Ustelkeriak Sabin Etxearen atea jo du
Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handienetakoa da De Miguel auzia. Besteak beste, dirua zuritu, legez kanpoko komisioak jaso eta hirigintza operazioekin iruzurra egitea egozten diete Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiaz gain auzipetutako beste 25 laguni, horietako asko alderdi jeltzaleari oso lotuak. Ikusteke dago euskal Gürtelak zer faktura ekarriko duen, baina Sabin Etxean aspaldi ari dira altzariak estaltzen alderdia ahalik eta gutxien zipriztintzeko.
Argia.eus bidez
“Boterea dute, ez dira pertsona isolatuak edo beroaldiak, baizik eta establishment osoak babesturiko jendea”. Josu Izaguirre fiskalaren hitzak, Gasteizko etorbidean dagoen eta okasiorako propio handitu duten Arabako Justizia Jauregiaren horma sendoak igaro eta Bilboko Albia lorategiraino iritsiko ziren seguruenik urtarrilaren 18an, De Miguel auziaren epaiketa hasi zenean. Fiskalaren argudioa misil balistiko bat bezalakoa da Sabin Etxean ondu duten diskurtsoaren kontra, eta epaiketan zehar batzuk eta besteak izaten ari diren jarrera taktikoaren erakusgarri da.
Espainiako Estatuan ustelkeria kasu batek bota ditu gobernuan zeudenak, Kongresuan oposizioaren gehiengoak mozioa onartu eta gero. Mariano Rajoyk gutxi esperoko zuen bi aste lehenago estatu aurrekontu orokorren tramitea igarota halako trantzean aurkituko zuenik bere burua: ustelkeriagatik kalera. EAJ izan da alderdi popularrari ostikoa jo diona, Aitor Estebanen hitzetan “etika politikoagatik eta erantzukizunagatik”; izan ere, diputatu jeltzalearen esanetan Gürtel auziaren sententzia “mugarria” izan da.
Paradoxikoki, gurean, euskal Gürtel ere deitu izan den De Miguel auzian, EAJren itzala edonon ikus daiteke. Bere buruzagiak saiatu dira kasua alderdiarengandik bereizten, esanez hemen ez dagoela alderdia finantzatzeko inongo azpijokorik –Valentziako PPrekin ez bezala–, eta Iñigo Urkullu lehendakariak ere adierazi zuen gertaera “isolatu” bat dela, ustelkeriak ez duela “bat egiten gure kulturarekin eta balore politiko eta sozialekin”. Auzian inplikatutako EAJko kideei euren afiliatu karnetak entregatzeko eskatu zieten gainera.
Zergatik behar izan zituzten De Miguelek, Otxandianok eta Telleriak hamar hilabete EAJko afiliatu karnetak entregatzeko?
Errealitatea egoskorra da ordea, galde diezaiotela Moncloako lehengo maizterrari. Zergatik behar izan zituzten hamar hilabete karnetak entregatzeko? Zerrenda batean jarriz gero De Miguel auzian nahastuta daudenak, jabetuko gara Arabako egitura jeltzalea bete-betean harrapatu duela ustezko ustelkeria kasuak (ikusi 27. orrialdeko koadroa). Esaterako, Araba Buru Batzarreko kide esanguratsuak daude zerrenda horretan: Alfredo de Miguel –foru diputatu ohia ei zen sarearen erdian zegoena, Iñaki Gerenabarrena Arabako EAJko presidente ohiaren oso gertukoa–, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano; baita alkate izandakoak eta Eusko Jaurlaritzako kargudunak ere. Hala Bedik antolatutako mahai-inguru batean Jose Manuel Cámara kazetariak azaldu zuen gisan, “EAJ zen dena batzen zuen pegamendua”.
Fiskalari emandako audioetan entzun daiteke Etxaburu enpresaria esanez ustezko komisioa «normala denaren barruan» zegoela, horrelako jokabideak zein zabalduta egon litezkeen antzemateko balio duen esaldia
“Zer egingo dugu inozo honekin?”
