Ez dira onddoak
Ez dira onddoak ez, faxistak ez dira gau batean bat-batean jaiotzen diren horietakoak, inork babestu eta elikatu behar ditu, inork hauspotu behar du denok barruan, ezkutuan bada ere, daramagun faxista txiki hori.
Beldurra da hauspo lana burutzen duena, akaso beti izan da beldurra; ezezagunari beldurra dela, gure eskubideak galtzeko beldurra dela, ditxosozko izurrite baten beldurra dela. Beti topatu dute modua zapalduok beste zapalduen gainean polizia lana bete dezagun; egoera legeztatu ezin duten etorkinak lunpenetik atera ezinik jarraitu daitezen, klase borrokak onargarria ulertzen diren mugak gaindi ez dezan, polizien bortizkeria gu guztien kontra eraso beharrean gu guztien babesa ulertu dezagun. ..
Eta beti beste inor erantzule. Erantzulea “Lau hanka bai, bi hanka ez” sutsu errepikatzen ez duen arduragabea da; erantzuleak irakasleak dira, helarazten dizkieten jarraibide aldakorrak behar bezala kudeatzen ez dituztenak; gurasoak dira, lanera joan ahal izateko seme-alaba kalentura izanda eskolara bidali behar izan dituztenak; eta bai, epaileak dira, orain ere epaileak badira erantzuleak, gobernuek iradokitako neurriei baldintzarik gabeko babesa ematen ez dietenean behintzat. Non geldituko zen gero “edozein dela ere erabaki judizialak errespetatzen ditugu” hori ….
Agintariak inoiz, egoera okertzen denean kudeatzaile hutsaren paperaren atzean ezkutatu egiten dira eta edozein erantzukizunari uko egiten diote. Artzain txarrak edonon bai, baina politikari profesional onak antza.
Faxista txiki horren hastapena balkoitik nor joan eta nor etorri zelatan zegoen hori izan daiteke, enpresako urte amaierako bazkarira txertatu bako hori gonbidatu ez duena izan daiteke, ziztada txiki bat besterik ez denez txertaketa derrigortu dezaten eskatzen duen hori izan daiteke, kasakristora oporretara bidaiatzeko bere ustezko eskubidea galdu ez dadin, aldez aurretik COVID pasaportea haginetan eutsita daraman hori izan daiteke.
Kontuz, ez dira onddoak, eta azken bi urteetako egoerak indarrez birjaio daitezen baldintzak prestatu ditu.
Iñaki Urkixo
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!