Zaballako azken heriotza ikertzea eskatu du presoaren familiak
Salhaketa elkarteak mobilizazioa egin du Gasteizen, Zaballako kartzelan gertatutako azken heriotza salatzeko. Presoaren senideek jakitera eman dute gorpua Aljeriara eramateko baimenaren zain daudela eta auziaren prozeduran aurkeztuko direla. through Alea.eus
Otsailaren 28an, gazte bat hilda aurkitu zuten Zaballako espetxean. Malek zuen izena, 22 urte zituen, 14 urterekin iritsi zen Aljeriatik Euskal Herrira, eta 2020ko irailetik zegoen preso. Aurreko kasu ugaritan ez bezala, Eusko Jaurlaritzak egunean bertan jakinarazi zuen heriotza: espetxeko langileek 08:00etan topatu zuten gorpua, zenbaketa egiteko ziegak ireki zituztenean.
Horrez gain, Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak prentsaurreko batean azaldu zuen presoa ez zegoela suizidioen prebentziorako programan —senideek aurrez ere bere buruaz beste egiten saiatu zela azaldu duten arren— eta ez zuela «biolentzia zantzurik».
Astebete beranduago, eta azken egunetan Martuteneko kartzelan beste preso bat hil ostean, Salhaketa elkarteak elkarretaratzea antolatu du astearte honetan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, espetxean gertatutako bi heriotza horiek salatzeko, baita «euskal lurraldetan preso dauden pertsonek bizi duten egoera» kritikatzeko ere.
«Horrela, beren buruaz beste egitea irtenbide bakartzat jo dezakete», ohartarazi du Ander Abascal Salhaketa elkartearen bozeramaileak. «Bi kasuetan, ez da aintzat hartu suizidioaren aurkako protokoloa. Eta akats hori larritasun handikoa eta atzera bueltarik gabekoa izan da. Kartzelako arazoaren izebergaren punta baino ez da».
Ikerketa eta aberriratzea
Bestalde, hildako presoaren senide Zuriñe Rodriguezek jakitera eman du familia auziaren prozeduran aurkeztuko dela, iker dadin Malek «zer egoeratan zegoen» eta «espetxeak behar bezalako arduraz jokatu ote duen». Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiaren esku dago auzia.
Senideek salatu dutenez, haiek izan ziren laguntza bila Justizia Sailarekin harremanetan jarri zirenak, «eta ez alderantziz». Horrez gain, familiari «gorpuaren kargu egiteko oztopoak» jarri izana leporatu diote espetxeko zuzendaritzari. Eta beilatokian bizitakoa ere gogor kritikatu dute: Malek musulmana izan arren, beilatoki katoliko batera eraman zuten —Lauzurika, «hiriko garestiena»—; gainera, kalez jantzitako poliziak bertaratu zirela salatu du Rodriguezek.
Une honetan, gorpua Aljeriara eraman nahi dute, baina aberriratzeko prozesuan aurkitutako «arazo burokratikoak» salatu dituzte. Hala ere, pasaportea eta heriotza ziurtagiria zailtasunekin lortu eta entregatu ostean, Aljeriako kontsulatuaren baimenaren zain daude orain, hilotza lekualdatu ahal izateko.
Horretarako, 5.000 euro baino gehiago beharko dituztela aurreikusi dute, hileta gastuak 7.000 eurokoak izango diren bitartean. Gastuak guztira 12.000 eurotik gorakoak diren arren, Justizia Sailak 5.000 euro baino ez dizkie eman senideei, hainbat orduko negoziazioaren ostean.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!