Nor dugun guarda (III): Beñat Sarasola
2012-05-06ko saioa. Entzun hemen
http://celosamentegordea.tumblr.com/
Beñat Sarasola 1984an sortu zen Donostian.
Jo du eguzkiak geroztik. Eta denbora ere joan da. Denborak, joaten denean, oroimena uzten digu, kontsolagarri. Horrela sortzen dira denbora-zatiz osatuta daudelako itxura ematen duten zera horiek: oroitzapenak.
Oroitzapenak gure zaindari dira, gure guarda. Lagun izateko balio dezakete, konpainia egiteko, edo baita ataka estu batetik ateratzeko ere. Gidari bezala jardun dezakete, edo engainatu egin gaitzakete. Oroitzapenak ez dira soka bat: soka zatiak dira. Hautsitako hari zatiak.
Hona hemen, leku eta denbora koordenada zehatzez, Beñat Sarasolaren hari zati batzuk. Bera zaintzen duten soka-txatal hautsiak. Celosamente gordean, Beñat Sarasola dugu guarda.
I)
Txofre plaza, Donostia, 1985.
Jakin badakigu ongi, zeinen apetatsua den memoria, edo hobeki esatearren, zeinen azal gogorrekoa gure borondatea; hainbeste ze ez baitu errepararorik balizko oroitzapenak asmatu, faltsutu edo handizkatzeko. Adibideak, mordo bat. Jakina, 1985ko urtarrileko Donostiako elurte sonatuaren oroitzapen zuzenik nekez izan dezaket, zazpi hilabeteko ninia baino ez bainintzen orduan, baina denboraren poderioz nire oroimenak irudiak eraiki dituela ematen du. Duela minutu eskas bizi izan banu bezala ikusten baitut Txofre Plaza elurtu hura nire gelako leihotik; plaza gorria zuri-zuri, teilatu grisak bezalatsu, eta zerua halako kolore ilun trinko batekin. Zuhaitz nabarrak ere zuri, tarteka beren zamaren kariaz adarretatik erortzen ziren elur mordoekin. Aita etxean, zenbait egunez lanera joan ezinik, eta neroni ez dakit zenbat arropatan bilduta, artilezko txano beroa eta guzti.
Duela denbora gutxi txikitako argazki bilduma bat ikusten ari nintzela ohartu nintzen nondik zetozen oroitzapen horiek guztiak. Gomuta bakoitza argazki bati zegokion-eta. Han azaltzen nintzen argazki batean arropa horiekin guztiekin, beste batean leihotikako ikusmira elurtua. Ez dago memoria baino gauza gezurtiagorik, eta akaso horrek salbatzen gaitu, salbatzen gaitu gutxi hori, ez baitut imajinatu ere egin nahi zer ginatekeen gure memoria guztiz egiati eta zehatza balitz. Borgesen ipuin hartako Funes hura bezalaxe, gureak egingo zukeen. Oraindik gehiago.
II)
Balnearioa, Panticosa, 1989.
Lehenengo oroitzapenak, ustez benetazkoak, ustez engainu gabekoak, Panticosakoak ditut. Hara joaten ginen urtero udako oporretan; hara joan izan nintzen harik eta nerabe bihurtu eta gidoiak eskatzen duen gisara, aisialdia familiarekin ez nahastearen mandatuari tinko heldu nion arte. Panticosako herrian bertan hartzen genuen ostatu, hango hotel txiki eta abegikor batean, baina benetan gogoan dudana mendian kilometro zenbait gora dagoen Balneariorako bisitak dira. XX. mende hasieran Europako aristokrazia eta goi burgesiaren atsedenleku, mende bukaerarako, eraikuntza, zahar eta rameganteek bakarrik gordetzen zuten behialako xarma hura. Canfranceko tren geltoki ederraren enkantu mota bera zen nolabait. Gran Hotela, esaterako, estilo paristarreko eraikina, etxaurre beig eta teilatu grisdunarekin. Aintzira txiki bat zuen aldamenean, eta han ibiltzen ginen alde batetik bestera pedalezko ontzi txikietan, ahatez inguraturik.
