Urtaranek baimena eskatu dio epaileari Olarizuko etxebizitzetako bizilagunak kanporatzeko
Okupatuta dauden 25 etxebizitzetan sartu eta utiarazteko eskaera egin du. Etxeak eraisteko lanak esleitu dizkiete jadanik bi enpresari.
Gorka Urtaranen gobernuak, “lanak etenik gabe egiteko aukera egonez gero” 5 hilabeteko epean eraitsi nahi ditu Olarizuko eraikinak. 21 hilabete daramatzate Olarizuko bizilagunek argirik eta urik gabe, 2019ko uztailean Udalak zerbitzuak moztu zituenetik. Orain, etxeak husteko hurrengo pausoa eman du alkateak. Gaur goizean aurkeztu dute dossierra epaitegian, baimena eskatuz Olarizuko 25 etxebizitza okupatuetan “sartu eta utzarazi ahal izateko”.
Urtaranek ere jakinarazi du etxebizitzak eraisteko lanak esleitu zaizkiela jadanik bi enpresari, eta 795.757,81 euro erabiliko ditu Udalak hau burutzeko. Campezo Obras y Servicios S.A. eta Excavaciones Iparlur SLU enpresak izango dira Olarizu eraitsiko dutenak, Udalaren asmoek aurrera egiten badute.
Eraiste lanak hasi ahal izateko etxeak hustu beharko dituzte lehenik. Arrazoi hau aipatu du Udalak lanek izan ditzaketen etenaldiak azaltzeko. Atzerapenak izatekotan, 14 hilabeteko epea ezarri dute gehienez etxeak botazeko, kontratua formalizatzen denetik aurrera.
Olarizuko bizilagunek, Okupatu zure bizitza! elkartean baturik, instituzioen koakzioa salatu zuten, pandemia betean urik eta argirik gabe bizitzera kondenatu zituztelako. Udalak “Olarizun bizi diren 40 familien auzian duen erantzukizunari entzungor” egitea leporatu zioten.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!