Burokrata “jatorrak”
Oso ohikoa da egoera hori suertatzea. Maiz topa ditzakegu ezagutzen ditugun pertsonak aldarte horretan. Hamarkadak, mendeak zeharkatzen dituen kontraesanean harrapatuta edo, hobeto esanda, kontraesana gaindituta, erosotasunez. Eraldaketa vs. kudeaketa kontraesana, hain zuzen ere.
Demokrazia burgesaren instituzioetan parte hartu ala ez, ezkerra iraultzailearen eztabaida izan da ia bi mendeetan zehar, eta toki eta testuinguru batzuetan eztabaida izaten jarraitzen du. Baina ez da testu honen asmoa gai arantzatsu horri ekitea, baizik eta politikarekin hainbeste identifikatzen ez diren instituzioetatik at omen dauden beste instituzio eta guneei buruz aritzea. Nork ez du ezagutzen inguruan, bereziki lanean, ezkertiarra eta kritikotzat hartzen dugun pertsona horietako bat egun batean kargu edo postu baterako izendatua dena? Hezkuntza-zentroan, unibertsitatean, administrazioko beste gune batean… “Jatorra” terminoarekin definitzen ditugu askotan halako pertsonak. Gure lankideak, gure lagunak, gure ezagunak, gure kideak ekimen sozial edo politikoren batean… Mundua, jendartea, edo, erabateko apaltasunetik, inguratzen dituen errealitatearen alderdi txikiren bat aldatu nahi dutenak. Ezkertiartzat definitzen dute beren burua gehienetan, aurrerakoiak, kritikoak, errebeldeak… Statu quo-a eta boterearen bidegabekeriak salatzeko kritiketan kointziditzen dugu haiekin, eta hainbat iniziatiba eraldatzaileetan parte hartu dute eta, kasu batzuetan, bultzatu dituzte ere. Lanean aritzen diren egituren antolamendua, prozedurak, bertikaltasuna eta burokrazia kritikatzen dute maiz, eta funtzionatzeko beste moduen alde adierazten dira.
Baina, egun batean, ikuspegi oso kritikoarekin nabaritzen zuten egitura horren parte izateko aukera daukate, goitik proposatuta edo izendatuta, edo lankideek aukeratuta. Aire berriekin heltzen ohi dira kargura, freskotasunarekin, gogoarekin gauzak beste era batean egiteko. Jakina, badakite zaila izango dela. Badakite sistemaren egiturak zurrunak direla, baita inguruko langileen inertziak oso sakonak ere, goikoenak zein behekoenak. Badaude kasuak non, sistemak ezarritako mugak kontuan izanda, hasierako asmoak eta kemena mantentzen diren, eta aurrerapenak dauden. Ez nahikoak, jakina!, baina goraipatzeko aurrerapenak. Baina, beste kasu askotan, gauzak aldatzeko grina hura, eraldatzeko adore hura diluitzen da. Denbora txikian, gainera. Errealitatea diren baina, aldi berean, aitzakia nagusia diren araudien artean… Nahi dut, egingo nuke, baina… Karguarekiko ardura ulertzeko modua, goiko arduradunen aurrean fideltasuna eta otzantasuna, erakundearen eta egituren inertziak, kudeaketaren milaka atazak, goragoko kargu batera heltzeko gogoa… alderdi hauetako batzuek edo guztiek bultzatuta, gure lankide, laguna, borroka-kide ohia sistemaren makineriaren beste pieza bat bihurtu da. Bulego handiaren berotasunak eta soldataren osagarriak eramangarriago egiten dute kontraesana. Hasiera batean sortzen zuen ezinegona ere denborarekin diluitzen da, eraldatzeko gaitasuna eta sua guztiz amatatuta. Jatorra zen, eta jatorra izaten jarraituko du, ziurrenez, baina burokrata bilakatuta, “jatortasuna” boterearekiko leialtasunak mugatuta. Eraldaketa vs. kudeaketa lehia horretan, bigarrena ateratzen da garaile gehienetan.
Nork ez ditu halakoak ezagutzen? Pertsonak denborarekin, adinarekin, aldatzen gara. Batzuek, zuzendaritza edota kudeaketa karguetara helduta, are azkarrago.
Gune horiek sistemaren defendatzaileen esku uztea ez da irtenbidea, argi dago, baina eserleku horiek okupatzearen arriskuz kontziente izateko beharra dago. Kudeaketa/eraldaketa dikotomiaren inguruko hausnarketa piztuta mantendu behar da. Ezin da itzali. Erre behar du. Eta tentsio militantea baino ez dago su eraldatzailea mantentzeko. Baita atzera begiratzea ere: zein puntutan, zein momentutan, ni, hain jator, hain ezkertiar, hain eraldatzaile… bihurtu nintzen burokrata hutsa?
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!