“Ez geldirik, ezta isilik” -Nahia Gonzalez Garcia-
Gaur hasten da seigarren hilabetea. A ze burugabekeria!
Iragan apirilaren 24an sinatu nuen alokairu kontratua Etxebide-Alokabide-Eusko Jaurlaritzarekin (eta Vivesa gonbidatu gisa). Ordutik hona praktika iruzurti eta mingarri ugari pairatu ditut (aipatu beharra dago 13 urte neramatzala Etxebideren zerrendetan).
Zigor, zabartasun eta gutxiespenaren eraginez (modu horretan deskribatuko nuke izan duten kudeaketa txarra eta kontratua ez betetzea) nominadun arduradun batzuek ez dute ondasun publikoak modu eskandalagarrian kudeatzeko erreparorik. Eta, modu horretan, gure eskubideak babestu eta bermatu behar dituztenak dira horik urratzen dituztenak.
Apur bat nazkatuta gaude esaldi politak entzuteaz: “Gure nagusien ongizatea”, “konpromisoak hartu behar ditugu gure adineko pertsonak duintasunez bizi daitezen”, “populazio adintsua gara eta, horregatik, gure erronkak zabalak eta ugariak dira…”.
Baina errealitatea oso bestelakoa da.
Zer irizpide baliatzen ditu Etxebidek etxebizitzak esleitzeko?
Dena dela, ez da irizpide egokia. Zerbitzu eta azpiegitura batzuk faltan dituzten etxebizitzak gaitu beharko lirateke esleituak izan baino lehen. Hori ez diot nik soilik, kontratuan ere hala zehazten da.
Lehen irregulartasuna bada ez dizutela etxebizitza ezagutzen uzten bermea ordaindu eta kontratua sinatu arte. Jabe pribatu bati ez litzaioke inoiz bururatuko halakorik egitea.
Hortik aurrera, ahaztu egin dut jada zenbat dei egin eta idazki bidali ditudan Alokabidera, kontratuaren arabera dagokidana eskatzeko (40 metro karratu, trastelekua eta garajea eta etxea bizitzera sartzeko prest egotea). Etxebizitzaren eta trastelekuaren ikuskaritza eskatu dut. Lau izan ditut eta ez didate txostenik bidali.
Trastelekua ezin da erabili, filtrazio bidezko hezetasunak daudelako. Hori bai, trastelekuen guneko erauzgailua konektatu dute eta hor dagoela ahaztu zaie, ekaia amaieratik orain arte eguneko 24 orduak daramatza funtzionatzen. Nor da faktura horren erantzulea?
Esekilekuaren tokia sasi eta zikintasunez betea dago. Maiatza aldera sasiak kendu zituzten, baina ez zuten tokia garbitu eta desinfektatu. Berriro hazi dira sasiak. Aldaketak proposatu nizkien, baina Alokabidek ez dit erantzunik eman.
Eraikinaren diseinua halakoa dela dio Vivesak, eta ezin dela aldatu. Bitxia da, garrantzi gehiago ematen zaio diseinuari bizilagunen ongizateari baino. Bagoaz aurrerapausoak ematen.
Garbigailuak ez du funtzionatzen. Etxebizitzak urtebete zeraman itxita. Nik neuk konpontzea eta gastuak ordaintzea nahi dute, eurek aldatu behar ez dezaten. Lehen bi hilabeteetan garbigailua erabili ez dudala da aurpegiratzen didate aitzakia.
Maiatza hasieratik espedientea dut irekita Arartekoan eta eguneratzen ari naiz. Eusko Jaurlaritzak momentuz ez ditu Arartekoren eskakizunak erantzun.
Hala ere, gutun bat bidali didate -aurreko astean- nire eskakizunak modu faltsuan ixteko helburuarekin.
Ez dute eskatutako ezer konpondu, kontratua urratzen jarraitzen dute.
Neurriz kanpokoa da kontratua sinatzerakoan kontatzen ez dituzten gastuak. Udako bi hilabeteetan 76 euroko faktura pasatu dute ur beroagatik. Hori gertatzen da hileko 29 euroko gastu finkoa dagoelako, berogailua edo ur beroa erabili ez arren ordainarazten dena. Eta badirudi ura ere garestiagoa dela etxebizitza honetan. 43 euroko komunitate gastua gehitu behar zaio horri.
Nork ordaintzen ditu Laudion 72 euroko komunitate gastuak hileko? Astakeriak aurrera jarraitzen du. Eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duen pertsona bat naiz. Ez da proportzionala. Ez da jasangarria.
Beste toki batean birkokatzea proposatu nien, errenta proportzionala ez dela, gastu gehituak bideragarriak ez direla, kontratua betetzen ez dela eta osasungarritasunik ez dagoela argudiatuta. Sinesgaitza dirudien arren, Alokabide-Eusko Jaurlaritzak esleitu gabeko etxebizitza hutsak ditu, errenta txikiagoarekin. Iragan abendutik hutsik dagoen etxebizitza batera aldatzea proposatu diet.
Zergatik daude esleitu gabeko etxebizitza hutsak, alokairu publikoko etxebizitza falta arazo larria bada? Zer gertatzen da eraikin berrietan nahitaez egon behar den alokairu publikora bideratutako ehuneko hamarrarekin? Noiz jarriko da neurri hori indarrean?
Laguntza, esku-hartze eta gardentasun ezak, kontratua ez betetzeak eta arduragabekeriak ez digute duintasunez bizitzen laguntzen.
Ezer ez dago itxita. Erantzuleek izen-abizenak dituzte eta euren praktikak lotsagarriak dira. Konpondu ditzatela akats eta arazoak.
Pobreziak geroz eta gehiagotan du emakume aurpegia. Ez da kasualitatea, estrukturala da.
Isilduta eta geldi nahi gintuzten, baina ez gara isilik eta geldirik geratuko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!