Martxoaren 8 honetan, mobilizatzeko deialdi ugari Araban
Gaur, martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dela eta, hitzordu ugari antolatu dira Arabako herrietan mugimendu feministak deituta. Ekimen nagusiak arratsaldez egingo diren arren, Gasteizko EHUko kanpusean hasi dira jadanik mobilizazioak.
MARTXOAK 8 MOBILIZAZIOA | Hasi gara‼️ Magiisteritzako fakultatearen bidean gaude!
Animatu! pic.twitter.com/cyhvHNGpYh— GUET (@Guetgasteiz) March 8, 2022
Mugimendu Feministak arratsaldeko 19:00etan deitu du manifestazioa Gasteizen, San Anton plazatik. Aurten, “Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra” lelopean mobilizatuko da Euskal Herriko Mugimendu Feminista. «Sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista kiskali» eta egungo eredua errotik erauzi nahi du mugimendu feministak, eta horren gainean «bizitzea merezi duen mundu bat eraiki», feminismoaren bidetik. Borroka eta aldarrikapen ezberdinak hartu dituzte ardatz: Atzerritarren Legea baliogabetzeko eskatu diote Espainiari; etxeko lanak eta zaintza lanak «produktiboak eta politikoak» direla aldarrikatu dute, eta nabarmendu egungo zaintza eredua «emakumeen esplotazioan oinarritzen dela, eta, bereziki, emakume migratuenean».
Itaia sareak, bere aldetik, 18:30etan deitu du mobilizazio propioa, Andra Mari Zuriaren plazatik hasita. Krisi kapitalistaren testuinguruan, emakume langileen lan baldintzak okertu egin direla salatu dute eta zaintza lanen karga handitu, alderdi ekonomikoari dagokionean. Horri, baina, burgesiaren ofentsiba kulturala ere gehitu behar zaiola azpimarratu dute, hipersexualizazioa indartuz eta horrela zapalkuntza betikotuz. Horren aurrean, kalera ateratzeko dei egin du Itaiak, “miseriara eta biolentziara kondenatzen gaituen gizarte kapitalista honen aurrean, emakume langileon antolakuntza eta gure zapalkuntza gainditzeko berme bakarra den sozialismoaren eraikuntza aldarrikatzera”.
Gorbeialdeako Mugimendu Feministak kaleen aktibazioa hasiko du 16:30etan udalerrietan, eta manifesatzioa egingo dute 19:00etan Sarriako bidegurutzeko parkingetik. Martxoaren 11an gau feminista egingo dute Murgian.
Aiaraldeko Mugimendu Feministak ere egun osoko egitaraua antoaltu du. 12:00etan eskualdeko ikasleen kontzentrazioa egin dute Laudioko institutu aurrean. 12:30etan Orozkoko Artiach-eko langileekin elkartasun ekimena egin dute lantegian bertan. 14:30etan Orozkoko Ibarra auzoan Madres Mercedariaseko langileekin mobilizazioa egingo dute. Azkenik, eskualdeko mobilizazioa Orozkoko plazatik, arratsaldeko 17:00etan.
Pikete feminista @ArtiachBorrokan oraintxe bertan.
Prekarietateari SUA🔥#Martxoak8 pic.twitter.com/PyXJ3pSO1x
— Sortu Aiaraldea (@SortuAiaraldea) March 8, 2022
ALEA hedabideak albiste batean bildu ditu martxoaren 8an zein aurreko eta ondorengo egunetan Araban mugimendu feministak, tokiko erakundeek eta bestelako eragileek antolatutako mobilizazioak, ekimenak eta ekitaldiak: hemen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!