Urtarrilaren 30eko Greba Orokorra ate joka
48 ordu baino gutxiago falta dira urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako. Azken urteetako mobilizazioek hauspotuta dator deialdia. Lan, pentsio eta bizi duinen defentsan bat egingo dute eragile sozial eta sindikalek, datozen borrokei bultzada emango dien batasun ariketa batean.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak iragan urriaren 23an egin zuen publiko urtarrilaren bigarren hamabostaldirako Greba Orokorraren deialdia; lan, pentsio eta bizitza duinen defentsan. Hilabete frenetikoak etorri dira lehen aurkezpen publiko horren atzetik eta urtarrilaren 30eko Greba Orokorra ate joka dago dagoeneko.
Eskubide Sozialen Kartak pentsionisten mugimenduak luzatutako proposamenari heldu dio Greba Orokorra mahai-gaineratzerako orduan. Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta ehundik gora eragile sozialek sinatzen dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, 2013an abiatutako eztabaida prozesu batetik sortua. “Aldaketa sozialerako palanka” izatea du helburu. Planteamendua sinplea da: “lan, bizi eta pentsio duinak”. Aldarrikapenen artean 1.080 euroko pentsio minimoa, 1.200 euroko gutxieneko soldata edota azken urteetan onartu diren Lan Erreformak bertan behera uztea dira aldarrikapen nagusienetako batzuk. Ez dira bakarrak mugimendu desberdinek aldarrikapen taulak osatu baitituzte kolektibo zehatzen aldarrikapenak biltzeko.
Zazpi urte igaro dira Hego Euskal Herrian burutzen den azken Greba Orokorretik, 2013ko maiatzaren 30ean izan zen, 2008ko krisi ekonomikoak utzitako testuinguru gordinean. 2011, 2012 eta 2013 urteetan Euskal Herriko gehiengo sindikalak hiru aldiz luzatu zuen Greba Orokorrerako deia.
Gauza asko gertatu dira azken zazpi urte hauetan eta Greba Orokorren ausentziak ez du kaleko mobilizazioen tenperatura jaitsi. Aipatu bezala, pentsionisten mugimenduak luzatu zuen lehendabizikoz Greba Orokor baterako beharra. Pentsiodunek bi urte daramatzate Arabako plazak astelehenero pentsio publikoen defentsan hartzen, konpromiso eta konstantzia ariketa eredugarri batean.
Jesus Soubies Garatek “oso urduri” ikusten ditu Grebaren aurka azaldu diren alderdi guztiak: “ez dute pentsio sistema publikoaren jarraipena bermatu nahi”. Sindikatu eta eragile sozialek greba deialdiarekin asmatu dutela uste du
Mugimendu Feministak eman du kolperik indartsuena mahai-gainean eta azken bi Greba Feministen bultzada dakar urtarrilaren 30eko deialdira. Azken martxoaren 8ek irudi indartsuak utzi dituzte Gasteizko eta Arabako kaleetan.
“Naturaltzat” jo du Amaia Andrieuk, Bilgune feministako kideak, Greba Orokorra deitzea, greba feministen esperientziari segida emanez: “honek aukera ematen digu lan esparru guztietan greba deitzeko, soldatapeko lanean baina baita eremu pribatuan egiten diren doako lan horietan ere”.
Hiru ardatz nagusi landuko ditu Mugimendu Feministak urtarrilaren 30eko deialdian: Bizitzen prekarietatea, indarkeria matxista eta, azkenik, arrazakeria, gerra eta kolonialismoa.
Gazteak ofentsibara salto
Eta gazteak? Asko errepikatu da galdera hau azken urteetan. Belaunaldi berriak, ordea, kalean daude eta ez diote etorkizun duin baten aldeko borrokari uko egin. Egun bizi den prekarizazio prozesuak modu berezian kolpatzen ditu gazteak: enplegu prekarioak, emantzipatzeko zailtasunak, etxebizitza merkatuan ematen den espekulazioa, lan-aldi partzialak, kontratu ezak… ez dira fenomeno isolatuak.
Gasteizko Gazte Greba Komiteko kide den Miren Esnaolak egoera aldatzeko modu bakarra borrokatzea dela azpimarratu du: “urtarrilaren 30ean kaleak bete behar ditugu, gazteok ofentsibara salto egin behar dugu”.
