Arropa eta genero araua
Ikastetxera gona jantzita joatea erabaki zuen Mikelek. Urriaren 27a zen. Horretarako gogoa zuela adierazi zuen, eta, beraz, nahi hori bete zuela; “besterik gabe”. Hala ere, eskolara iritsi orduko iseka egin zioten ikaskideek 15 urteko bilbotarrari. Irakasleek ere janzkera gaitzetsi, eta psikologoarena bidali zuen horietako batek: “Han etengabe galdetu zidaten ea emakume sentitzen ote nintzen. Esan diet ez diodala generorik jartzen neure buruari, baina, zerbait izatekotan, mutila naizela”. Areago, ikaskide emakume batzuek ere gona zeramaten jantzita, baina, soilik Mikeli aholkatu zioten hura kentzeko, ea hotzik ez zuen nabarmenduta. BERRIA (2020/11/12)
Aste honetan esnatu gara Mikelen albistearekin. Baina egoera zehatz horren gainetik, gure bizitzak bustitzen dituen gizarte-esparru handi bat dago.
Arau-esparru soziokultural binarista baten pean bizi gara. Esparru horrek ezarritako sexu- eta genero-kategorien arabera sailkatzen ditu pertsonak, eta etiketen banaketa hutsetik askoz haratago doaz.
Gure kultura patriarkalak “gizonak” eta “emakumeak” kategorietan banatzen ditu pertsonak, jaiotzean esleitutako sexu baten arabera. Esleipen horren ondorioz, generoa esleitzen da, eta, horrekin, portaera soziokultural zehatz bat bizitza osoan zehar pertsonarekin joango dena. Hala, “Gizonek” eta “emakumeek” oso ondo araututa dituzte beren ikaskuntzan eta bizitzan esparru horretan sartzeko jarraitu behar dituzten kanonak.
Horren alderdirik maltzurrena da kanon batzuk finkatzea lortu duela, gure jendartean nola egoteko, nola elkarreragiteko, nola garatzeko eta nola erakusteko. Jarraibidea oso artifiziala da, eta errealitateak beti arau-behartsu horiei ihes egiten du. Gainerakoei erakusten diegun modua ez da aukera librea, baizik eta sexuaren eta generoaren normalizazioak baldintzatzen du. Bere institutuan Mikeli gertatutakoak argi eta garbi erakusten du nola agertzen diren indarkeria horiek gizarte-araua betetzen ez denean.
Arauak ezartzen duen genero-adierazpenaren horma zurrunak hautsi behar ditugu. Gure irudimenetik baztertu behar dugu arropa generoa aldarrikatzen duela. Ez dago identitate bakar bat, ez eta identitate bat baino gehiago ere. Norberak bere nortasuna du. Arazoa ez dago genero-estereotipoak hausten dituzten pertsonengan. Arazoa gizarte patriarkalean dago, eta gure helburua araua suntsitzea da.
Jon Ruiz de Infante (Lumagorri)
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!