B.A.L.A. jaio da, Gasteizko hainbat bollerez osatutako kolektiboa
Ikusgarritasun Lesbikoaren egunean eman dute jakitera kolektibo berria: "Bollera izatea ez dugu aukera edo orientazio gisa ulertzen, sistemaren baitan arrakala edo haustura bat suposatzen duen identitate iraultzaile gisa baizik". Maiatzaren 3an aurkeztuko dute publikoki B.A.L.A., Gasteizko Gaztetxean.
Apirilaren 26an, Ikusgarritasun Lesbikoaren egunean, B.A.L.A kolektiboa jaio da Gasteizen. Eragile berri hau Gasteizko hainbat bollerek sortu duten kolektiboa berria da, «gure bizipenak eta gorputzak, hau da, gure izana borroka politiko-feministatzat dugun bolleron sarea». Hortik haratago, izen honen atzean marimutil, lodi, migrante, friki, maketak… daude, margen desberdinetatik etorri arren bollera izateak elkartu dituena.
Lehenik eta behin, Hala Bedi-ri igorritako ohar batean garbi utzi nahi izan dute bollera izatea identitate politikotzat dutela eta, beraz, borroka subjektutzat ere bai. «Ez dugu aukera edo orientazio gisa ulertzen, sistemaren baitan arrakala edo haustura bat suposatzen duen identitate iraultzaile gisa baizik. Bollerak gara, hegemoniatik kanpo utzi gaituztelako, guretzako diseinatua zegoena hautatzeari uko egin diogulako, margenetan utzi gaituztelako eta horien baitan eraiki dugulako gure izana. Bollerak gara nahi genuena jakin gabe, nahi ez genuenetik eraiki dugulako gure praktika».
Era berean, argi dute «inbisibilizaturik eta infantilizaturik» jarraitzen dutela. «Moda bat izango bagina bezala, esperientzia puntual bat, inongo ikusgarritasun eta aitortzarik gabeko kolektibo bat». Horregatik egin dute euren artean saretu eta antolatzeko hautua: «Homosexual emakumeak soilik izango bagina beti bigarren plano batean egongo ginatekeelako: horregatik gara bollerak».
Bollera munduan egoteko beste modu bat bezala ulertzen dute B.A.L.A.-ko kideek, emakume kategoria zabaltzeko edo beste kategoria bat sortzeko subjektu bat. «Gure identitatea era kolektiboan ulertzen dugu, norbanako bezala ditugun esperientzia eta bizipenak zapalkuntza komun batetik datozelako baina baita ere proiektu politiko komun bat dugulako».
Sistema iraultzeko hautua
Gaur egungo sistemak ezartzen dituen harreman sozialak iraultzeko identitate bat direla uste dute, haiek sortzen dituzten botere harremanen eta gorpuzten ditugun pribilegioen hausnarketatik hasiz. Ez dute uste, beraz, “emakumeak maitatzeagatik” soilik zapaltzen dituenik sistemak, horrek dakarren eraldaketagatik baizik, sistema bera kolokan jartzea: «Erregimen heterosexual monogamoak egituratzen baitu sistema bere osotasunean. Garbi dugu gaur egungo sistema irauli ezean, aske bizitzeko eta beraz maitatzeko inork ez baitu izango aukerarik».
Egun, ordea, «ofentsiba neoliberala» bolleren identitatea asimilatzen dabilela uste du jaio berri den eragileak, beste identitate disidente batzuen artean. «Bollera izateak duen indar eraldatzailea deuseztatzen saiatzen da sistema kapitalista, hetero-patriarkatuaren disidentzia garen gorputzok kapitalismoan lekua izan dezakegunaren falazia sinestarazi nahian, bi sistema hauek era independentean jardungo balute bezala».
Proiektu politiko komun batek batzen dituela esaterakoan, sistema kapitalistaren kontsumo harremanei aurre egingo dien harreman horizontaletan sinesten dutelako da, «gure borroka ez delako “normaren” baitan lekua topatzea, “normatik” kanpotik zentroa bera lehertu dezakegulakoan baikaude».
Zentzu honetan, bollera izateak bere baitan komunitate bat dakarrela azaldu dute: laguntasunaren eta harreman horizontalen aldeko borroka. «Bollera identitatea, berez feminismotik, klase ikuspegitik eta antiarrazismotik antolatu daitekeen harreman eredua da; sare bat gisa, kolektibotasun bat, antolakuntza bat ; finean zaintza erdigunean jartzeko apustu irmo bat».
Maiatzaren 3an, aurkezpena
Ikusgarritasun Lesbikoaren egun hau eragile berria aurkezteko aprobetxatu duten bezala, aurkezpen publikoaren data eta lekua zehaztu dituzte: maiatzaren 3an izango da hau, ostiralean, 21:00etan Gasteizko Gaztetxean.
B.A.L.A.-ko kideek argi dute: «Kontzientziak astintzeko eta heteroarauari gerra deklaratuz sistema guztia zalantzan jartzeko jaio gara».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!