Balneariorako errepide hartan gora igaro izanak ziren Espainiako Itzuliko txirrindulariak eta baita inoiz Frantziako Itzulikoak ere. Laurent Fignon, Marino Lejarreta, Mauricio Fondriest. Handik abiatzen ziren, halaber, inguruko mendietarako bideak, eta urte batzuen buruan horietako batean galduko ginen, Garmo Negrorako malkarretan, laino sarriak nahasirik. Beherakoan, Balneariora iristen ari ginela, hoteleko espedizio ezagun batekin egin genuen topo, gure bila zihoazenak, ilundu aurretik aurkitu eta behera egiten laguntzeko asmoz. Balneario bat 3000 metroko mendi gotorren pean, nori bururatuko zitzaion halako ideia absurdu bezain zoragarria?
III)
Trinitate plaza, Donostia, 1991.
Esango nuke kapikua hitzaren esanahia 1991. urtean ezagutu nuela. Hitzaren jatorria, ordea, urte batzuen buruan, Bartzelonan bizi nintzela, katalanezko cap (burua) eta cua (buztana) horietaz jabetu nintzenean.
Edonola ere, urte hura dut gogoan eskolaz kanpoko kirol jardueretan hasi aurrekoa izan zelako. Miraz ikusten nituen, esaterako, Kontxako hondartzan hamabostean behin, marearen gora-beherei men eginez, larunbat goizez futbolean jokatzen zuten ni baino urte batzuk zaharragoei. Urte hartan, ordea, libre nituen oraindik larunbat goizak, eta etxean ohitura genuenez, Alde Zaharreko aiton-amonen etxera egiten genuen bazkaritarako. Bazkal ostean, geldirik egon ezin, eta etxeko gela batean paratua zegoen plastikozko saskibaloi saski txiki batera joaten nintzen jolastera, eta akaso, baita jokatzera ere. Baziren urte batzuk nire izebetako batek saskia erosi zidana. Hilean behin-edo erosi behar izaten zuen berri bat, ordea, nire kemen gehiegizkoa medio birrintzeak egiten hasi eta sarritan hausten nuelako. Gainera, koxkortu ahala, ene jauzi eta gainerakoak geroz eta indartsuagoak ziren, eta aitona geroz eta gehiago ernegatzen nuen, beheko auzoak asaldatuko ote nituen arduraz. Horregatik, urte hartan erabaki zuen izebak bazkal ostean nirekin etxetik metro eskasetara zegoen Trinitate plazara joatea, plaza eraberritu berria zela aprobetxatuz. Bi saskibaloi saski zituen plazak eta baloi berde, gris eta laranja koloreko bat nik, aitak New Yorketik pare bat urte lehenago ekarria, eta han saiatu nintzen estreinakoz, telebistan ikusten nituen Pablo Laso eta Joe Arlauckasen jokaldi miresgarriak imitatzen, saskiraino ozta-ozta ailegatzeko indarra baino ez banuen ere. Ene imajinazioak egiten zuen gainontzekoa.
IV)
Kontxako hondartza, Donostia, 1994.
Kontxako hondartza, guretzat, eguzkia hartzeko bainoago, futbolean egiteko tokia zen. Goizean goizez hondartzara iritsi, zegokigun ate gorria hartu eta agindutako lekuan egokitzen genuen, beste taldearenaren pare parean, metro batzuk harantzago. Kontua da azkeneko urtean Ligako finalera ailegatu ginela. Final-erdietan, kostata, Gorka Larrearen Ekintza eskolako taldeari gailentzea lortu eta halaxe iritsi ginen finalera, Axular Lizeoaren kontra. Ez dago esan beharrik kirioak dantzan genituela bildu ginela zelaian. Inguruetan ohi baino jende gehiago, nola ez, eta esaten zutenez Antiguoko taldeko ikuskatzaileak zebiltzan halaber, gainontzekoen gainetik nabarmentzen ziren jokalarien izenak beren libreta sekretuetan idazteko prest. Ahoberoren batek Errealekoren bat ere hortik zebilela esan zuen.
Ez ginen fin hasi, minutu gutxiren buruan egina ziguten lehenengo gola Axularrekoek. Partida amaitzeko minutu gutxi falta zirela berdin jarraitzen zuen markagailuak, 0-1 horrekin, eta aski zapuzturik geunden ordurako gehienok, urte hartan lehendabizikoz aurkariari aurre egiteko kapaz ez ginela ikusten genuela. Orduan egin zuen gure taldeko jokalari onenetako batek, Oierrek, berdinketaren gola eta hala, partida luzapenera eramatea lortu genuen. Luzapena hasi eta berehala adierazi zuen epaileak gure kontrako penaltia; penaldi injustua, esan gabe doa. Gutariko hainbatek ez zuten penalti jaurtiketa ikusteko adorerik biltzerik izan. Axularrekoak ere aski urduri zebiltzan antza, ze atetik hainbat metro eskuinaldera bota baitzuen jaurtitzaileak baloia, oinarekin baloian ez ezik hondarretan ere gogor emanda. Haien hutsegitek eragindako euforiaz enpo-edo, gora egin genuen indarrez eta halaxe sartu zuen Oierrek bigarrena. Zurriola ikastolakook izan ginen urte hartako hondartzako txapeldunak.
