Zarataren aurkako ordenantzaren aurrean kezka agertu dute Alde Zaharreko taskeroek
Alde Zaharreko ostalari eta auzokideek salatu dute 2010eko zarataren aurkako udal ordenantza aurten indarrean sartzeak lokal asko "zuzenean ixtera" eramango dituela. Irtenbide "koherente, orokor eta errealista bat" exijitu diote Gasteizko Udalari. through Alea.eus
Kutxiko Taskeroek eta Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak prentsaurreko bateratua eskaini dute asteazken honetan, «teorikoki» urte amaieran indarrean sartuko den zarataren aurkako udal ordenantzaren (2010eko irailaren 24koa) aurrean beren kezka agertzeko.
2021eko azaroan, Gasteizko Udaleko Ingurumen Sailak sektoreko hainbat elkarte deitu zituen bilera informal batera, hamar urte beranduago ordenantzak izango zituen ondorioen berri emateko. Alde Zaharreko ostalariak «berehala» hasi ziren lanean, «ostalaritzarentzat oro har eta Alde Zaharrarentzat bereziki ekar ditzakeen ondorioak» ezagutu zituztenean.
Lehenik eta behin, moratoria bateratu bat eskatzea proposatu zuten, «bizkortasuna eta hamar urte baino gehiagoko isiltasun instituzionala» ikusita, informazioa lortu ahal izateko eta neurri egokiak hartu ahal izateko —hasteko, lokalen egoerak ezagutzeko neurketak egiten—.
«Non dago Udalaren borondatea?»
«Ostalaritzako langileriaren sostengua dago jokoan beste behin ere, eta, horregatik, irtenbide koherente, orokor eta errealista bat planteatu behar dugu, gaur egungo beharrizanetara zuzenduta, irakurlearen arabera interpretazio gehiegi dituen ordenantza dela kontutan hartuz», ohartarazi dute.
Ostalariak eta bizilagunak «beldur» dira ordenantzaren atzean «Alde Zaharra ezkutuan birmoldatzeko aukera» egongo ote den. Izan ere, «eraikuntzako ordenantzaren neurri guztiak» aplikatu nahi zaizkiela salatu dute: «Horrek lokal asko zuzenean ixtea eragingo du, eta hori, udal gobernuko jaun andreok, ez dugu onartuko!», ohartarazi dute.
Kezkarekin batera, arazoa konpontzeko borondatea agertu dute taskeroek, baina bere borondatea non dagoen galdegin diote Udalari: «Guztiok dakigu lokal bat intsonorizatzeak kostu ekonomiko handia duela, kasu askotan onartezina, eta are gutxiago ordenantzari egokitutako finantzaketa-lerrorik gabe», salatu dute.
Azalpena, berroneratzea eta finantzaketa
Bestalde, ordenantzaren barruko puntu batek bereziki deitu du taskeroen arreta: bigarren xedapen iraunkorraren 1.5 puntuak dio «Udalak birmoldaketa plan bat egin beharko duela, eta plan horretan finantzaketa lerro bat ezarriko dela ostalaritzako establezimendu publikoen isolamendu akustikoa egokitzeko».
«Noiz egin da plan hau? Nork egin du jarraipena? Zein dira lortutako emaitzak?», galdetu dute prentsaurrekoan. «Udal gobernutik ez digute inoiz jakinarazi lokal bakoitzaren errealitatearekin bat datorren finantzaketa lortu ahal izateko plan bat zegoenik. Xehetasun txiki bat da, bai, baina lokalen egokitzapena ahalbidetuko eta, ondorioz, haien etorkizuna eta biziraupena ziurtatuko luke».
Azkenik, «hausnarketa positiboa» egiteko eskatzen diote Udalari. Baina horretarako eskatu dute ordenantzak dioena «behar bezala» azaldu behar zaiela, lokal bakoitzaren egoerarekin bat datorren berroneratze-plan zorrotza egin behar dutela, eta «arazo hori konpontzeak eskatzen duen seriotasunarekin bat datozen» finantzaketa-lerroak eman behar dituztela.
«Gu gara hori konpontzeko lehen interesatuak, bakean lan egin nahi dugulako, eta gure bezero zein bizilagunekin bizikidetza ona izan nahi dugulako», gaineratu dute.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!