Zerbitzu publikoen defentsan eta kontrol sozialaren aurka mobilizatzeko deia egin du Gasteizko herri mugimenduak
Elkarretaratzea deitu dute Gasteizko zenbait kolektibok larunbat honetarako, 13:00etan Andra Mari Zuriaren Plazan "Kontrol sozial gutxiago. Zerbitzu Publiko gehiago" lelopean.
Zerbitzu publikoen defentsan eta poliziaren eta gizartearen kontrolaren aurka kalea hartzeko deia luzatu dute Gasteizko zenbait kolektibok. Elkarretaratzea burutuko dute larunbat honetan, azaroak 7, Andra Mari Zuriaren Plazan, eguerdiko 13:00etan.
Mobilizazioko deitzaileek hamar neurri betetzea eskatu diete instituzio publikoei, besteak beste zerbitzu publikoak indartzea eta biltzeko eta antolatzeko eskubideak bermatzea. Herritarren “oinarrizko baliabideak” bermatzea ere exijitu dute, hala nola, ura, elikadura, argia, gasa eta etxebizitza.
Pertsona ororen erregularizazioa bermatzea ere galdegin diete instituzioei “atzerritarren legearekin amaituz”. Gainera, isolamendu egoerak ahalbidetzen duen indarkeria matxista eta LGTBIfobikoarekin amaitzeko baliabideak ere aldarrikatu dituzte.
Erakundeei erantzukizun politikoa hartzea ere exijitu diete, eta, horrekin lotuta, herritarren aurkako kriminalizazioa etetea.
Kapitalaren neurrien kontra BIZITZAK DEFENDATU
🕛 Azaroaren 7an 13:00etan Andra Mari Zuriaren plazan. pic.twitter.com/t2fnRj2oGR
— SUMENDI espazioa (@SUMENDIespazioa) November 5, 2020
“Orain, inoiz baino gehiago, defentsa eta babes sare kolektiboak beharrezkoak dira bizi dugun pandemia ekonomiko, sanitario eta sozialari aurre egiteko. Ezarri diren neurrien oinarria herriaren kontrola eta kriminalizazioa da. Honen aurrean, prebentzio-, osasun- eta gizarte-neurriak eskatzen ditugu. Har ditzagun kaleak. Krisi honi aurre egiteko zerbitzu publikoak indartzea baita aukera bakarra” azaldu dute mobilizazioko deitzaileek.
Gasteizko herritar orori, eta bereziki eragile eta kolektibo sozialei luzatu diete larunbateko protestan parte hartzeko gonbita, uneoro osasun neurriak errespetatuko direla gogoraraziz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!