O no será-Edo ez da izango: Hiruki gatazkatsua
Zaintza lanak, enplegua eta militantzia egunerokoan uztartzeko emakumeok ditugun aukeren, baina bereziki oztopoen inguruan hitz egingo dugu.
Gai korapilatsu batekin gatoz, segur aski hautsak harrotuko dituen gai konplexu batekin, “Hiruki gatazkatsua” bezala definitu dena. Gai horrekin emakumeok bizi dugun errealitate bat jarriko dugu mahai gainean: zaintza lanak, enplegua eta militantzia egunerokoan uztartzeko emakumeok ditugun aukeren, baina bereziki oztopoen inguruan hitz egingo dugu, hain zuzen ere.
Aspaldi pil-pilean dagoen gaia da, horren adibidea erresidentzietako langileen grebak, etxeko langileen elkartearen aldarrikapenak edota zaintza eta etxeko lanetan dabiltzan emakume migratuen exijentziak dira, beraietako asko esklabotzaren antzeko baldintzetan lan egiten dutenak, atzerritarren kontrako legeak sortzen duen prekarietatearenpean. Baina azken hilabete hauetan pandemiak areagotu du gatazka hori.
“Hiruki gatazkatsua” liburua, Maria Sagastizabal Emilio-Yus gasteiztarrak idatzi duen liburua da, bere doktorego tesian oinarritutakoa, eta orain gutxi LISIPE bilduma feministan argitaratua.
Marina soziologoa da, EHUko irakaslea, militante feminista eta, bereziki, laguna dugu.
Marinak bere liburuaren sarreran aipatzen duen moduan, eguneroko bizitzari lotutako hausnarketa jaso nahi izan du, liburu horretan hiruki gatazkatsua da mintzagai: emakumeon egunerokoan gauzatzen diren hiru dimentsioen artikulazioan oinarritzen dena, hala nola, etxeko eta zaintza lanak, ordaindutako lana eta parte hartze soziopolitikoa. Hain zuzen ere, hiru eremu horiek gure bizitza zikloetan nola zeharkatzen gaituzten azaltzen da, horiek gauzatzeko denborak nola uztartzen diren edo talka egiten duten, zer-nolako estrategiak garatzen ditugun hiru denbora hauekin malabarrak egiteko, halaber, bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka gorpuzten dutenean esperientziak ezagutu eta beste mundu bat amesteko abiapuntua izango da.
Liburuaren lehen atalean hiruki gatazkatsuaren abiapuntua eta denboraren aferari buruz hausnartzen du Marinak. Hemen, doppia presenza egoera aipatu eta azaltzen da, emakumeak etxean eta etxetik kanpo lan egin behar izateak zekarren lan karga eta denbora falta mahai gainean jarriz.
Zaintza eta produkzio lanei eskaintzen zaien denbora hain da handia parte hartzea sozialerako dedikazioa ia ezinezko bihurtzen baitu. Horrek azaltzen du militantzian edo esparru politikoan orokorrean, emakumeon presentzia askoz urriagoa izatea gizonezkoekin konparatuta. Galdera asko jasotzen dira testu guztian zehar… Zergatik egiten dute emakumeek lana dohainik? Zergatik dituzte gizonek baino diru sarrera gutxiago nahiz eta lan handiagoa egin? zer ondorio ditu emakumeentzat haien lanaren herena eta, kasu askotan, erdia musu-truk izateak? Zer ondorio ditu gure bizitza kapitalaren arabera antolatzeak? Zergatik da emakumeen parte hartzea politikan murritzagoa, esporadikoagoa, motzagoa eta gogorragoa? Zergatik hezten dituzte haiek seme-alabak? Nori egiten dio mesede sistema honek? kontziliagarriak al dira kapitalaren eta bizitzaren erritmoak?
Hori da, beraz, gaurko irratsaioan jorratu nahi dugun gaia, emakumearen presentzia hiru esparrutan: etxean, etxetik kanpoko lanean eta militantzian. Gainera, horren kudeaketan denborak duen garrantzia agerian jarri nahi dugu. Horretarako, errealitate hori bizi duten 3 emakumeen testigantzak jasoko ditugu, Amaia Txurruka Maiztegi, Susana Leyton Camardelli eta Amancay Villalba Eguiluzen bizipenak. Amaitzeko, egoera horren aurrean planteatzen diren estrategiez ere arituko gara.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!