Hamaika borroken batasuna
Greba berezia izango da ostegunekoa, eremu sindikaletik haratago arlo sozialak pisu nabaria izango baitu. Azken urteetan garatutako borroka desberdinek bat egingo dute urtarrilaren 30ean. Jabier Saenzek “oso interesgarritzat” jo ditu grebak eragingo dituen borroken arteko sinergiak. ESK sindikatuko ordezkariaren iritziz Greba Orokorra “langile klaseak bizi baldintzen hobekuntzan aurrera pausoak emateko eskura duen tresnarik eraginkorrena da”. Ezinbestekotzat du gizarteko sektore desberdinek batera borrokatzea “enpleguaren, pentsioen, eskubide sozialen eta bizitza duinen” alde.
Motorrak berotzen
Greba Orokorra, ordea, ez da hutsetik sortzen, sukalde lana ezinbestekoa da. Hiru hilabete hauetan Arabako eragile sindikal eta sozialak buru-belarri aritu dira urtarrilaren 30eko deialdi eta kontu desberdinak antolatzen.
Araban 18 Greba Batzorde sortu dira, Gasteizko hainbat auzotan, Aiaraldean, Arabar Errioxan, Lautadan eta Mendialdean esaterako. Propaganda banaketak, komertzioekin hartu-emanak eta bestelako ekimenak kudeatu dira bertatik. Horrez gain, Gazte Greba Komiteak antolatu dira eta mugimendu feministak eta pentsiodunen mugimenduak ere marko propioak garatu dituzte greba deialdiari heltzeko.
Gasteizko Gazte Greba Komiteak “Gazteok Ofentsibara” dinamika jarri du martxan “indibidualismoaren amua irentsi ez eta gazteria haserre eta prest dagoela erakusteko”. Egitarau zabala eraman dute aurrera urtarrilean zehar tailer, asanblada eta ekimen desberdinak burutuz. Aiaraldean ere antolatu dira gazteak eta urtarrilaren 29an Tubacex enpresan eskualdeko pikete zentrala burutuko dute, aurretik gazte manifestazio batek zeharkatuko ditu Laudioko kaleak.
Mugimendu Feminista ere arduratu da Greba Orokorrerako giroa berotzen. Kaleetan lau haizetara zabaldu du greba deialdia burututako ekimen desberdinetan. El Boulevard saltokian egindakoa da ekimen horietako bat: El Corte Ingles bloketau zuen gazte mugimenduarekin elkarlanean, karroak baliatuta Gasteizko merkatal zentro handiena gelditu zuten.
Dagoeneko ugariak dira dagoeneko Greba Orokorrarekin bat egin duten enpresa batzordeak. Araban Mercedes Benz-eko beharginak, Gasteizko Udaleko langileak, hezkuntza publikoko irakasleak, Forneri enpresako langileak Ikastolen elkarteko langile asanbladak edota Tubos Reunidoseko langileak batu dira dagoeneko grebara beste hamaika enpresa batzorderekin batera.
Tenperatura gora
Greba hurbildu ahala igotzen ari da kaleetako tenperatura. Horren adibide argia da larunbat goizean AP-1 autobidean egindako ekimena. 30 lagunez osatutako talde batek suzko barrikada batez moztu zuten autobideko zirkulazioa, Legutio parean, eta bi orduz egon zen trafikoa geldirik. Hala Bedik ekintzaren bideoa eta irakurketa jaso zituen, ekintzaileek urtarrilaren 30ean kaleak hartzeko deia luzatu zuten: «Herriak agindu eta gobernuak men egin behar du. Horregatik, estutu behar dugu, amore eman gabe. Aurrera egiteko garaia da!»
Araiako Kutxabanken bulegoaren aurkako ekimenean ere “Euskal Herria gelditzeko” deia luzatu zuten ere. Euskal Herriko beste zenbait txokotan antzeko ekintzak burutu dira Greba Orokorraren bezperan.
Aurrera begira
Urtarrilaren 31k ekarriko duena da, ordea, Greba Orokorraren alderdirik interesgarriena. Azken urteetako agenda markatu duten mobilizazio sozialen baterajotze honek, eragile eta borroken artean sortuko dituen sinergiak ezinbestekoak izango baitira bizitzak erdigunean jarriko dituen bestelako eredu sozio-produktibo bat sortzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!