Manex Agirre izan da garailea Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalerdian
KRONIKA
Indartsu dago Arabako bertsozale komunitatea. Bat baino gehiago izan ginen larunbateko finalerdirako sarrera ozta-ozta lortu genuenak, Aramaioko Kultur Etxean sold out kartela eskegiko zutenik ez baikenuen aurreikusi. Pozik ginen beraz entzuleak.
Etxaun Otaño gai jartzailearen atzetik sartu ziren Eli Zaldua, Unai Anda, Iñaki Viñaspre, Ekaitz Samaniego, Manex Agirre eta Peru Abarrategi bertsolariak. Azken biak aramaioarrak: saioaren garailea eta aurreko txapelduna, hurrenez hurren.
Entzuleok pozik, eta txapelketak dakarren urduritasun eta ezinegonak alde batera utzita ziruditen bertsolariek ere. Hala kantatu zuen Eli Zalduak hasierako agurrean: “zenbat buruhauste, total berdin gelditzeko kutre”, eta ahal zuen beste gozatzera zetorrela. Adar jotzeak eta aldarrikapenak izan ziren agurretan batez ere lekua hartu zutenak.
Hasi zen saio puntuagarria. Zortziko handia. Bi auzokide solasean, gaztetan Andaluziatik migratu eta neskame aritu ostean, orain 80 urterekin, etorkin bana kontratatu dutenak norbera zaintzeko. Kontraesanean murgilduta dauden bi pertsonaren ahotsak izan ziren Eli Zaldua eta Unai Andarenak. Unairen “nik nahi nukeena da hau egiteko beharrik ez izatea” esaldiarekin itxiz eztabaida.
Manex eta Peruk, aldiz, udaltzainek bankutik bota dituzten bi etxegaberen gorputzetik kantatu zuten. Dotore aritu ziren biak ere, injustizien aurka eta bizitzaren alde: “etxean edo etxerik gabe / bizitza da handiena” bukatu zuen Manexek.
Hamarreko txikian Eli Zaldua eta Iñaki Viñaspre bi anai arrebaren paperean jarri zituzten. Gurasoak duela urte batzuk banatu ziren eta orain bikote berriak dituzte. Eli pozik dago, Iñakik sentimendu kontrajarriak ditu ordea. Etxerik etxe, bere lekua ezin topatu dabilen haurra ekarri zuen Viñaspreren ahotsak, eskerrak emanez arrebari bukaeran beti ondoan izan duelako.
Ganbarako lanean ere maila eman zuten bertsolariek. Etxera bueltatu zara azkenean. Ez da izan espero zenuen moduan. Ekaitz Samaniegoren bertsoak ekarriko ditut hona, ederrak izan baitziren:
“Zortzi urtez preso egon
ta ireki dute atea
berriz ere naiz itxuraz
lehen nintzen bezain askea.
Etxea berriz ikusi
ta txikitako parkea,
nahi nuen buelta ederra
ideala izatea.
Baina hortxe hasi egin zen
laguntasunen eskea
hutsik zegoen nire ondoko
konpainiaren partea.
Eta horrela dijoa
zailtxo leheneno urtea.
Ez da erraza izaten
espektatibak haustea.
Errealitatea izaten da
noizbait horren krudela.
Betea nun egunero
jaki goxoez sabela
eta goraino zijoan
hutsunearen nibela.
Baina hori ez zen izan
nire buruaren eskela,
jaso dut lagun berrien
laguntza oso epela.
Denbora eman behar zitzaion
ta ezin zen izan bestela,
orain pozik esango dut
sentitzen dudan bezela
bizitza berreraikitzen
oso gogoz nabilela”.
Hunkituta entzun genituen bertsolarien agurrak. Hunkigarriak izan ziren horiek ere. Senide eta lagunez oroitu ziren Peru eta Manex. Zaballako bertso eskolaz Viñaspre. Elik laguntasunari kantatu zion berriro, Ekaitzek bezala. Arabako bertsolaritzaren ezaugarria da akaso lehiaren aurkakotasuna.
Manex Agirrek irabazi zuen saioa eta martxoaren 16ko finalerako sailkatu horrela. Asteburu honetan jokatuko da hurrengo finalerdia.
Hauxe sailkapena:
372 punturekin Manex Agirre garaile
365,5 Peru Abarrategi
354 Iñaki Viñaspre
337 Unai Anda
331,5 Eli Zaldua
305 Ekaitz Samaniego
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!