Gerra danborren erritmoan dantzan
Datorren maiatzaren 15ean, Nakba eguna da, mugimendu sionistak alde bakarrez eta Palestinako lurren gainean Israelgo estatua aldarrikatu zueneko urteurrena. Asteazkenean 71 urte izango dira 1897an Theodor Herlzek irudikatutako proiektu baztertzaileari izaera fisikoa eman ziotenetik, eta herri palestinarraren hondamendia hasi zenetik -izan ere, horixe esan nahi baitu arabierazko Nakba hitzak, hondamendia-. Zazpi hamarkada luze hauetan erregimen sionistak Nazio Batuen Erakundearen, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren, eta Nazioarteko Justizia Gortearen 80 ebazpenetik gora urratu ditu, inongo ondoriorik pairatu gabe.
Aurtengo urtemuga, gainera, testuinguru bereziki bortitz batean egingo dute batzuek ospatu eta besteek oroitu. Zorigaiztoko efemeriderako bi aste eskas falta zirela. Israelgo erregimenak, beste behin ere, bere mugagabeko harropuzkeria erakutsi eta Gazako zerrenda bonbardatu du. Bonbardaketetan 29 lagun erail dituzte -tartean hilabetetako bi haur eta bi emakume haurdun- eta azpiegitura zibilak suntsitu, nazioarteko komunitatearen utzikeriaren aurrean. Azken urtebetean, halaber, Gazako zerrendan, Itzuleraren Martxa izeneko ekimenaren barruan ostiralero antolatutako protestaldi baketsuetan 300 lagun inguru hil eta 30.000 inguru larriki zauritu dituzte, frankotiratzaileen balaz, eta horietako askok bizi arteko elbarritasunak eta anputazioak pairatuko dituzte.
Baina aurtengo Nakba egunaren berrikuntza da Israelek munduaren begien aurrean bere irudia zuritzeko antolatutalo propaganda ekitaldi erraldoia: Eurovision jaialdia. Musika lehiaketaren iazko edizioan Israelek irabazitakoan, aurtengoan txapeldunaren jaioterriaren hiriburuan bertan ospatuko da jaialdia. Baliteke ikuspegi musikal eta artistikotik Eurovision eskas samarra izatea, kutreenetan kutreena, baina ez dago dudarik Europan telebista bidezko oihartzunik handiena duen ikuskizuna denik. Eta horrexetaz baliatuko da erregimen sionista normaltasun mezua bidaltzeko ikuslegoari, eta bereziki, euren ustetan, ikuskizun horren balizko ikusle talde garrantzitsu bati, alegia, LGTBQ komunitateari. LGTBQ mugimendua Israelgo propaganda kanpainaren jomugan dago aspaldi. Kolektibo horretako kontsumitzaileei bideratutako zirkuito turistikoak, kolektiboaren ekitaldi sonatuenetan parte hartze nabarmena, komunitate horrekiko abegikortasun keinuak… Israelgo propaganda makineriaren estrategiak dira nazioarteko iritzi publikoaren aurrean herrialde demokratiko eta aurrerakoiaren itxura emateko. LGTBQ mugimenduaren aldarrikapenekin ustezko begirunea erakutsiz, erregimen sionistak egunero burututako sarraski eta gerra krimenak zuritu nahi ditu… nola eta arrosaz margotuz.
Oraingo honetan, aldiz, erdi ustel atera zaizkio hasierako usteak Tel Aviveko erregimenari, izan ere, LGTBQ mugimenduaren barruko ahots kritikoak izan dira, hain zuzen ere, zurikeria ikuskizun horren aurkako boikotera deituz gehien nabarmendu direnak. Eta datorren asteazkenean, mundu osoan bezala, Euskal Herriko kaleetan ere orpoz orpo izango gara Palestinako giza eskubideekiko elkartasun mugimendua eta LGTBQ mugimendua, batera, ahots bakarraz salatzeko arrosaz margotuta ere, apartheid apartheid dela. Baliteke, Emma Goldman itzal handiko judu anarkista batek zioen bezala, dantzatzerik ez bada gure iraultza ez izatea; baina ez dezatela pentsa euren genozidioaren erritmoan dantzatuko dugunik.
Koldo Alzola
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!