Akaso ahoberoak arrazoi izango zuen, denbora gutxiren buruan Oier Errealak fitxatu baitzuen. Gaur egun Bois D’Arcy espetxean dago Oier, urte luzetako gurutze-bidea igaro ondoren atxilotu eta erakunde politiko soil bateko kide izateagatik 10 urteko espetxe zigorra betetzen.
V)
Mateo Benigno de Moraza kalea, Gasteiz, 1999.
Infantiletan kirol bat hautatu behar eta saskibaloia aukeratzea deliberatu nuen azkenean. Askatuak taldearekin parte hartutako lehenengo txapelketako bat Gasteizen jokatzea egokitu zitzaigun, Corazonistas taldeak, Coras gisa ezagutzen genuenak, antolatzen zuena. Ez zen nolanahiko txapelketa izaten. Coras beraren maila onaz aparte, estatuko harrobi onenetako batzuetako taldeek parte hartu ohi zuten. Urte hartan, esaterako, Forum Valladolid eta Estudiantesen kontra jokatu genuen. Lehenengoen aurka finalerdietan, eta emozioz hordituriko luzapen baten ondoren finalera iristea erdietsi genuen. Forumen talde hartan nire belaunaldiko estatuko jokalari onenetako batek jokatzen zuen, Fernando San Emeterio izeneko batek, eta partida hartan niri egokitu zitzaidan hura defendatzea, edo hobeki esanda, haren itzalari jarraitzea, ez bainitzan hori baino askoz gehiago egiteko kapaz izan. Finalaren inguruan nahiago nuke elipsi bat egin… tira, dagoeneko asmatuko zenuten zer gertatu zen.
Gogoangarria izan zen, ordea, txapelketa amaitu ondoren egin genuen gau irtenaldia. Gasteizeko alde zaharra ezagutu nuenekoa izan zen hura. Taldekide batzuri droga-saltzaile batek iruzur egin ziela kosto kaskar batengatik dirutza ordainaraziz, beste bat botaka antsiaz edandako orgasmoarengatik… Mateo Benigno de Morazako taberna zuloren batean sartzea utzi ziguten The Cranberries-en Promises-en doinuak lagun. Beranduago ikasiko nuen The Cranberries gustatzen zaizula aldarrikatzea ez dela oso komenigarria zenbait zirkulutan; baina tira, esan dezagun Mateo Benigno de Morazan, kantu hura lagun, zoriontasuna izan daitekeen antzeko zerbaitera ailegatu nintzela 1999ko udaberri hartan.
VI)
Eremulauak.com, Sarea, 2004.
Lagun bat nuen kazetaritza ikasten Leioan eta jakinarazi zidan klasekide batzuk web gune bat martxan jartzekotan zirela, webgune kultural bat-edo, musika, literatura, ikus-entzunezkoak eta abarrekoak jorratuko zituena. Diseinu erakargarria zuen, hondo laranja bat eta burbuila moduko batzuekin; foroan inork diseinua, web gunea bera bezalaxe, moderneti, cool eta burgesa zela idatzi zuen, eta guri zerbait hautsi zitzaigukean bihotzean, kra! Atari hartan hasi nintzen, bada, kolaboratzen, literaturako sailean batez ere. Albisteak, erreportaiak, iruzkinak… urte batzuen buruan, tipo helduago serio harro eta gogaikarri bihurtzean, lotsarazten dizuten gaztetako testu mota horiek alegia. Bazen ordea, aipatu sailetatik aparte beste bat, Lekuak izenekoa, sormenezkoa zena gehiago, leku bat oinarri hartutako literatur testuak.
