‘Gasteizen Friday’s for Future’ asanblada egonkor batean bilakatzailea erabaki dute
Martxoaren 15eko mobilizazio arrakastatsuaren ostean, Gasteizen Friday’s for Future asanblada egonkor bat osatzea erabaki dute sustatzaileek. Gasteizko Udaleko ingurumen-politika salatzeko, eraztun berdean bildutako zaborra Udaletxe atarian utzi dute.
Aurreko martxoaren 15eko klima-aldaketaren aurkako mobilizazio arrakastatsuaren ostean, Gasteizen Friday’s for Future asanblada egonkor bat osatzea erabaki dute sustatzaileek. Asanblada berri hau aurkezteko asmoz, aurreko apirilaren 6an Eskibel inguruan bildu ziren inguruko baso, erreka eta landetan zegoen zaborra biltzeko.
Astelehenean, ordea, asteburuko ekintza borobildu zuten bildutako zaborra Udaletxeko atean utziz. “Era honetan instituzioek emergentzia klimatikoari aurre egiteko duten erantzukizuna azpimarratu nahi dugu. Benetan katastrofe egoera bat ekidin nahi badugu instituzioek neurri sakonak martxan ipini beharko dituzte eta”, azaldu dute osatu berri den asanblada egonkorretik.
Salatu dutenez, nahiz eta Gasteizko Udaletik behin eta berriz aipatu “Green Capital” hitzak, “azkenengo urteetan ez da ia-ia aurrera egin klima aldaketaren aurkako borrokan“. Adibidez, kasu batzuetan ingurugiroan eragin oso negatiboa duten proiektuak ere ez direla geldiarazi gaitzetsi dute, Subijanako gas putzuak kasu. “Proiektu hau bertan behera geldituko litzateke Udalak ezezkoa emango balio bertako lurrak berkalifikatzeari”.
Hala ere, sustatzaileen ustez, dena ez da negatiboa udal barruan. Bertako hainbat teknikari “lan ederra” egiten dabiltzla uste dute, esate baterako, aurreko ostiralean Gasteizko potentzial fotoboltaikoari buruzko txosten bat aurkeztu zutenek. Universidad Politécnica de Madrideko bi ikertzailek egindako txosten honek azaltzen zuen legez Gasteizko teilatu guztietan eguzki-plakak instalatuko balira, hiriak autosufizientzia energetikoa lortuko lukeela.
“Zergatik Udalak ez du iniziatiba hartu eta energia enpresa publiko bat sortzen plaken instalazioa sortzeko?”, galdetu dute Friday’s for Future Gasteiz ekimenetik. “Aldaketa klimatikoaren aurka hainbat neurri jar daitezke martxan, noski: hondakinak, elikadura, garraioa… Eta Udala bakarrik ez, baizik eta erakunde guztiak barnebiltzen dituzten neurriak”. Zentzu honetan, laster egingo dute publiko neurri zerrenda zabalago bat, beste instituzio batzuk ere interpelatuz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!