Euskal Herria anti-inperialista berrasmatu
Antolatuta eta herri mugimenduetan gabiltzanok, orokorrean, aho bete hortz geratzen gara albistegiak ikusten ditugunean. Batez ere, gertutik ezagutzen dugun errealitateaz ari direnean. Kostata ulertzen dugu zelan irentsi ahal duen jendeak hain agerikoak diren iruzurrak. Baina errealitateak islatzen digu baietz, herritar gehienek jasotzen dutena zalantzetan jarri gabe barneratzen dutela. Informazio pilaketa honek jarrera politiko zehatz batzuk sortarazten ditu jendartean.
Orain dela gutxi, nire lagun batek, Errekaleorreko nire etxean zegoela, aitortu zidan beldurtzen zuela bere etxea oporretan okupatua izateak. Astakeri bat eman ahal du eta horrela bizi izan nuen nik galdetu zidanean hortaz, baina hotzean eta denboraz mamituta jarrera hori gure ghettoetatik kanpo ohikoena delakoan nago. Okupazioaren kontra abiatu duten ofentsiban denetarik asmatu eta desitxuratu dute, jendearengan okupazioari beldurra sortu arte. Egunerokotasunean pairatzen duten jabetza pribatuaren diktaduraz ohartu beharrean, kolokan jartzen dutenengan jopuntua kokatzen dute.
Okupazioaren adibidea beste aferekin parekatu daiteke. Hauetako askoren muina aski ezaguna da antolatuta gaudenon partetik eta aspaldi garaitu izan ditugu mass-medietan hegemonikoak diren diskurtsoak. Hala ere, zenbait kasuetan, oraindik erresistentziak aurki ditzakegu kolektiboki orokorrean garaitzeko bitartekoak jarri ditugun arren. Adibide argiena niretzat migranteen kriminalizazioa da; hezurretaraino sartu diguten beste sinesmen bat da hau.
Aztertzeko eremua zabalduz gero, hau da, gertuko bizipenetatik munduko gertakariei jauzia ematen badugu, Euskal Herrian, zenbaitetan, noraezean gabiltzala esango nuke. Ez dugu ondo garatuta ezta ondo hedatuta hedabideetatik zabaltzen duten mezu pozoitsuari aurre egin ahal dion diskurtso edota praktika politikorik. Sakabanatuta eta ideologia anitza duten pertsonak barnebiltzen dituzten herri eragiletan ez dugu, gehienetan, gure sektoretatik kanpo geratzen diren problematikaz jarduten. Agian gure kolektiboaren eginkizunarekin loturarik ez diogulako ikusten; edota hausnartzeko gaitasuna, informazioa edota daturik ez dugulako… Dena delakoa, ukitzen ez omen gaituen horren aurrean ondo kokatuta ez egoteak gure etsaiaren koordenadetan jarri ahal gaituela jakin beharra dugu.
Zentsu honetan, urrunago geratzen zaizkigun gaiak aztertzeko eta izan beharko genukeen jardueraz berba egiteko, Otsailaren 23an, Errekaleor Bizirik-ek eta Askapena-k antolatutako solasaldia. Egun honetarako hurrengo galdera luzatu digute: Zergatik eta nola izan antiinperialista Euskal Herrian. Erantzunari hasiera emateko, aurkezpenik behar ez duen Iñaki Gil de San Vicente gonbidatu dute. 18:00tan hasiko da Iñakiren hitz hartzea, baina ostean, bildutakoen artean solastea da helburua. Aukera paregabea pil-pilean dagoen mundu honen gaineko argazki bat egiteko. Ezinbestekoa dagokigun tokitik antolatzeko, koordinatzeko eta berriz ere Euskal Herria antiinperialista eraikitzeko. OTAN-i ezetz esan zion herriaren memoria astintzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!