“Kereila honekin gure seniden duintasuna berreskuratu nahi dugu”
Behartutako lanak egiten, 1940an kontzentrazio-esparru batean egon zen preso Eduardo Boveda Ortiz de Zarate, ISABEL BOVEDAren aita. Orain, senideen talde batek Frankismoko lan-esklaboaren aurkako lehenengo kereila kolektiboa aurkeztu du. through Aiaraldea.eus | Aimar Gutierrez Bidarte
Zer lotura daukazu zuk kereila kolektibo honekin?
Nire aita Igariko kontzentrazio-esparruan egon zen. Igari, Bidankotze eta Erronkari lotzen zituen errepidea bertako presoek egin zuten. Nik azpimarratu nahi dudan gauza bat da hori guztia Guda Zibilaren ostean gertatu zela. Gerra 1939an bukatu zen eta nire aita 1940an sartu zuten Erronkarin preso. Datu garrantzistau da hori niretzat, argi uzten duelako bertan gertatutakoa mendeku hutsa izan zela. Faxistek irabazi zuten gerra, baina badirudi hori ez zela nahikoa izan haientzat. Umiliatu, sometitu eta zanpatu nahi zituzten aurkariak.
Aita urtebete egon zen bertan gutxi gora behera. Jarraian Burgosera bidali zuten soldaduzka egitera. Zazpi urte eman zituen etxetik kanpo.
Zein da zure aitaren historia?
Gutxi dakigu. Gauza asko ez zizkigun kontatu, nik uste ez zuela gogoko horren inguruan hitz egitea. Guk dakiguna da gerra piztu zenean boluntario aurkeztu zuela bere burua. Aita Santurtzikoa zen. Oso komunista zen konbikzioz, baina guk uste dugu ez zela alderdiko militantea izan. Alderdi komunistarekin aukera izan zuen, antza, gudan non eta nola parte hartu nahi zuen erabakitzeko. Tankeekin aritzea aukeratu zuen. Kamioi gidaria zen, gure aitona bezalaxe. Ezkerraldean kamioi gidari bakanetakoak ziren eta eskarmentu horrekin abiatu zen tankeak gidatzera.
Hogei urterekin atera zen etxetik. Badakigu Espainiako estatuko hainbat tokitan egon zela borrokan lau urtez. Extremaduran badirudi denbora luze eman zuela, Madrilen ere egon zen. Hutsune asko falta zaizkigu gerrako bere ibilbidearen inguruan.
Azkenean, Santoñatik itsasontzi bat hartuta Frantziara igaro zen. Frantziatik, ordea, Kataluniako Portbou herritik bueltatu zen Espainiar estatura. Alacanteraino jaitsi zen eta bertan hartu zuten preso.
Gerra bukatu ostean izan zen hori?
Suposatzen dugu baietz, baina ez dugu batere argi. Gerra 1939an bukatu zen, eta dokumentuen arabera 1940an sartu zuten Erronkarin preso. Zer gertatu zen urte horietan guztietan? Pena bat da baina ez daukagu batere argi, aitak ez zigun inoiz kontatu.
Gauza gutxi kontatzen zituen. Berarentzat errazenak ziren kontuetaz aritzen zen soilik. Iloba batek galdetu omen zion behin ea jende asko hil zuen, eta horretaz hizt egin nahi ez zuela erantzun zion. Oroitzapen mingarri asko pilatuko zituen Gerra Zibilean zehar.
Zer leporatu zioten zure aitari?
Jaso zuen akusazioa desafecto al régimen izan zen. Horrela kalifikatzen zuten edozer gauza, edozein disidentzia edo frankisten aurkako edozein jarrera. Akusazio horrekin bidali zuten lan esklaboa burutzera.
Gudako kontuetaz ez bezala, Erronkarin eta Igarin igarotakoaz asko hitz egin zenuten etxean aitarekin.
Erronkariko garaiaz gehiago hitz egiten zuen bai. Preso egon zen urtebetez, baina nolabait zortea izan zuen beste presoekin alderatuta. Errepideko lanak burutzeko kamioiak gidatzeko karneta zuten gidariak behar zituzten, eta aita zen horietako bat. Gauzak horrela, kamioi bat eman zioten materialen garraioaz arduratzeko, presoaldi “erosoagoa” izan zuen esku-lanetan aritu ziren presoak baino.
