Trikuharri Gazte Asanbladak Gasteiz Hiribideko Simply supermerkatuari boikot egiteko deia luzatu du
Txagorritxuko Simply supermekertuak ere urteko 365 egunetan irekiko ditu ateak, 07:00etatik 01:00ak arte. “Langile klasearen aurkako eraso berri honen aurrean elkartasuna adierazteko eta komertzio hauetan ez erosteko” deia luzatu dute auzoko gazte asanbladako kideek.
Uda hasi aurretik, protestak ikusi ziren Gasteizko erdialdean: Supercor supermekerkatuak urteko 365 egunetan ateak irekiko dituela jakin zen orduan, 07:00etatik 01:00ak arte. Orain, ikasturte berriarekin, Supermercados Sabeco–Simply-k ere ordutegi berdina izango du eta igande eta jai egunetan ateak irekitzen hasi da. Hau, berriz, Txagorritxu auzoan kokatuta dago, Gasteiz Hiribidean.
Enpresa Komiteak (CGT, ESK, UGT) eta Jai Egunetan Denok Jaia plataformak ordutegi honi aurre egiteko erabakia hartu dute: Gasteiz Hiribidean kokatuta dagoenean supermekerkatuan igandero greba egiteko deia luzatu dute, abenduaren 31ra arte luzatuko dena.
Enpresa Komitetik eta Jai Egunetan Denok Jaia plataformetatik salatu dutenez, langileek 800 euro kobratzen dituzte hilabetean. “Orain, hori gutxi balitz, igandetan eta jai egunetan ere lan egingo dute, marka handiak gehiago aberasteko. Horren atzean jartzen duten aitzakia, gizarteari zerbitzu hobe bat eskaini nahi dietela da, baina bizi-kalitatearen aurkako eraso bat baino ez da hau”. Gainera, Enpresa Komitearen ustez, jendarteak ez du ordutegi zabal hauen beharrik: “Gasteiztarrek ez dute ordutegi zabal hau eskatu”.
Baina langileetatik eta sindikatuetatik haratago, auzoko eragileak ere mugitzen hasi dira. Horren adierazle da Trikuharri Gazte Asanbladak kaleratutako oharra eta boikot deia.
“Neurriok saltoki hauen langileen lan baldintzen prekarizazioa dakarte, esplotazioa bermatzen dute eta saltoki txikietan zuzeneko kaltea eragiten dute, epe motz zein ertainera hauen itxiera suposatuko duena”, gaitzetsi dute. “Gaur egun langile gehienok sektore ezberdinetan jasaten dugun prekarizazioaren bidea jarraituz, beste atzera pauso baten aurrean aurkitzen gara, honek dakartzan ondorioekin”.
Trikuharri Gazte Asanbladak argi dauka elkartasuna beharrezkoa dela kasu hauetan eta, beraz, auzo eta hiri mailan “esplotazio forma berri honen aurka borrokan dauden guztiei” babes mezua helarazi nahi izan diete.
Egoera honen aurrean, auzoko eta Gasteizko hiritarrei “langile klasearen aurkako eraso berri honen aurrean elkartasuna adierazteko eta komertzio hauetan ez erosteko” deia luzatu dute. “Egoera hau ohiko bihurtu ez dadin, abenduak 2 eta abenduak 23 igandeetan 11:30ean Supercor (Foru kalea, 22) eta 12:30eaan Simply (Gasteiz Hiribidea, 87) saltokietan antolatzen diren elkarretaratzeekin bat egiteko gonbitea luzatzen dizuegu, baita deituko diren beste mobilizazioetan parte hartzeko ere”.
Auzoko Alcampo berriarekin dagoeneko 2 lokal dira gasteizen 365 egun, jai egun eta igandeak barne, goizeko 07:00etatik gaueko 01:00ak arte irekita daudenak.
Auzoan zein hirian ez dugu horrelako komertziorik onartuko! 🔥💥
Auzoko gazteak langileekin! ✊#JaiEgunetanDenokJai pic.twitter.com/IThntByNhh— trikuharri (@trikuharri) November 26, 2018
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!