“Eskerrik asko” -Irantzu Lekue-
Hasi gara ikasturtearekin. Kultura bor bor dabil berriz egunotan. Proiektu berriak, martxan jartzen ditugun ideia eta ilusioak…
Eta bide honetan Gasteizko herri mugimenduko eragile nabarmenak diren Hala Bedi, Errekaleor, Gasteizko Gaztetxea eta Auzolana pilotalekuak euren urteurrenak elkarrekin ospatu behar zituzten noiz eta urriaren 6an. Euren indarrak batuz OkupaTU Gasteiz dinamika abiatzear zirenean aldiz… udalaren debekua iritsi da.
Azpimarratzekoak hainbat dira, adibidez, urtarriletik ari zirela kolektibo hauetako kideek eguna gordetzeko deia luzatzen. Martxoan eguna iragartzeko kalean zeudela edo apirilean baimen guztiak eskatuta zituztela. Zentzu horretan, Gasteizeko kolektibo ezberdinen parte hartzea bilatu eta lortu dutela nabarmentzekoa da kultura bultzatzeko asmoz sortu duten egitarau bat osatuz.
Egitaraua aurkeztu eta ordu gutxira, aldiz, Udalaren deia: baimenak atzera bota zituzten.
Tristea. Tristea 2005ean Alonsok ez zuelako Gaztetxe Eguna debekatu; 2008an Lazcozek ez zuelako Piztu Gasteiz Eguna debekatu; 2015ean Marotok ez zuelako Gora Gasteiz Eguna debekatu. Eta 2018 urteko ikasturte hasiera… debeku, arazo eta gaizkiulertzeekin hasi dugulakko. Antzeko formatua du okupaTU Gasteiz Egunak, zergatik ez ditu ba baimenak lortu?
Urriaren 6an kalean egongo gara. 300 norbanako, eragile, elkarte eta, azken batez, gasteiztarrok gure babesa adierazi diegu lau kolektibo hauei eta urriaren 6an, goizeko 12:30etan… kalean egongo gara.
Gure hiriaren nortasuna kalean eraikitzen dugulako.
Eskerrik asko Auzolana, Hala Bedi, Erreka eta Gasteizko Gaztetxeari hiriari horren kutsu berezia emateagatik.
Irantzu Lekue
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!