Aitak goi-kargudun batzuen etxean egiten zuen lo, berak la plana mayor deitzen zituen. Etxe hori Erronkarin dago oraindik, bisitatzera joan izan gara inoiz. Gainerako preso gehienak kanpin-denda eta barrakoietan bizi ziren, baldinzta negargarrietan. Erronkarin neguan sekulako hotza egiten du, eta garai hartan are gehiago. Aitak kontatzen zigunaren arabera ibaiak izoztu egiten ziren eta karroak gainetik pasatzen ziren. Gaur egun ezin dugu hori imajinatu ere egin.
Zenbat pertsona zeuden kontzentrazio-esparruan preso?
2.300 eta 2.400 preso artean zeuden bertan. Jende asko da hori, oso-oso baldintza gogorretan gainera. Aitak kontatutakoaren arabera, lan esklabo oso gogorra egiteaz gain, tratua ere oso bortitza zen. Gaixotasunak, jipoiak, erailketak… eguneroko kontua omen ziren.
Aita bestelako baldintza batzuetan egon zen arren, berak ere arriskua bizi izan zuela kontatu zigun. Kamioiarekin errepide arriskutsu eta izoztuetatik ibili behar izan zen. Kamioia, gainera, eskolta batekin gidatu behar zuen une oro. Askotan mozkortzen zen bere zaindaria eta behin baino gehiagotan jazo zituen mehatxuak pistola batekin.
Bertan preso egon ziren pertsonen senideek harremana duzue gaia lantzen duen elkarte memorialista batekin.
Hgoei urte baino gehiago daramatzagu Igari inguruan Memoriaren Bideak antolaturiko oroimen ekitaldira joaten. Monolito bat dago errepide bazterrean, eta, urtero bertan elkartzen gara errepresaliatuen senideak. Horrela ezagutu genuen elkartea.
Estatu osoko senideak elkartzen gara gaur egun ere. Duela bost urte hil zen bertan egondako azken errepresaliatua, Ortiz Alfau bilbotarra. Jaenetik, Asturiasetik, Frantziatik… ere etortzen dira omenaldira.
Niretzat oso ekitaldi garrantzitsua da, eta oso eskertuta nago urte hautean guztietan elkarteko kideek egindako lanari. Bizirik mantendu dute bertako memoria. Fernando Mendiolak liburu bat idatzi zuen kontzentrazio-esparruko gertakarien inguruan. Gaur egun ere ikertzen jarraitzen dute, gauza asko daude oraindik argitara atera beharrekoak.
Leku gehiagotan ere egon dira horrelako espetxeak. Hemendik oso gertu, Urduñan esaterako. Zer gutxi dakigun horren inguruan. Espero dugu guk kereila honekin abiatutako bideak balio izatea bestelako sarraskiak argitzeko.
Zuena da frankismo garaiko lan-esklaboaren aurka aurkeztutako lehenengo kereila kolektiboa. Nolakoa izan da prozesua? Zer lanketa egin duzue?
Jacinto Lara abokatu madrildarrak, Memoriaren Bideak elkartearekin eta Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundearekin batera prestatu du kereila aurkezteko dokumentazio guztia. Oso ondo landuta zuten guztia. Iraila hasieran eman ziguten horren berri. Senideok hainbat dokumentu aurkeztu behar izan ditugu ere. Guk Guadalajarako artxibo militarrera jo behar izan dugu, aitaren erregistro militarra eskuratzeko. Hiru astetan jaso genuen dokumentazioa. Horrekin eta aitarengandik jasotako testigantzekin prestatu dute guztia.
Guretzako oso kontu erraza izan da. Eskerrak ematea besterik ez dugu kereila antolatu duten guztiei.
Guadalajarako artxibo militarrera jo zenutela aipatu duzu. Zer atera zenuten bertatik?
Kontzentrazio-esparruetan esklabo lanetan ari ziren presoen erregistroa militarren esku zegoen. Langile soldadu dizpilina batailoiak deitzen zieten esklabo taldeei. Erregistro militarrean jasota dago aitak ejerzitoaren eskuetan igarotako denbora. Horrela jakin genuen 1940ko uztailaren 2an Mirandan izan zutela, eta bertatik Erronkarira bidali zutela 1940ko uztailaren 17an. Guk ez genekien horren inguruko ezer.
