Covid Ziurtagiria… txoratu al gara, ala?
Dakizuenez, EAEko Auzitegi Nagusiak ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak eskatu zion Euskal Autonomia Erkidegoan Covid ziurtagiria ezartzeko baimena… eta Zapateneon poztu egin gara, ez epaileengan ezta hauek justizia administratzeko moduan ere sinesten dugulako (jakin badakizue estamentu judizialari buruzko gure iritzia zein den, zeina salbuespen gutxi batzuk izan ezik –ba al dago salbuespenik?- botere politikoaren menpe dagoela beti), baizik eta hiritarren kontrolean beste buelta bat gehiago ematea iruditzen zaigulako, eta beste estrategia bat, gu zatituta mantentzeko, elkarren aurka jo dezagun, eta gure benetako etsaiaren aurka borrokatzeko bat egitea oztopatzeko. Edo uste al duzu, akaso, “aita estatuari” gure osasuna benetan interesatzen zaiola? Erosi dituzten txerto guztiak jarri behar dituzte… oso gaizki geratuko litzateke Afrikako zabortegietan bukatzea, munduko leku askotara iritsi ere ez direnean, non ezin izan dieten ezta herritarren %10-ri ere txertoa jarri. Ez dugu gogoratzen, akaso, duela 10 bat urte A gripearen aurkako erositako milioika txertoekin gertatu zena? Badakizue Afrika gure mundu “zibilizatuaren” zabortegia dela. Gure zikinkeria guztia desagertarazteko erabiltzen dugun alfonbra…
Nolanahi ere, Zapateneon banakako aukera guztiak errespetatzen ditugu, eta ez diogu inori galdetuko txertoa jarrita duen edo ez, eta ez diogu inori ziurtagiririk eskatuko. Pertsona bakoitzaren erabakitzeko askatasuna erabat errespetatzen dugu… eta horren alde borrokatzen dugu! Gainera, gure ustez Covid Ziurtagiria eraginkorra ez izateaz gain, oso aurrekari arriskutsua bihurtu daiteke. Horrelako neurriak norentzat izan daitezke onak? Txertatutako jendearentzat, akaso? Edo gobernuarentzat, agian? Ezin dugu onartu pandemiaren aitzakiapean oinarrizko askatasunak urratzea.
Egun mundu osoan neurri honen kontrako milaka eta milakako pertsonen protestak eta iskanbilak astero daudela entzuten ari gara. Gero eta protesta gehiago, gero eta jende gehiago. Pertsona horiek guztiak “negazionistak”, “fatxak” edo “naziak” direla esanez konpontzen dugu arazo hau?
Pandemiak eragindako kaos egoera honi jarritako hiru bertsoekin amaitzea gustatuko litzaidake…
Neurria: Hamarreko handia / Doinua: “Mutil koxkor bat itsuaurreko”
Hona hemen:
Txoratu gara, hau bai pandemia bene-benetan larria,
dena onartzeko prest gaude itsu, berdin dio zer neurria.
Orain inposatu nahi digute Covid Ziurtagiria;
herritarrok banatuko gaitu: hemen ona, hor paria…
Uste al duzue horrela hilko dugula birus bihurria? (Bis)
Neurri hauek ezartzen dira kontrolatzeko herritarra
ta ondo dakite gu zatituta ez dugu nahiko indarra.
Gure osasuna izango balitz beraien betebeharra,
ez lukete ez desberdinduko euskaldun edo afrikarra,
baina negozioa dute helburu eta hor bai Hego ta Iparra. (Bis)
“Negazionistak, agian fatxak, ados ez daudenak dira”,
hori esanez hondatzen dute debatearen desira.
Baina hitz egin behar dugu gaiaz, jo behar dugu harira,
lasaitasunez, haserre gabe, alde guztiak begira,
eta hatzamarra ez begiratu, baizik eta ilargira!
Bestela denok joango baikara zuzenean hilobira…
Mikel Lacalle (Zapateneo)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!