Oporretan Berlinera joan eta bueltakoan, Bilbotik Donostiarako Pesan egin nuen topo Gorka Bereziartuarekin, Eremulauak-eko sustatzaile nagusienetako batekin. Hark adoretu ninduen Lekuak-erako testu bat idaztera. Halaxe idatzi nuen, ene xalotasun guztiarekin, Denok dugu Berlin bat gure baitan testutxoa, beranduago nire lehenengo liburuan apur bat moldatuta argitaratuko zena Berlin izenarekin. Baiki, denborarekin, tipo helduago serio harro eta gogaikarri bihurtzean zarelarik lotsarazten zaituen testu mota horietako bat da, ezezaguna den hiri baten lilurak itoegia. Zorioneko ezustekoak gertatzen dira noizbehinka baina eta behin Fermin Muguruzaren mezu bat iritsi zitzaidan esanez bere abesti baterako testu hartako lerro bat erabili zuela. Ez dago gaizki aldizka tipo helduago serio harro eta gogaikarri horri apaltasun lezio bat ematea.
VII)
Diagonala, Bartzelona, 2006.
Bi urterako nindoan Bartzelonara nire ikasketak amaitzera. Iraila hasiera, egunak hasiak ziren laburtzen, eta Vibasako autobus kalamastra batean abiatu nintzen Donostiako autobus geltoki berdinki kalamastran. Alfajariñeko ez-lekuan geldialdia, hurrengo urteetan erritual bilakatuko zena, taberna lizundua, txofer izerditsuak alkandorako goialdeko botoiak solte, paparra agerian, tabernariak zotza haginartean; gehiegizka esan daiteke Alfajarinetik igarotzen dena ez dela gehiago aurretik zena izango. Bidean aurrera egin eta auto-hilara luzeak Vilafranca aldean, asteburua igarotzera kostaldera (Sitges, Calafell, Vilanova i la Geltrú) joan ziren bartzelonatarren itzuleraren ondorioz. Bidesareak bata bestearen atzetik. Portal de Barcelona-ra iristerako zangoak, bizkarra, besoak, gorputza seko uzkurtuta, eserleku deserosoan soina ezin ongi bermatu. Filmeren bat autobusean, Los lunes al solo agian, musika kanalean, berriz, Joaquin Sabinaren deskarteen diska. Aldats baten ostean agertuko da Diagonala, Bartzelonako gau-argiak palmondoek zatitzen duten abenida amaitezin batean. Ezker-eskuin unibertsitate eraikinak, aurreragoxeago Corte Inglesa. Aurrera egin beharrean, ordea, eskuinera egingo du autobusak, Sants aldera.
Behin eta berriro errepikatuko zen eszena izango zen hura, baina lehenengoa dut batez ere gogoan. Diagonalean zehar footinga egiten ikusten nituenei begira nire buruari galdetzen niola: nola galdu hiri honetan?
VIII)
Sant Antoni, Bartzelona, 2008.
Zer arraio egiten duzu igande goizez ohean egon beharrean bigarren eskuko liburuen merkatuan? Xabier Mendigurenen liburu deskatalogatuak eskuartean, erantzuten ahal nuen. Baiki, Xabier Mendigurenenak baina baita Jon Arretxe, Karmele Jaio edo, nola ez, Bernardo Atxagarenak. Horiexek guztiak ikusi izan baititut Sant Antoniko igandetako merkatuan hautsez beteriko egurrezko kaxetan. Gauza asko ikas daitezke bigarren eskuko liburu merkatu batean. Esaterako, ze autorerentzat ez diren garai onenak. Sant Antonikoaren arabera, Camilo José Cela eta Gonzalo Torrente Ballester, oroz gain. Bietakoren baten libururen bat eskuratu nahi izanez gero, aprobetxatu Bartzelonarako bidaien bat hara joateko, pare bat euroan aurkituko baituzu ia ziur. Garai batean egindako tirada puztuak, liburu instituzionalak, faszikuluetan banatutako kolekzioak, tapa gogorreko bildumak… era guztietako edizioetan topatuko dituzu Cela eta Torrente Ballesterren nobelak. Izurri baten modukoa da. La cruz de San Andrés, La rosa de los vientos, Madera de Boj, Dafne y ensueños, La Pascua triste, Tobogán de hambrientos… Ez dizkiezu aurkituko La carretera edo Un viaje de invierno izeneko liburuak. Bestela, harantzago bigarren eskuko bideojokoak, aldizkariak, 92an Norma Duval portada zuen Interviúaren bila norbait, National Geographikeko zenbaki galdu baten bila beste bat. Eta umeak kromo trukean kalearen bestaldean, Magic karten piloa aldean. Txikienak, beren guraso koitaduekin alboan, umeari iruzur egin ez diezaioten zurt. Urte hartan erosi nuen, hiru euroren trukean, Gràcia-ko auzoan kokatutako Juan Marsé-ren nobela eder hura, Un día volveré.
