Baserri bizitza
Koldo Alijostesek duela gutxi argitaratu du liburu bat, “Bizitzak” izenekoa. Bertan familiaren historia kontatzen digu, eta primerako testigantza da Euskal Herriko bizimoduak ezagutzeko eta lekuko herritarren ahotik azken mende honetako historia jasotzeko. Aitonaren kontuak aipatzean, adibidez, kontatzen du nola, seme nagusia ezkontzean, besteek baserritik alde egin behar izan zuten, gaztetxoak oraindik. Liburuak azaltzen du Leitza aldeko baserrietan sakabanatu zirela, etxeetako morroi lanean. Etxe batzuetan ez ziren gaizki egon, baina beste baserrietan giroa ez zen batere goxoa “kanpoko” morroi zenarentzat: umiliazioak, zigorrak, bizimodu latza… denetarik pairatu dute askok. Izan ere, liburuan Alijostesek dakarrena, morroi figura hori, ohikoa izan da gure gizarte tradizionalean.
Aurreko egunean etorri zitzaidan hori burura lagun batekin hizketan nengoela. Hiritik alde egiteko gogoa aipatzen zidan: baserrietan mundu tradizionalaren baloreak gordetzen direla, auzokoekin gertuago zaudela, auzolana, elkartasuna eta abar. Ez nion ezer esan. Berak jakingo du zer egin. Baina seguru nago baserri giroan espero ez duen gauza askorekin egingo duela topo, ez guztiak txarrak, baina baten bat bai. Izan ere, mundu tradizionalaren idealizazio hori (gizarte solidarioa, naturarekin lotua, euskalduna…) ikuspegi oso zatikakoa da, egiazko koadroa osatzeko alde ilun batzuk falta zaizkio.
Gurasoak ez bezala, ni kalekume peto-petoa naiz, baina herrietako kontu ugari ezagutzen ditut, entzun eta irakurri ditut istorioak (ez gutxi), eta ez litzaidake burutik pasatuko herri “jatorren” bizimodu “zoragarria” besterik gabe gorestea. Ez dut esango hiria baino okerragoak direla herriak; leku bakoitzak ditu bere gauzak, batzuk onak, batzuk txarrak eta beste asko baldintzen araberakoak. Baina, edozein kasutan, baserriaren mundu tradizionala ez da, egiatan, paradisutik gertu-gertu dagoen zerbait.
Josean Bueno Saez de Albeniz, HALA BEDI, 2021-01-25
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!