Ekosistema zoroena
Sozializatu, berba in, eztabaidatu, haserretu, gozatu, defendatu, erasotu, dastatu eta dantzatu. Esnatu, lokartu, koskortu, gazi zahartu eta goxo gaztetu, bizkor berpiztu eta astiro hil. Inoiz maitemindu eta noizbait maitepoztu. Komunean kopa odolustu, konpresa aldatu edo tanpaxari tira. Metro karratu batean zenbat pekatu kabitzen dira? Marrak beste akaso. Malko itsuak bota eta jaso. Taburetea lapurtu, izotza apurtu eta ez beti mozkortu. Konplizeak, etsaiak eta txakurrak identifikatu. Sua eskatu, sua piztu, sua eman eta hartu. Ahulezia, nekea eta desira ke artean izkutatu. Alkolaren festan kanutoa disimulatu.
Begiradei ekin eta begi hutsak ekidin. Kamareroa zain, bezeroari kasu egin eta zer nahi duen jakin. Biak errotik ero, zenbait kasutan bero, ikusiko da gero. Zuri kopan ta zuei pitxarrean (psikoanalistaren paperean). Kode sekretuan, oliba bi platerean. Aitu, entzun arren, abestiarekin akordatzen? Noski kamarada! Giroa izan da ala gu aldatu gara?
Musikak mara-mara darrai. Argazkiak, hitzaldiak eta dokumentalak ere bai, artea eta kulturaz blai. Belaunaldien arteko topaleku eta jai. Sukaldariak lainotsu, pintxoak eguzkitsu, jatun voyeuren paradisu. Garbitzaileak klandestino, parranda hondarren testigu. Ilunak edo argiagoak, betiere telebista bakoak, musikan iaioak eta aukeran auzokoak. Bizidunon eta eremuen elkarren arteko harremanek osatzen duten sistema biologikoa, ekosistema inperfektu bezain bizigarrienetakoa.
Bilerak luzatu, burmuinak estutu, mingainak hustu eta utopiak puztu. Kartelak itsatsi, besteak kuxkuxeatu, pegatak kolekzionatu, txanponak itxulapikoratu eta presoak zenbatu. Egunkaria aukeratu edo dagoenarekin konformatu. Titularrak irentsi, porrotak ito, garaipenean sinetsi eta itxaropenak gonbito.
Gizonen lurralde historiko, histeriken konkista berebiziko. Eremu publikoetan legez zakilak ohiko, lasai, ezer ez da betirako. Ahalduntze eta bortxaketen testigu, bizitzak gogor irakatsi digu. Akelarre alkolikoan bidaide, askatasun egarria gure alde. Proletarioaren proletarioa izatea ez baita debalde.
Langileon urrezko kaiola, zurrutak horrela dio: sufrimenduari adio, ezerk ez du axola! Baina ardoari odola dario, barra baten zenbat lekzio, beste hain beste bizio. Atxurrak bejondeiola! Zapalduon exilio eta opio, anestesia bedeinkapen eta madarikazio. Kalekume desjabetuon ekosistema-nazio. Askoren ogibide, zanpatuon ihesbide, esplotazio eredu ere bai, zapalketen arnas gune nolanahi, bizipozaren erregai. Tabernak nonahi.
Esateko ditugunak berandu iristen direlako gehiegitan eta ekintzak gehienetan, horrela diot. Kontraesan guztien gainetik eta alienazioa guztien azpitik, maite baititut maite, taberna zuloak, garitoak eta antroak, mota (ia) guztietakoak.
Naiara Bernal
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!