IX)
Done Bikendi kalea, Bilbao, 2011.
Bonnie Prince Billyk Bilboko Kafe Antzokian jo zuen egunean utzi zituen behin betiko ETAk ekintza armatuak. Egun gutxi ziren Bilbora bizitzera joana nintzela baina aspalditik nuen sarrera erosia, berehala agortuko zirelakoan. Antzokiko atarira iritsi eta ez zen esperotako jende olderik, musika eta kultur munduko jendea bazebilen eta halakoak ikusita beti ematen du benetan dagoen jendea baino gehiago dabilela (kulturetek espazio gehiago betetzen dutela ematen baitu), baina nire harridurarako, ez zen aretoa bete. ETArenak zerikusia izango zuela pentsatu nuen hasieran, nahiz eta akidurarengatik-edo, sorpresa ezagatik-edo, inork ez zuen gaiaren inguruan ezer aipatzen. Gero gaztigatu zidaten benetako arrazoia: Athleticek jokatzen zuen ordu berean. Ongi etorri Bilbora, beraz.
Kontzertua ezin zitzaidan bereziki gustatu, asperrak jo ninduen minutu zenbaitetan; ez zen akaso halako kontzertu baterako eguna, ez nintzen egongo agian tenore onenean, edo barratik eta hango zalapartatik gertuegi kokatu nintzen, eta gutxi dut ordukotik gogoan. Emanaldiaren ondorengo hitz aspertuetaz oroitzen naiz gehiago, osteguna izaki, antzokia ezarian unibertsitarioz betetzen zelarik. No hay tregua-ren lehenengo konpasak entzuten zirela erretiratu ginen aretotik; gezurra zirudien hura urtetan hainbeste zain egondako eguna izatea.
X)
Bueno Monreal kalea, Gasteiz, 2012.
Hala Beditik idatzi zidaten, Celosamente gordeatik, beren saiora gonbidatu nahi nindutela testu irakurketa batzuk egitera. Hala Bedi irratiari buruz Donostiako irrati librean, Ttanttakun irratian, saioak egiten hasi nintzenean entzun nuen estreinakoz, aurreko mendearen azkeneko urtean. Hiru irratsaioetatik igaro nintzen harik eta Bartzelonara joan eta irratia utzi behar izan nuen arte. Musika saioak ziren denak, Nunoise eta Lurpeko Orkhestra bezalako izen apur bat hantusteak zituztenak. Inoiz salbuespenak egin izan genituen, ordea, eta halako batean Harkaitz Cano gonbidatu eta ordu eta erdiko elkarrizketa egin genion. Ondo gogoan dut eguna, 2003ko otsailaren 21, Egunkariaren itxieraren biharamuna. Saiorako zenbait kanta ekarri zizkigun Harkaitzek elkarrizketa bitartean tartekatzeko. Ez dut zehazki gogoan ekarri zituen abesti guztiak zeintzuk izan ziren, baina seguru Tom Waits eta Morphine-n kantu bana ekarri zuela.
Hala Beditik gonbidapena jaso nuenean, beraz, ez nuen zalantzarik egin; afinitate irratilibreroagatik besterik ez bazen, Gasteizera joan behar nintzen. Ez naiz Harkaitz Cano, ez naiz sekula izango, baina behintzat taxuzko zer edo zer eramaten ahalegindu nintzen. Musika eramaterik ere banuela esan zidaten eta orduan berrikusten ari nintzen slowcore edo sadcore eszenako hainbat abesti eraman nitiuen: Galaxie 500, Red House Painters, Low, Cat Power eta abar. Irratsaioa bukatu eta afaltzera joan ginen denok. Giro ederra zen Gasteizen, Prudentzio deunaren bezpera eta eguraldia lagun, gaua luzatuko zelako traza guztiak zituen. Literaturan ordea, zer kontatua edukitzea bezain garrantzitsua da zer ez kontatu jakitea, eta hala, kontakizunetik at utziko ditugu afal ostekoak. Izan bedi dena literaturaren izenean.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!