Emalegez blai
Hilekoa, menstruazioa edo emalegea isilpean, ezkutuan, lotsaz eta erruduntasunez bizi izan dugu historian zehar mende luzez. Afera zikina izan da kultura eta erlijio askoren begietan (eta hala da oraindik), haragikoia, uztak kaltetu edota jakiak hondatu zitzakeen deabrukeria. Lizuna, madarikazio bat, azken finean.
Badirudi, gaur egun, gure herrian ideia horiei guztiei buelta eman zaiela. Ustez, tabua izateari utzi dio; emakumeon zorigaitz izatetik hilean behineko odoluste soila izatera pasa da, batere kalterik eragiten ez diguna; akaso, aitzakia bezala erabiltzen duguna gure interesen arabera. Hilero gure gorputzetan gertatzen den hormonen dantza existituko ez balitz bezala jokatzen du munduak, are okerrago, halaxe jokatzen guk geuk. Helburu nagusitzat produktibitatea duen sistema kapitalistak aspaldi ulertu zuen feminismo liberalak egiten dituen eskariak bereganatuz gero, etekinak hazi egingo zirela: emakumeak erreprodukziorako bakarrik ez, produkziorako ere ustiagarriak ginela. Familia eta etxea mantenzeko, senarra (edo senarra ez dena) sexualki asetzeko eta soldatapeko lan bat (edo gehiago) mantentzeko indartsu eta otzan behar gaituzte; eta are garrantzitsuago dena: geure betebeharrez sinetsita, motibatuta. Horretarako, gure super woman bizi-martxarekin jarraitu behar dugula gogorarazten digute iragarkiek behin eta berriz. “Egun horietarako” produktu koloretsu eta garestiak aurkezten dizkigute irtenbide modura: garbi senti gaitezen, kiratsa urrunduz, kementsu, odoletan ere desiragarri, jakina, printzesen antzera odol urdina jariatuz.
Emalegea minez edo gorputzaldi txarrarekin igaro dugunontzat konponbide ugari eskaintzen dizkigu medikuntza ofizialak, antiinflamatorioak edo antisorgailuak, oso osasungarriak biak, bai horixe! Oinarrian, ezjakintasun izugarria dago; gorputz arauemaileak ez garenontzat, hainbestetan gertatu izan den bezala, ez dago erantzunik.
Galdera bat bai, ordea: nola tratatuko zukeen patriarkatuak hilekoa emalegea izan beharrean arlegea izan balitz? 1978an Gloria Steinemek hipotesi horretara gerturatzeko zera idatzi zuen: “Militarrentzat, politikari kontserbadoreentzat eta fundamentalista erlijiosoentzat hilerokoak frogatu egingo luke gizonak baino ez direla gai armadaren parte izateko («odolustutzeko, odola isuri behar da lehenbizi»), kargu politikoak izateko («emakumeek ba al dakite, ba, oldarkorrak izaten Marte planetak gobernaturiko ziklo izukaitz hori gabe?»), apaiz izateko (Nola isuriko du, ba, emakume batek odola gure bekatuen alde?), edo errabino izateko («hilean behin euren baitako lohia kanporatu ezean, emakumeek zikin irauten dute»).” Bedeinkazio bat, alegia.
Hilekoa gorputz menstruatzaileak ugalkor bihurtzen dituen etengabeko prozesu baten fase bat besterik ez dela esan genezake. Hilabete inguru irauten duen ziklo aldakor baten ertzetako bat. Gorputzean, umorean, libidoan, indarrean, loguran, gosean eta beste hainbat alderditan eragina duena. Ez madarikazio, ez bedeinkazio. Baina osasuntsu eta pozik bizitzeko haren ezagutza eta ulermena ezinbestekoak dira; autoezagutzarako, elkar zaintzarako eta ahalduntzerako nahitaezkoak. Ezjakin nahi gaituzte, baina galderei erantzuteko ordua iritsi da. Emalegez blai edo ez, gorputza dugulako azken lubaki.
Naiara Bernal
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!