“Gerrarik…? Txoratuta al gaude, ala?” -Mikel Lacalle-
Kaixo, lagunok! Hasi baino lehen, barkamena eskatu behar dizuet aurreko kolaborazioan aritu nintzen gaiaz hitz egingo dudalako oraingo honetan ere. Aitortu behar dizuet, dena den, gai honetaz berriro aritzeko arrazoi bat dagoela. Jakingo duzuenez azken hilabete hauetan kolektibo ezberdinen artean antolatutako “Gerrarako eusko label armak” izeneko kanpainan parte hartzeko aukera izan dugu eta badugu oraindik ere. Gaur bertan, arratsaldeko 7:00etan, Monstrenka aretoan, antzerki euskaraz gozatzeko aukera izango dugu, Itziar Rekalderen eskutik; eta bihar goizean, 11:30etik arratsaldeko 3:00ak arte, Correos plazan (urrezko zeledoien plazan), azoka “berezi” bat izango dugu, ekitaldiz beteta, kanpainari bukaera borobila emateko. Hori dela eta, nire ekarpen apala egin nahi nion kanpaina honi, berriro gerraz berba egiten. Hala ere, gaia bai, baina formatoa ez errepikatzeko, oraingo honetan bertsoz emango dizuet iritzia. Bertsolaria ez naizenez, akatsak barkatuko dizkidazuela espero dut… Hona hemen, bada, Gerrari jarritako hiru bertso, hamarreko handian eta “Mutil koxkor bat…” doinuaz.
“Gerra-ri” jarritako bertsoak (Hamarreko handia, “Mutil koxkor bat…” doinua)
Gaua, pakea, isiltasuna,
entzun daiteke kilkerra;
irakur edota idazteko
une benetan ederra!
Uztekabean eztanda batek
hautsi egiten du plazerra.
A400M ta Eurofighter
baita ere dron txikerrak…
Zarata handia, misil-euria,
tupustean hasi da gerra!!! (bis)
Gerrazaleak beti izan dira
mundu osoko liderrak,
Historian zehar, salbuespen gutxi,
jende harroputz eta ankerra.
Armagintzan aritzen direnek
prestatzen dute dosierra,
negozioari begira, noski,
berdin zaie bide okerra!
Enpresariak gidoia idatzi
agintaria, txoferra! (bis)
Milaka hilda ta desplazatu,
gerrak bai negozio uherra,
paisaian suntsipena uzten dute
eta bihotzetan herra!
Migratzera behartzen ditugu,
eta ixten diegu bunkerra;
Europaraino heltzen direnak,
bai bidai luze eta alferra!
Europa honi, politikariei
E(g)in diezaiegun puzkerra!!! (bis)
Mikel Lacalle (Zapateneo)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!