“Eraldaketa” -Irantzu Lekue-
Handia da, zoritxarrez, kulturaren eta publikoaren artean dagoen aldea. Bata
bestearengandik urrun daude, XXI. mendean, mende honek eskaintzen dituen tresna eta
baliabideekin, zer egin daiteke alde hori txikitzeko? Kulturgileak eta publikoak gerturatzeko?
Sorkuntzari, sorkuntza-faseari, gehiago erreparatzeko? Eta euskal kulturatik, zer egin
daiteke, zer dago egiteko, sortzaileon lana publikoari gerturatzeko? Zein dira publikoak? Eta
publiko horiek zabaltzeko? Pertsona gehiago erakartzeko? Kultura eraldatzailea izateko?
Sare berriak sortzeko? Hirizentrismoetatik ihes egiteko? Mendebaldeko herrialdeetan kultura
eragile izateko? Ereduen faltari aurre egiteko? Baina… zer da kulturgilea izatea gaur egun
Euskal Herrian? Uste dut Durangoko Azokak, urtez urte, ekarpen interesgarriak egiten
dituela bide honetan baina uste dut ere kultur politiketan asko dagoela oraindik egiteko.
Horregatik Araban sortu dugun proiektu bati buruz hitz egin nahi dizuet. Araban sortua eta
emakumeak dituena protagonista.
Eraldaketa: SortzaileON afera proiektuak sormenari erreparatzen dio, baina bereziki
sorkuntza-prozesuari, euskal kultura duela hizpide. Sortzaileen prozesuari erreparatzen dio,
bai, baina gazte eta emakumezkoen ikuspegitik. Kultura garaikideaz ari da, garaiko
belaunaldiekin.
Hori dela eta, proiektua jaio da ohiko sekuentzia iraultzeko apustutik. Kulturaren berezko
balioak aldarrikatzen ditu, besteak beste eskuragarritasuna, aniztasuna, kohesioa,
nortasuna, sormena, memoria, gaztetasuna, askatasuna, jakintza eta jarrera kritikoa, baina
hau guztia sorkuntza-prozesuari erreparatuta egitea proposatzen du, kultur produktuaren
garapena bigarren fase batean utzita. Normalean, bai sormenean, bai enpresa-munduan…
produktu bukatuak hobesten dira. Bukatuta dagoena aurkezten da, eta hori bakarrik eskaini
ohi zaio “kontsumitzaile” edo kultur erabiltzaileari. Logika horren menpe, sorkuntza-prozesua
artistarena baino ez da, eta, halabeharrez, pribatua bilakatzen da. Ondorioz, uste da
produktua bukatuta egon ezean ezin dela aurkeztu… baina, hala da? Zergatik ez dugu
publikoa prozesuaren parte bilakatzen? Zergatik ez esperimentazio horretako eragile
bihurtu?
Horregatik, “Eraldaketa: SortzaileON afera”-ren helburua da prozesu hori erdigunean
jartzea, prozesua, bidea, komunitatean egiteko / eragiteko aukera eskaintzeko. Prozesua
artistei ez ezik, interesa duen orori ere gerturatzeko, artearekiko eta kultur
sorkuntza-prozesuekiko interesa pizteko eredu berriak, erreferente berriak, proposatzen
diren bitartean. Dena birtestuinguratu, birkontzeptualizatu, berregituratu, birlokalizatzeko.
Kultura jorratzeko ikuspuntuak alderdi anitzekoa izan behar duen garai honetan -hezkuntza,
ingurumen, alor ekonomiko eta sozialen gaineko garapen- eta eragin-faktorea delako, eta
norbanako kritikoak horrela sortzen direlako-, xedea da alderdi anitzeko ekimenerako jauzia
egitea, gazteria, emakumea eta garaikidetasuna, Araba oinarri bideo-arte esperimentalera
bidean.
Prozesu honen emaitzak, ibilbidea eta ekimen berezia ikusi nahi dituztenek, Amurrion dute
hitzordua, La Casona eraikinean, Abenduaren 13an, arratsaldeko 19:00etan.
Gonbidatuak zaudete!
Irantzu Lekue
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!