Irrati lizentzien lehiaketa dela-eta, prentsaurrekoa eman dugu
Bihar EAEn irrati lizentziak lortzeko lehiaketako proiektuak aurkezteko azken eguna da. Arrosa Irrati Sareko Antxeta, Justuri, Tas-Tas eta Hala Bedi irratiek prentsaurrekoa eman dute irrati dekretu honen kritika egiteko:
EAEko irrati lizentziak banatzeko oinarriei buruz
0.- AURREKARIAK
0.1.- 1986tik EAEn ez da irratietarako deialdirik egon. Datozen 15 urteetarako legea egiten ari dira.
0.2.- Irrati komunitariook alegazioak aurkeztu genituen Eusko Jaurlaritzaren 2011ko dekretuaren kontra. Ez zituzten kontuan hartu.
1.- EUSKARA
1.1.- Euskara hutsezko irratientzat lizentzia gutxi banatzen dira, eskualde batzuetan ez dago erreserbarik eta eskualderen batean euskerazko proiekturik ez bada aurkezten lehiaketara edo puntuazio nahikorik lortzen ez badu, frekuentzia hori ez da hutsik geratzen: zuzenean erderazko irrati batek hartzen du.
1.2.- Beste irratiei ez zaie eskatzen gutxieneko kuotarik euskaraz. Euskara oso gutxi baloratzen da, gehienez proiektu osoaren %5 puntuatzen du. Nafarroan adibidez, zonalde euskaldunetan %10 puntuatzen da.
1.3.- Gaur egungo dial erdalduna euskalduntzen joateko aukera galtzen da. Aurreko 1986ko esleipenak ez zuen ondorio eraginkorrik izan euskararen normalizazioan, eta, horregatik, dekretu berri honek neurri konpentsatzaileak izan beharko lituzke.
2.- IRRATI KOMUNITARIOAK
2.1.- Irrati komunitario edo libreentzat ez dago lizentziarik.
2.2.- Irrati komunitarioa izateak ez du punturik ematen lehiaketan.
2.3.- Aldez aurretik izandako eskarmentuak ez du punturik ematen lehiaketan: gogoratu behar dugu Ikus-entzunezkoen Estatuko Legearen 28. artikuluak behartzen duela parte hartzaileen aurreko eskarmentua kontuan hartzera esleipena egiterakoan. Hau da, eskaintzen balorazio irizpideetako bat izan behar da sektorean aurretik izandako esperientzia.
“Lizentzia esleitzeko lehiaketa gehienez ere sei hilabeteko epean ebatzi beharko da eta deialdiaren oinarrietan parte hartzaileen esperientzia agertu beharko da, solvencia y los medios con que cuenten para la explotación de la licencia, como criterios que habrán de ser tenidos en cuenta para la adjudicación”.
2.4.- 2010eko Ikus-entzunezkoen Estatuko Legeak 4. artikuluan dio “pertsona guztiek eskubidea dute komunikabide publiko, komertzial eta komunitarioen bidez informazio anitza jasotzeko” Lege horren bidez irrati komunitarioen egoera legeztatu eta normalizatu zitekeen, baina Eusko Jaurlaritzak aukera hori ere galdu du.
2.5.- Irrati komunitarioei zailtasun hauek ipintzeak herritarrok dugun komunikazio eskubidea urratzen du. Izan ere, irrati komunitarioek herritarrek zuzenean komunikazioan parte hartzeko bitartekoak eskaintzen dituzte, eta horrela, komunikaziaren protagonista bilakatzen dira herritarrak.
3.- BESTELAKO OZTOPOAK
3.1.- Irrati proiektuak aurkezteko abal handiak eskatu dira, eta irrati txikiek zailtasunak dituzte diru kopuru horiek lortzeko.
3.2.- Proiektua aurkezteko hilabeteko epea eman da soilik. Proiektuak exijitzen duen lan karga handia kontuan hartuz irrati txikientzat oso zaila izan da epe horretan lan guztiak egitea. Beste irrati batzuek lan hori ezinezkotzat jo dute, eta ez aurkeztea erabaki dute.
3.3.- Puntuazioan alor ekonomiko eta teknikoak irratiaren edukiek baino gehiago puntuatzen dute. Euskal irratien eta irrati komunitarioen gertutasuna eta izaera parte hartzaileak ez dira baloratzen. Ondorioz, irrati komertzial handiek –Madrilen egoitza nagusia dutenek– aukera gehiago dituzte, baliabide teknologiko eta ekonomiko gehiago dituztelako.
4.- DIALAREN EGOERA
4.1.- Deialdi hau, argi eta garbi, ez da nahikoa.
4.2.- Hiru sektoreen artean (publikoa, pribatua eta komunitarioa) irrati komunitarioak bakarrak gara eskatzen ari garenak diala erregulatzeko. Izan ere, egungo egoeran, diala “oihanaren legea” da eta egoera honetan geu gara kaltetuenak.
4.3.- Eskualde gehienetako frekuentzia gehienak ez daude sartuta deialdi honetan.
4.4.- Deialdi berri honek egoera alegalean uzten ditu irrati gehienak (komertzialak eta komunitarioak).
4.4.- Guztiz beharrezkoa da dialaren azterketa sakona egitea eta behin betiko konponbide osoa lortzea.
5.- HALA ETA GUZTIZ ERE, LEHIAKETAN AURKEZTEA ERABAKI DUGU
Aipatutako oztopo guztien gainetik, lehiaketan aurkeztea erabaki dugu.
5.1.- Uste dugulako komunikabideak tresna izan behar direla euskararen normalizazioan, eta ez oztopo.
5.2.- Nahi dugulako irratien egoera normalizatzea eta erregularizatzea.
5.3.- Komunikazioa herritarren eskubidea delako eta irrati komunitarioek eskubide hori bultzatu eta sostengatzen dutelako.
5.4.- Uste dugulako komunikabideek islatu behar dutela hainbat iritzi dituen jendarte anitza.
6.- HEDABIDEEN EUSKAL LEGEA
Premiazkoa eta beharrezkoa da Euskal Herritik sortutako hedabideen euskal lege bat sortzea.
Ezin ditugu beste 15 urte eman diala horrela egonda.
Premiazkoa da alderdi politikoek eta bestelako eragileek –unibertsitatea, hedabideak, euskalgintza, eta abar– gai hau euren agendan sartzea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!