Ezkutuan
Pazko astea Andaluziako lurretan pasa dugu hango bidezidor, errepide eta estartetan barna gure bizikleten pedalei eragiten. Jaengo lurretan hasi, eta Kordoba izan genuen helmuga. Ez da bidaia erraza izan, euria ere bidaide izan baitugu, eta bertako olibondo-lurrak lokatz bilakatu baitira. Hala ere, nola edo hala aurrera egin, eta lortu genuen kalifen hiriburura heltzea, Kordobako kaleak gure oinez zapaltzea, alegia.
Eta kale horietan paseoan genbiltzala, zenbait ezusteko jaso genituen bertako kaleen, eraikinen eta plazen izenei erreparatu genielarik. Lehenengoa, “Mateo Inurria” izeneko Arte eta Lanbide eskola. Nor demontre ote zen Inurria gaitzizeneko Mateo delakoa? Edo benetako abizen zuen Inurria? Ikertzeke…
Bigarrena, Goyri abizeneko Mariarena izan zen: “Calle de la escritora María Goyri”. Emakumea, idazlea eta abizen euskaldunduna, eta guk ezagutu ez? Zein bizitza ezkutatzen ote zen María Goyri izenaren atzealdean?
Ez dizuet kontatuko sarean zer topatu genuen, zuen esku utziko dut Mariaren bizitza miresgarrian egin beharreko ikerketa-lana. Soilik esango dizuet hizki larriz eta aspaldi ezagutzen ditugun gizon askoren bizitza eta langintza, erruz gainditu zituela idazle honek.
Eta zenbat horrelako bizitza ezkutuan? Zenbat emakumeren lanak eta historia interesgarriak itzalpean, inon aipatu gabeak?
Behin, apustua irabazi nion joan berri zaigun lagun on bati: taberna batean geunden euskal kulturaren ikusezintasunaz, gure sortzaileen lanek bertako erdaldunengan duten eragin apurraz eta ezagutza txikiaz, berbetan, eta berotu ere egin ginen eztabaida horrekin. Eta berak, Maialen Lujanbio gure ingurumarietan “denek” ezagutzen zutela esan zuen (Maialen Euskal Herriko txapela jantzi berritan zen, eta gure laguna puztuta, badakizue…).
Postura argitzeko metodoa falta zitzaigun, eta bioi otu, onena zela tabernako zerbitzari erdaldunari galdetzea ea “Maialen” arratsalde horretan tabernan izan zen…Esan eta egin!
– Soraya, ¿Has visto a Maialen?
Eta berak erantzun:
– ¿Qué Maialen?
Eta guk aho batez:
-Lujanbio!
– ¿Y quién es ésa? Besteak…
Pentsa zer nolako arrakala dagoen euskal kulturaren eta inguruko bizilagun erdaldunen artean. Pentsa zenbat María eta Maialen geratu diren ezkutuan, batzuetan guztiontzat, besteetan euskal kulturaren arrasto gutxienekoa ere jasotzen ez dutenentzat.
Afari legezkoa irabazi nion Iñaki lagunari, baita kobratu ere, baina nahiago nukeen nik ordaintzea hurrengoan, aukerarik balego…
Iñaki Lazkano
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!