzialari, mediku, profesional edota militante ezberdinak; baina agerpen honek diskurtso hegemonikoaren lubakiaren erdian eragin ezberdin bat izango zuelakoan nengoen. Egun batzuk pasata, ez dakit ze nolako oihartzunik izan duten hitz hauek jendartearengan, baina ikusi ahal izan dut Laporte ez dela deslegitimaziotik salbu geratu. Kontrara, egunkari eta hedabide nagusietan, lerroak gastatu dituzte bere argudioak ezeztatzeko. Lerroburu batean, hain zuzen ere, “Laporteren adierazpen negazionistak” edo horrelako zerbait izendatzen zuten, nahiz eta honek datu eta adibide zehatzak ematen zituen, ez soilik txertoen afera anitzen inguruan, baizik eta farmazeutikoen prozeduretaz eta abar. Baina askoz haratago doa bere salaketa eta are sakonagoa da egiten duen hausnarketa.
Hala ere txertaketara itzulita, Laporte irakasleak, Kongresuan azaldu izan zuena, eragile ezberdinak orain arte kaleetan aldarrikatu eta adierazten saiatu izan dira. Ikusi ahal izan ez duzuenentzat, laburbilduko dizkiuet niretzat garrantzitsuenak diren ideiak.
Hasteko, berak ez ditu txerto gisa hartzen ARNren teknologia berria barneratzen dituzten injekzio hauek. Jarraian, azaltzen du teknologia hau modu terapeutikoan eta masiboki erabili izan den aldi bakarra dela eta beraz berak horrela kalifikatzen du: “Gizakien Historian aurrekaririk izan ez duen esperimentu globala”. Gainera kolokan jartzen ditu farmako hauek garatu dituzten laborategiek egindako entsegu klinikoak eta beronek, gaur egun, hain denbora gutxi pasata, duten balioa ondorio irmoak ateratzeko. Bere iritziz, praktikak frogatu du medikamendu hauek gaixotasuna ekiditzeko, ez transmititzeko eta aldaera ezberdinei aurre egiteko gaitasunik ez dutela. Hau dela eta, argi eta garbi aldarrikatu zuen deituriko Covid pasaporteak ez duela oinarri zientifikorik eta haratago joan zen, aipatzen, mekanismo honek sortutako segurtasun faltsuaren sentsazioak kutsadura gehiago erakarri ahal izan zuela. Lotzen zuen 2020aren lehenengo hilabeteetan egondako heriotza tasa altua zahar-egoitzetan, batez ere, pribatuetan, egoiliarrek jasotako tratuarekin eta batez ere gain-medikazioarekin.
Bere erantzuteko txandaren beste idei bat azpimarratu nahi dut. Hainbeste familiak kezkatzen dituen ume eta nerabeen txertaketari buruz berba egin zuen. Adin tarte hauetan, txerto hauen eragina eta sortzen dituzten ondorioak aztertzerako orduan, hauengan osasun politika hauek sustatzea ea onuragarria denaren galdera zabaldu zuen.
Hala ere, bigarren parte honetan, diskurtsoa lausotu zuen eta ez zuen guztiz kontra egin txertaketa planen aurrean; are gehiago, agian txerto bat edo bi hartzearen aldekoa zela baieztatu zuen.
Egun hauetan, Euskal Herrian, osasungintza publikoaren defentsan mobilizazio ezberdinetarako deialdiak izan dira. Baina eztabaida politikotik at geratzen da osasun sistema publikoa ze parametroen arabera eraiki nahi dugun. Behar ditugu osasun langile, anbulategi, errekurtso gehiago zalantzarik gabe, baina ere, kapitalaren atzaparretatik eta hau islatzen duten farmazeutikoetatik kanpo eraikitzen den eredu herrikoia eta demokratikoa, farmakoetaz gain, beste jakintza eta beste ikuspuntua barneratuko duena.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!