Faltsua izan daiteke Gasteizen emakume batek salatu zuen jipoia
Urriaren 24an emakume batek lau mutilen artean jipoitu zutela salatu zuen. Voxeko hautagai izandakoa zen emakumea eta jipotu zutenak "etorkinak" zirela salatu zuen. Gaur-gaurkoz, segurtasun kamaretan inolako frogarik aurkitu ezin dela eta, delituaren itxura egitea egotzi diote emakumeari.
Irudia: erasoaren aurkako kontzentrazioa Batanen / noticiasdealava.eus
Joan den urriaren 24an emakume batek aurreko igande goizaldean hainbat gizonen artean jipotu zutela salatu zuen. Etxerako bidean izan zen ustezko jipoia, Batanen, Mendizorrotzako auzoan. Emakumeak esan zuenez, lau mutil segika aritu zitzaizkion eta alde egiten saiatu zenean gerturatu eta jo egin zuten.
Ondoren egindako deklarazioetan erasotzaileak “etorkinak” eta “magrebiarrak” zirela ziurtatu zuen, besteak beste. Hainbat komunikabidek jasotako testigantzetan azpimarratu zuen erasotzaileen ustezko jatorria. PP eta Vox alderdiek oihartzun handia eman zieten gertakariei eta Batan auzoko elkarteak deitutako kontzentrazioan ere izan ziren. Emakumea Voxeko hautagaia izandakoa da.
Ia bi aste igaro dira salaketa jarri zuenetik eta, gaur-gaurkoz, inguruko segurtasun kamarek ez dute ustezko erasoaren inolako irudirik jaso. Gauzak horrela, salatutako gertakariak faltsuak izan daitezkeela zabaldu du Segurtasun Sailak eta emakumeari delituaren itxura egitea egotzi dio Ertzaintzak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!