Beste sorpresa bat ere aurkitu dugu Guadalajaratik ateratako dokumentuetan. Erronkaritik Burgosera bidali zuten 1941ean. Artxibo militarrean jasotzen da ET-59510 matrikuladun kamioi batean atera zela Erronkariko kontzentrazio-esparrutik. Aitaren bi argazki ditugu bertan igarotako garaikoak, horietako batean berak gidatzen zuen kamioiaren ondoan agertzen da, Burgosera eraman zuen kamioi bera hain zuzen ere. Aitak fordito deitzen zion kariñoz.
Hamabi familiak aurkeztu duzue kereila kolektibo hau, baina Erronkarin egondako presoak bi milatik gora izan ziren.
Espainiako estatuko toki askotako presoak batu zituzten Erronkarin. Gure aitak guda garaiko gauza gutxi kontatzen zizkigun modu berean, ezajintasun handia egongo da kontzentrazio-esparruko presoen senideen artean ere. Hain zuzen ere, hori da kereilaren helburuetako bat, seinde gehiago identifikatzea. Orain mugitzen hasi garela jaso ditugu deiak, Asturiasetik esaterako. Bertan egondako preso guztiak hilda daude honezkero. Familiek jakingo dute anekdotaren bat edo haien senideren bat preso egon zela, baina orokorrean ezer gutxi jakingo dute garia hartan jazotakoaz. Aitak, esan bezala, ezer gutxi kontatzen zigun guri, ziurrenik beldurragatik. Hil aurretik bakarrik aitortu zigun komisario politikoa izan zela errepublikarren aldean. Komisario politikoa izateak fusilamendua zekarren zuzenean. Azken unera arte izan zuen hori aitortzearen beldurra. Pena sentitzen dut gehiago ez jakiteaz, baina memoria hori berreskuratzeko helburuarekin ere egin dugu lana. Espero dugu hau zabaltzea, eta gure senitartekoen duintasuna berreskuratzea. Ez ziren gaizkileak, ez ziren maltzurrak. Duintasun osoz herriaren alde borrokatu zuten pertsonak izan ziren.
Bide judizialari dagokionez, zein ibilbide aurreikusten diozue kereilari?
Oraindik ez dakigu Agoitzeko epaitegiak kereila onartu duen. Gero ikusiko dugu noraino iristen den. Momentuz mozioak aurkeztuko ditugu udal desberdinetan; Laudioko Udalean azaroko osoko bilkuran eztabaidatuko da. Horren helburua babesak biltzea da. Kereila Argentinaraino iritsiko da, baina auskalo zer ateratzen den hortik.
Guk aitortza besterik ez dugu eskatzen. Nazioarteko legediak Erronkarin jazotakoak gizateriaren aurkako krimen bezala kalifikatzen ditu. Hori da eskatzen duguna; justizia, erreparazioa eta egia.
Ez da lehenengo aldia erregimen frankistak egindako sarraskiak Argentinako epaitegietara iristen direla. Ez da bitxia justizia hain urruti bilatu behar izana?
Bitxia da oso. Baina argi dago hemen ez dagoela justizia lortzerik. Demokrazian bizi garela diote, baina niri oraindik kostatzen zait hori sinestea.
Zergatik da inportantea Erronkarin gertatutakoa argitara ateratzea, eta bertan preso egondakoen memoria aldarrikatzea?
Lehenik eta behin haiekiko behar bat dugula uste dut; ahaztuta egon dira eta unea da errealitate hori aitortzeko. Haien duintasuna aldarrikatzeko ere. Gaizkile bezala izendatuak izan ziren, baina ez ziren gaizkileak, duintasunez gerran borrokatu zuten, eta gerra bukatuta sartu zituzten preso, mendeku hutsa.
Azkenik, uste dut berebizikoa dela azalaraztea hemen zer gertatu zen Guda Zibilean eta Frankismoan. Oso erraz hitz egiten da Hitlerrek egindako sarraskietaz.
Hemen badirudi ez dela ezer gertatu. Oso garrantzitsua da memoria berreskuratzea, batez ere belaunaldi gazteentzako; gure historia da. Berriro errepikatu ez dadin ezinbestekoa da gertatutakoa ezagutaraztea, hori da berme bakarra.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!