Emakume pentsiodunok ez gara ezer egin gabe geratuko
Hala da. 2021eko Abenduan pentsioen erreforma onartu da Madrilen. Erreforma hau iruzur handia izan da, besteak beste, pentsiodunen erosteko ahalmena gutxienez % 3 galtzea dakarkigulako.
Emakume pentsiodunoi erosteko ahalmena galtzeak ondorio larriak dakarzkigu genero-arrakalatik abiatzen garelako. Genero-arrakala gizonek eta emakumeek soldatetan eta pentsioetan kobratutako batez besteko zenbatekoaren arteko aldea da.
Soldatetan, arrakala hori oraindik ere badago lan-merkatuan. Merkatu horretan inoiz baino emakume gehiago egon arren, inoiz baino prestatuago dauden arren eta inoiz baino argiago duten arren autonomia ekonomikoaren beharra, soldatetan arrakala hori badago oraindik. EAEn % 23koa da, eta 2015etik 1,7 puntu baino ez da murriztu.
Aipatutako Genero-arrakala sakonagoa da pentsioetan. Pentsio-mota guztiak kontuan hartuta, EAEn emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino % 37 txikiagoa da .
Ez da lan egin ez duten emakumeek, alderantziz, lan egin dutelako….. eta asko.
Askotan lan egin dute lanaldi bikoitzekin, etxean eta etxetik kanpo. Lanpostu prekarioen eta soldata baxuen zati handi bat emakumeek betetzen dituzte. Aldi baterako kontratuak gehiago eman dira emakumeen artean. Ekonomia informalean edo ezkutuko ekonomian gehien lan egiten dutenak dira. Feminizatutako lanak (adibidez, garbiketa edo adinekoen zaintza) gutxien baloratzen eta ordaintzen direnak dira. Emakumeek beren ibilbide profesionala eten behar izan dute, edo eszedentziak eta zaintza-lanetan aritzeko baimena eskatu. Horrek guztiak zuzenean eragiten dio kotizazio-denborari, eta, beraz, murriztu egin du gaur kobratzen duten pentsioa.
Horregatik, emakume pentsiodunek gizonek baino arrisku handiagoa dute pobrezian egoteko. Euskal Herrian emakume askok zailtasunak dute hil amaierara heltzeko. 63.000 alargun 1.080 €-tik behera daude. Egoera hori Madrilen, EAEko eta Nafarroako gobernuek ezagutu ezagutzen dute, Baina zinikoki onartzen dituzten lan eta pentsio erreformek berdintasunaren helburua atzeratzen jarraitzen dute.
Beraz, emakumeoi mobilizaziorako bidea baino ez zaigu geratzen, pentsioetan eta soldatetan dagoen genero-arrakala gainditzeko egiturazko neurriak exijitzeko.
Onartu berri den pentsio-erreformak ez digu erantzunik ematen 1080 €-ko gutxieneko pentsioaren aldarrikapenari. Lan-erreformak ere ez du konpontzen soldata-arrakalaren arazoa. Horregatik, garrantzitsua da emakumeok astelehenero pentsio duinen alde egiten diren mobilizazioetan parte hartzea, baita ere martxoaren 8ko mobilizazioetan egotea gure leloekin. Egoera guztiz bidegabe horren aurrean ezin gara ezer egin gabe gelditzen.
Emakumeak elkarrekin, indartsuagoak gara baina, antolatuak, geldiezinak.
Ana Tere Díaz
Hemen entzungai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!