Erraietatik: “Artea jendarteari hurbildu eta eraldaketa prozesu bat izan behar da”
ERRAIETATIK irratsaioaren 50. edizioa ospatzen dugun honetan, 2019. urte berriari ongi etorria eman nahi izan diogu. Horretarako, askotan hizpide izan ez dugun mundu batean murgildu gara, artearen munduan, alegia, Irantzu Lekue artibista gasteiztarraren eskutik.
Izan ere, artea da gure gonbidatuaren bizitza goitik behera zeharkatzen duen ardatza. Eta Irantzuk ez du bere burua soilik artista garaikidetzat definitzen, baizik eta aktibista kultural gisa, artearen izaera eraldatzailea azpimarratuz. Irantzu Lekuek artibismoa eta arte irisgarria lantzen ditu bereziki, instalazio artistiko, bideoarte, margolan eta eskulturen bitartez. Arabako muralismoaren izen nagusietako bat ere bada, betiere herritarren partehartze kolektiboa baliatuz eta emakumeak lehen lerrora eramateko borondate tinkoarekin.
Gaztea den arren, atzetik ibilbide luze bat badu Lekuek, ez soilik formakuntzari dagokionez, baizik eta sorkuntzan zein bere obra artistikoaren bilakaeran ere. Ibilbide sendo honi esker, aipatu dugun bezala, Gasteiz, Araba eta Euskal Herriko artearen erreferente bat izatera iritsi da Irantzu.
Hau gutxi balitz, 2017ko ekainetik, Judimendi auzoan kokatzen den ArtGia sorgune eta aretoaren bultzatzailea da.
Solasaldi interesgarria izan dugu berarekin, gure hiriko panorama kultural eta artistikoaren inguruan hitz egiteko zein bere azken lanak ezagutzeko: #GoraBrotxak eta muralismoa, Arkitektoen Eskolako lobbyarekin izandako gatazka, #Fem_RIGHTS erakusketa, Eraldaketa SortzaileON Afera, ArtGia-ko neguko arte azoka edota ArtGia bera, besteak beste.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!