[Iritzia] «Euskara edonorentzat» – Patxi Goenaga –
Joan den urte amaieran, Eguberrietan, liburu eder bat jaso dut: Euskera para castellanohablantes. Beste edizio bat ere argitara eman du Bartzelonan Basc per a catalanoparlants. Egilea, Beatriz Fernandez hizkuntzalaria, hizkuntza tipologian eta euskal sintaxian aditua besteak beste.
Hainbat gogoeta piztu dizkit liburuak. Gogoetak eta oroitzapenak. Oroitzapenez ez naiz ariko gaurkoan, jendeak ez dezan pentsa adinean aurrera joan ahala, nostalgiak jotzen hasia naizela.
Euskaldunok harro sentitu gara gure hizkuntzaz, besteak ez bezalakoa delakoan, gure ingurukoak baino zaharragoa, jatorria denboraren laino artean galdua duena, aditzaren edertasun miresgarria… Maiz kontu hauek aitzakiatzat erabili izan dira… edozertarako, euskara bazter uzteko ere bai, zailegia izaki hizkuntza.
Beatriz Fernandezen liburuaren asmoa ez da izan euskararen gramatika bat egitea, baizik euskara beste edozein hizkuntza bezalakoa dela erakustea, guztiek partekatzen baitute gramatika unibertsal dei daiteken hori. Gurea hizkuntza bitxia, arraroa, zaila, edertasun eskuraezinekoa dela etab., mitoak besterik ez dira eta horiei aurre egin nahi die liburuak, mito horiek elikatzea euskararen eta euskaldunon kalterako direlakoan eta askotan etsipenera eramaten gaituztenak.
Hizkuntzen arteko diferentziak gorabehera, antzekotasunetan jarri nahi izan ditu begiak egileak. Euskarak eta gaztelaniak partekatzen dituzten zenbait gai hautatu ditu horretarako. Hitzak antolatzeko moduaz hasten da. Euskara eranskaria izaki, ume-a-re-kin esaten dugu, hitz bakarrean. Gaztelania analitikoa da: con el niño esaten dugu, hiru hitzetan. Bataren eta bestearen artean dagoen diferentzia, itxuraz handia baina sakonean, ez da hainbesterako, osagaiak antolatzeko modu desberdinak dira, besterik ez.
Egilea hitz ordenaz ere mintzo da. Euskaraz, Objektua-Aditza da ordena arrunta. Gaztelaniaz, alderantziz: Aditza-Objektua. Euskarak postposizioak ditu, gaztelaniak preposizioak. Funtsean, gauza bera, hurrenkera desberdina izatea.
Larramendik bere garaian idatzia utzi zuena datorkit gogora. Bere El imposible vencido ospetsuan, honela erasotzen die arerioei:
Otra objecion hacen contra el bascuece; porque en esta lengua todo se ha de construir al revés, por la posposición que tiene de artículos, v.gr. ur garbi-á, burú uts-á se han de construir agua clara la, cabeza vana la. Qué simpleza! Y de dónde te consta que esa construccion es al revés? Y mas si doy yo en decir que va al revés tu consruccion castellana? Sabes? Los hebreos escriben el renglon tirándole de la mano derecha á la izquierda, y tú le tiras de la izquierda á la derecha: y quién escribe al revés? Según ese reparo se habrán de desterrar del latin el que, ve, ne y otros adverbios y aun toda su sintáxis. Y sino construye esta oracion (Quintilianorena da): semper enim hic homo leones inter, ursosque commoratus est: mira que donosura, siempre por que este hombre leones entre osos y vivido ha. Pero yo hago mal en cansarme en estas puerilidades. Goazén emendic.
Hizkuntzei kanpotik begiratuz gero, alde handiak daude, bistan da, baina barnea arakatzen denean, gauzak bestela ikusten dira.
Aditza dugu euskararen beste monumentu bat. Honetan euskara txapeldun dela uste du jendeak. Baina hemen ere gaztelaniarekin duen antza hain da ikaragarria… Dakarkizut eta te lo traigo (edo traigotelo) modukoen artean ez dirudi funtsezko aldea dagoenik egiturari dagokionez. Biek ingeniaritza genetiko berbera erakusten dute. Hortaz, galde egiten du egileak: gaztelaniak ez al du hitz berean morfema desberdinak bilduz osatutako aditz forma konplexurik? Bai horixe. Euskal aditz komunztadura (hain ospe beldurgarria duena euskaldunen eta euskaraz ikasten dutenen artean) ez dago hain urruti gaztelaniaren jokotik.
Aditzaz diharduten kapituluak bat baino gehiago dira. Euskal aditzaren mitologia bere lekuan jartzeko orduan lagungarri izan daitezke, eta irakasle jendeak probetxu atera lezake. Ez bakarrik euskara irakasleek, euskaraz irakasten duen edonork. Benetan.
Euskaraz ez dakitenentzako gramatika bat dela pentsaarazi liezaguke izenburuak, baina ez. Gramatikazko elementuak baditu, aipatu dugun bezala, baina elementu hauek berak ez daude modu hotz eta tekniko batean emanak, kontatzeko modu jostalari, konparazioz betetako eta hango eta hemengo bizipenak bilduz, jolasari, literaturari, zinemari, arteari, historiari, sukaldaritzari eta beste hainbat arlori keinuak eginez.
Baina ez hori bakarrik. Izan ere, liburuan badira gramatikari buruzkoak ez baina euskararen azken urteetako historiari dagozkion hiru kapitulu eder: bata ikastolei eskainia, besteak euskalkiei eta euskara batuari.
Ikastolak, euskararen azken urteotako historian zutabe sendo izan dira. Garai zailetan hainbat gurasok egindako apostua eta horrek eskatzen zuen ahalegina gogoratzen ditu egileak, maitekiro, goxo-goxo irakurtzen diren lerroak josiz. Gurasoek euskaraz ez jakinarren, gai izan ziren beren haurrei euskara oparitzeko. Hain zuzen, egileak gurasoei eta aitona-amonei eskaintzen die liburua: “A Heliodora Pedrosa y Antonio Fernandez, que vinieron y se quedaron. A Maria del Carmen Fernandez y Edelmiro Fernandez, que me dieron su lengua y la lengua de la tierra.” Larre motxean hazitakoak haiek. Oraingoak larre guriagoetan ari dira. Liburu honek eskaintzen duen testigantzak balioko ahal digu euskara eta beste gainerako hizkuntzak benetan maitatzen, horrela gure hizkuntzek ere bizi luzea izan dezaten.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!