Álava como Navarra
Duela egun batzuk berreskuratu nuen aspaldi etxetik atera behar izan nuen kartel eta pegatina bilduma oso bat. Frankismoaren azken garaietatik frankismoaren osteko 2010. urte arte aitak eta biok jasotako paskin, pegatina eta kartel ezberdinak. Bertan herri honen aldarrikapen nagusiak ageri ziren: Amnistia, Lemoiz, Langile Borrokak, Nazio Askapena… Baita herri honetan egon diren erakunde eta eragile inportanteenak ere.
Bilduma hori, Euskal Herriko militantzia politikoaren aurkako sarekada handien garaian etxetik atera behar izan genuen, beste gauza askorekin batera, segada horietako batetan etxera etor zitezkeenaren beldur. Zorionez ez zen gertatu, baina hala ere denboran luzatu zen kartel horiek berriz begiratzeko tartea.
Atzo bilduma hori, bilduma horiek hobeki esanda, artxibo historiko batetara hurbildu genituen, han hobeto egongo direlakoan. Argi baitugu, gure herriaren memoriarako interesgarriak izan zitezkeen gauza asko zeudela bertan eta horiek herritar, eta bereziki, gure herrian sortzen ari diren belaunaldi berrientzat eskuragarri egon behar direla.
Kartel horiek entregatu bitartean, azken begirada bat emateko aukera izan nuen. Tartean, Ezker Abertzaleak 2000. hamarkadan egindako hainbat mobilizazio eta kanpainenak, arabar izatearen harrotasuna eta gure herrialdearen arazo eta irtenbide propioak aldarrikatuz.
Nago, hainbeste urte pasa eta gero, arabarrok jarraitzen dugula halako lanen beharrean. Oraindik ere zazpigarren alabaren paperean galdurik gaude munduan, gure Euskal Herrian aintzat hartu ezinik. Gure nazio egiturek, eragile eta alderdiek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote lurraldetasunari eta nik neuk adostasun osoa dut gaiarekiko. Kuota sistemak ezartzen dira, gure herriaren zabaltasuna jasotzeko. Baina, iruditzen zait, halako lanak hartzen direla herrialde eta egoera batzuentzat. Bidean, ordea, beste herrialde batzuk bazterrean utzita, eta beti, nola ez, gure Euskal Erdiaren mesedetan.
Eta nago, ez zaigula gaizki etorriko herrialde txiki honetako biztanleei, harrotasunez aldarrikatzea: Ni banax Arabacoa!
Oier Azkarraga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!