Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak gogor egin du Udalak eta Jaurlaritzak sinatutako akordioaren aurka
Udalak eta Hezkuntza Sailak "elkarbizitzaren eta hezkuntzaren aldeko lankidetzarako" akordio bat sinatu dute. Plataformaren arabera, martxoan aurkeztutako intentzio-protokoloan oinarrituta dago hau: "Lau esaldi gehitu eta argitaratu dute"
Aurreko asteazkenean, Gasteizko Alkatea den Gorka Urtaranek eta Hezkuntza Saileko arduradunak «elkarbizitzaren eta hezkuntzaren aldeko lankidetzarako» hitzarmen bat sinatu zuten. Hau guztia, Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak hiriburuko ikastetxe publikoen ia erdia «ghetto zentroak» direla berretsi ostean. Hala erakutsi zuen plataformak datuak mahaiaren gainean jarriz.
Orain, plataformak, gogor egin du Udalak eta Jaularitzak sinatutako akordioaren kontra: «Hitzarmen hau, martxoan aurkeztutako intentzio-protokoloan oinarrituta dago, lau esaldi gehitu dizkiote eta argitaratu dute, argazkiko irribarreak eta guzti».
Ohar batean salatu dutenez, hitzarmenak aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntzarako sarbidea bermatzea proposatzen du, baina ez du zehazten nola bermatuko den berdintasun hori. «Protokoloek jarduketetarako, ekintzetarako eta prozeduretarako izan behar dira baliagarriak, ez asmoen edo desio onen araberakoak».
Bestalde, lurraldearen egitura soziala, bizilekuaren banaketa, etxebizitzarako laguntzak, ikastetxeen kokapena eta auzoetako errealitate demografikoak eskoletan bizi den bereizketa-egoerarekin zerikusia duela dio protokoloak, eta hainbat politika aztertu behar direla horren inguruan. Eskola Publikoaren Aldeko Plataformaren esanetan, ordea, askotan erakutsi da auzoetako errealitate demografikoek erlaziorik ez dutela eskola segregazioaren datuekin. Eta galdera bat luzatu dute: «Zein izango dira sarbide-politika, plangintza eta tokiko politika horiek, oker dagoen errealitate sozialaren irakurketa batetik abiatzen badira?»
Hein handi batean, hitzarmenaren oinarriak gizarteratzeko politikak direla uste du plataformak, «baina hezkuntza esparrurako oso pobreak suertatzen dira».
Segregazio hitza, ezkutatuta
Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioaren arabera, erakunde publikoen eta gizarte-eragileen arteko ekintza koordinatua sustatu nahi dute. Errealitateak, ordea, kontrakoa erakusten die plataformako kideei: bai protokolo hori, bai Hezkuntza Sailaren aurreko ekimenak ez dira koordinatu, ezta kontsultatu ere, eskola-segregazioaren aurka borrokatzen duen hezkuntza eta gizarte komunitatearekin.
Gaineratu dutenez, 2016. urteko erakunde eta eragile batzuek, ez denek, osatutako mahaian proposatu ziren neurriak, ez dira bete. Eta, azkenik, Hezkuntza-Komunitateko gehiengoak errefusatu duen Hezkuntza-Lege berri bat dago etorkizun hurbilean.
Kuriosoa da ere hitzarmena aztertuz gero segregazio hitza inon ez topatzea. «Hezkuntza Saileko arduradunarentzat eta Gasteizko Alkate jaunarentzat ez da hitz hori existitzen […] Ez kuotak legez kanpo kobratzeari, ez epe barruko atzerriko ikasleen matrikulaz, ez ikasleen ezkutuko hautaketaz, ezta ikasleen ekonomiak mugatutako hautatzeko askatasunaz ere ez da hitz egiten».
Laburbilduz, plataformaren ustetan, elkarbizitzarako asmoak bai, baina hezkuntza-ekitateari dagokionez, hitz hutsak eta neurri jakin bat ere ez. «Beste behin ere, diagnostiko okerretik abiatzen da, martxoan aurkeztu zuten protokolo baten sinadura eszenifikatuz, funtsezkoena eta sakoneko apustu politikoetan ezer aldatu ez dadin».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!