Palestinar herriaren kontrako sarraskia gelditzeko eskatu dute Gasteizen
BDZ-Gasteiz, Askapena, Al Indimay, Emakumeok Gerraren Aurka eta Ongi Etorri Errefuxiatuak deitua mobilizazioa burutu dute Gasteizko Plaza Berrian. Maiatzaren 10etik aurrera gutxienez 232 palestinar hil dituzte Gazako Eremuan eta 1.900 palestinarretik gora izan dira zaurituak Israelen bonbardaketen ondorioz.
Israeleko erasoaldia salatzeko , Israelgo Gobernuak eta Hamasek “baldintzarik gabeko eta aldebiko su-etena” egitea onartu dutela jakin dugun egunean, berriz ere kalera atera dira herritarrak Gasteizen. Bertan gogorarazi dutenez 73 urtetik gora bete dira Palestinako okupazioa eta garbiketa etnikoa abiatu zenetik eta garbiketa etniko horretarako ezinbestekoak diren populazio arabiar palestinarraren bazterkeria eta giza eskubideen zein nazioarteko zuzenbidearen urraketa sistematikoak normalizatzen dituen legedi arrazista salatu dute ere.
Israel Apartheid estatu bat dela gogorazi dute “nabarmen frogatuta dagoelako Israelek apartheideko eta bazterkeria arrazistako politikak ezartzen dituela Palestinako populazio arabiarraren kontra”. Eta Apartheid erregimen hori mendebaldeko gobernuen eta enpresen onespenak sustengatzen duela adierazi dute.
Euskal Herria ez da salbuespena.
Euskal erakundeek ere, Israelgo estatuarekiko harreman adeitsuak izateaz gain, sionismoarekiko elkarlana sustatzen dutela salatu nahi izan dute ere. Bizkaiko Foru Aldundiak, besteak beste, startups SOSA erakundearekiko lankidetza akordioa sinatu du; Turismorako Euskal Agentzia etengabeko ahaleginak egiten ari da israelgo turismoa erakartzeko; eta euskal erakundeak Israelekiko ekonomia eta merkataritza harremanak sustatzen ari dira.
CAF trengintza enpresa
CAF trengintza enpresa eraikitzen ari den Tranbiaren eraikuntza ere ekarri dute gogora. Izan ere, Jerusalemeko Sheikh Jarrah auzoan 28 familia palestinarrak etxegabetzeko mehatxupean bizi dira. Kolono israeldarrei emateko desjabetu nahi dizkiete etxebizitzak. Tranbia horrek eremu palestinarrean kokatutako koloniak Jerusalemeko hirigunearekin lotuko ditu, eta garbiketa etniko kanpainia bat pairatzen ari den auzune hau zeharkatzen du.
Mobilizazioaren deitzaileek euskal erakundeei exijitu diete bertan behera utz ditzatela Israelgo estatuarekin dituzten harreman diplomatiko eta akordio guztiak; direla kultura, irakaskuntza zein ekonomia arlokoak; harik eta Israelek nazioarteko zuzenbidea bete dezan. Bertan bera utz ditzatela inbertsioak Palestinako okupazioarekin aberasten diren enpresetan; CAF konpainian, kasu. Baita ere presioa egin diezaiotela Espainiako Gobernuari Juana Ruiz Sanchez langile humanitarioa pairatzen duen bidegabeko espetxealditik libre utz dezaten. Azkenik, dei egin diote euskal gizarteari Palestinako herriarekiko elkartasuna areagotu dezan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!