Bitartean? Bitartean egon
Ikasle garaian irailera abonatuta geundenoi ez omen gaitu larritzen denbora mugaren gainean lan bat amaitu behar izatea, ala lan hori behar beste findua eraman ez izatea egun gutxi batzuen faltan. Ez naiz ni izango, orain alaba ikasle dudana, horren apologia egingo duena; baina egia da denbora agortzearen aurrean ez larritzeko eta egin beharra garaiz ateratzeko trebezia berezia sortzen dizula horrek.
Azkenik konturatu gara energiaren kontuan denbora agortzen ari zaigula, irailera gaude konbokatuta gu guztiok materia honekin eta asko dugu ikasteko udan zehar. Badago baina gure artean iraileko gure subkultura honetara ohituta ez dagoena eta orain arte erakutsi ez duen presa eta larritasuna bat-batean ekarri diguna.
Edozein sasi-irtenbide onartzeko prest daude horiek pentsatuta arazoa eta lotsa kenduko dutela gainetik. Garatu ez duten gai baten inguruko erantzun estrukturatuaren faltaren arazoa eta orain arteko etxerako lanak egin ez izatearen lotsa.
Ze badakizue, onartzea mina sortzen badigu ere; irailekook ez gaude hor kasualitatez, ikasturte osoan zehar gure jarduna kaxkarraren ondorioz goaz irailera.
Kasu honetan jarduna kaxkarra bere garaian elikaduraren inguruan eztabaidatu ez izatea da, eta gure iraileko azterketan bi galdera hauek jauziko dira bai ala bai, etorkizunean nondik etorriko zaigun elikagaia eta zein kalitatekoa izango den eta etorkizun hurbilean non ekoiztuko den beharko dugun energia.
Gure jarduna kaxkarra energia trantsiziorako zuzendaritza sortzea elikadura burujabetzarako dinamika hiltzen utzi dugun bitartean da.
Beraz, bitartean egon, hausnartu eta erabakiak elementu guztiak aintzat hartuta burutu. Bitartean atzeratutako etxerako lanak amaitu, eta bueltarik ez duten proiektuak ez bultzatu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!