“Desobedientziarik gabe ez dago independentziarik” -Eleak/Libre dinamika-
Estatu espainolaren izaera totalitarioa eta eraso errepresiboaren neurrigabetasuna argi geratu dira Catalunyan. Azken hilabeteotan muga politiko, juridiko eta polizial guztiak gainditu dituen eraso errepresiboak Catalunyako eta bertako herritarren eskubide zibil eta politiko guztiak bortxatu ditu. Benetako “Salbuespen Egoera” da bertan bizi dutena. “Sitio Egoera” izango al da Urriaren 1ekoa eta ondorengoa?
Tamalez, Catalunyan gertatzen ari denak Euskal Herrian Aznarren Gobernuak bideratu zuen ilegalizazioen hamarkada politikoaren gero eta antza handiagoa du. Noraino joko duen Gobernu espainolak Catalunyan? Ez dakigu, baina Euskal Herrian noraino jo zuen gogoratu nahi dugu: jendartearen zati handi baten eskubide zibil eta politikoak suntsitu zituen, ezker abertzalea eta beraien ustez “mundu” horretako eragile sozialak, komunikabideak, indar politiko zein gazte erakundeak ilegalizatu zituen hamarkada batez. Ezker Abertzalearen instituzioetatik bota zuen bertako ordezkaritza politiko instituzionala bere mesederako trukatuz Udal, Foru Aldundi eta Legebiltzar autonomikoetan… Patxi Lopez gogoan.
Baina Madrilgo Gobernuak Catalunyan bideratzen diharduen errepresio bortitz horren aurrean, eredugarria da katalan herritarrek, bertako eragile sozialek, politikoek zein instituzionalek ematen duten eta ematen ari diren erantzun irmoa: eskubide zibil eta politikoen defentsan, batasuna, mobilizazioa, irudimena eta desobedientzia. Hamarkada batean erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren aldeko lehen udal erabakiak hartu zituztenik honaino etorri dira, konfrontazioari eta desobedientzia bideari eutsi diotelako. Hori da Ibarretxe Plana Madrilek ukatu ondoren EAEn lortu ez zena.
Ikusten ari garen guztiaren argitan, pentsatzekoa da Euskal Herrian ere garatu nahi dugun askapen nazional eta sozialerako prozesua indartzen dugun heinean Estatuaren aldetik errepresioa gogortuko dela. Horregatik, gure eskubide zibil eta politikoen defentsa eta praktika soziopolitikoa indartu eta artikulatu behar dugu, hori izango baita herri, klase eta pertsona gisa libre bizitzeko izango dugun aukera bakarra. Bide horretan, umiltasun osoz, Catalunyatik badugu zer ikasi. Eta horretan ari gara.
Estatuak baino txikiagoak eta ahulagoak izanik, azkarragoak izan behar dugu. Horretarako, lehenik eta behin, beraiek jartzen diguten barrikada errepresiboaren aurka betiko moduan aritu beharrean –hor eduki nahi gaituzte–, Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeaz gain, hauek martxan jartzeko praktika eraikitzaileak garatu behar ditugu gaurdanik. Dinamika hori, esparru guztietan, herritarrekin garatu behar dugu, baita desobedientzia bidea ere landuz, ez baitugu beste aukerarik izango. Gurea eraikiz, beraiena desegin behar dugu. Hori da bizi dugun askatasun falta eta errepresioa modu eraikitzailean gainditzeko biderik eraginkorrena. Hori da Eleak-Libre Dinamikarekin lortu nahi duguna.
Jendarte librea eraikitzeko eskubide zibil eta politikoen defentsan, forma eta bide berriak asmatu eta martxan jarri behar ditugu. Eskubideak aldarrikatzetik, egikaritzera pasa behar dugu, eskubide horiek praktikan bideratuz. Lurralde aske funtzionalak eta territorialak sortu behar ditugu, euskararen arnasguneak martxan jarri behar ditugu, proiektu komunitarioak bideratu, egitasmo eraldatzaileak eta feministak garatu, inposatu dizkiguten mota guztietako ohitura neoliberalak baztertu konpromisoetan oinarrituriko jarrera desobedienteen bidez, konfrontazio politikoa garatu behar dugu, praktika politikoan irekiak izan, dinamika parte hartzaileak beldurrik gabe bultzatu, autogestioa kudeaketa modura aldarrikatu, parekidetasuna bermatu, ilusioa pizten eta komunikatzen jakin, zirrarak transmititu. Bi hitzetan esanda, epika berria eraiki behar dugu.
Bide horretan lehenagotik ere urratsak egin genituen, Eleak-Libre Dinamika laranja zabalduz eta bultzatuz. Garai hartakoa da oraindik gaurkotasun osoa duen Erraminta Kutxa izeneko tresna operatiboa. Elkartasunetik Konpromisora lema zuen proposamen politiko eta praktiko haren ondorio ezagunenak izan ziren auzipetuen defentsan antolatutako AskeGuneak eta zortzi Herri Harresiak. Hor daude ere auzipetuekin batera eginiko agerraldiak, eginiko mahai inguruak, eskainitako hitzaldiak, Donostian lau urtez antolatutako Libre Topaketak, hiriburuetan eginiko Mozal Legearen aurkako mobilizazioak, paperezko zein sareko borroka ideologikorako materialak, AKABeko abokatuekin osaturiko babes juridikorako sarea, beste eragileekin argitaratutako Errepresioaren Aurkako Gida, iritzi artikuluak eta baita mikro desobedientzia ariketak edota ekintza zuzenak ere. Hor daude, azkenik, Gasteiz eta Iruñeko Legebiltzarretan eta zenbait Udaletan bideraturiko ekimen instituzionalak. Hori da Eleak-Libre Dinamikan sakondu nahi dugun bidea.
Eta lan horretan, Catalunyak argi erakutsi digu eskubide zibil eta politikoen defentsa bide praktiko eta desobedienteetatik nola garatu behar dugun. Egokitu eta presta dezagun geure bidea, indartu dezagun herriz herri eta nazional mailan Eleak-Libre Dinamika. Gure egitasmoaren bideragarritasuna da jokoan dagoena.
Bitartean, Eleak-Libre Dinamikak jakinarazi nahi du bat egiten duela Catalunyako herriaren eskubide zibil eta politikoen defentsan Urriaren 1a aurretik, eta bereziki irailaren 28an, Euskal Herrian eragile sozial, sindikal eta politikoek antolatuko dituzten mobilizazio ezberdinekin eta Eleak-Libre Dinamikak ere bere ekarpena egingo duela iragartzen du.
Eleak/Libre dinamika
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!