Arabako Justizia Jauregiko auzi-saioek gutxienez datorren azarora arte iraungo dute. 26 auzipetu daude eta denera hamaika delitu egozten diete, tartean eroskeria, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa. 439 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak akusatuentzat: Alfredo de Miguelentzat 54 urte, eta besteentzat 32 eta 4 urte arteko zigor eskaerak daude. 150 lekuko inguruk hartuko dute parte saioetan eta 20 perituren iritzia jasotzea espero da. Epaiketaren iraupen luzeak zenbait momentutan bere eragin mediatikoa lausotzea ekarri du.
Seguruenik orain arteko saioetan arreta gehien deitu duena lekuko nagusiaren deklarazioa izan da: Ainhoa Alberdi enpresariarena. Berak azaleratu zuen 2009an kasua. Alfredo de Miguelek eta Aitor Telleriak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela salatu zuen, Miñanoko teknologia parkeko hedakuntza obrak Urbanorma Consulting bere enpresari esleitzeagatik, eta hori frogatzeko elkarrizketen grabazio batzuk eman zizkion Arabako fiskalari. Haietan entzun daiteke Alberdiren bazkide ohi eta Arabako obra publiko ugari egindako Jon Iñaki Etxaburu enpresaria esanez komisioa “normala denaren barruan” zegoela, horrelako jokabideak zein zabalduta dauden antzemateko balio duen esaldia. Hari horretatik tiraka, beste 700.000 euro komisiotan, 16 milioi euroko eragiketa irregularrak eta 65 milioi euroko hirigintza operazio antzu bat atzitu dute.
“Zer egingo dugu inozo honekin?”, galdegin zuen e-posta bidez Alfonso Arriola Miñanoko kudeatzaileak, Alberdik egindako obren faktura pasa zionean. Enpresariak estortsio saiakera ere salatu du, komisioa ordaintzeari uko egin zionean haren aita Juan Antonio Alberdirengana jo baitzuten –EAJko militantea– dirua eskatzera. Hortik aurrera, gainera, beste obretan “betoa” izan zuela dio lekukoak.
Adi! Arabako ustelkeriaren aurkako elkarteak epaitegi aurrean elkarretaratzea egin zuen lekukoari babesa adierazteko “jasan dituen mendeku, presio eta deskalifikazio pertsonalen aurrean”. Alberdik fiskaltzan salaketa jarri zuenetik mediku tratamenduan dago. Bere intimitatea babesteko neurri bereziak behar izan ditu deklaratzeko unean, eta hala ere akusatu eta ustezko delitugileengan beharrean lekuko baten bizkarrean jarri dituzte hedabideek begirada guztiak. “Pertsegitua” izan dela azaldu du Alberdik. Defentsaren abokatuek ordu luzez itaun dute auzi-saioetan, haren osasun egoeraz, ogasunarekin ustezko arazoez, fiskalarekin zuen harremanaz… zenbait kasutan burla egiteraino; Iker Rioja El Diario.es-eko kazetariak bere kronika luze eta zehatzetan deskribatu du hori guztia.
Abokatu horiek oso ezagunak dira EAJren inguruan: Cuatrecasas bulegoko Gonzalo Susaeta, Javier Beramendi –Bravo, Cabieces eta beste zenbait auzitan aritutakoa–, Ricardo Palacio –hau ere Bravo auzian aritua–, Eneko Goenaga, Jesús Villegas, Carlos Chacón… horietako askok EAJn karguak izan dituzte. Badirudi Andoni Ortuzar buru duen alderdiak bere zuzenbide aparatu guztia akusatuen esku jarri duela. Modu bitxia auzipetuek “EAJrekin zuten harremana garbitzeko”, Urkulluk esan zuen gisan.
Afiliatu karneta galdu dute, baina zenbaitek soldata publikoa ez: Alfredo de Miguel berak Hazi-n lanpostua eman diote, “eskubide laboralak indarrean” dituelako, fundazioko zuzendariaren esanetan. Deigarria izan zen De Miguelen eta Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramailearen arteko besarkada 2011n, deigarria ere azken honek instrukzio-epailearen kontra 2015ean esandakoak, iradokiz auzipetze autoan ondorio “politikoak” atera dituela. Deigarria eta bitxia, kasu honi loturiko dena bezala.
2010eko martxoaren 17a: atxiloketak
Ainhoa Alberdik Olympus markako grabagailu bat erosi zuen denda batean, Alfredo de Miguelen eta Aitor Telleriaren presioen aurrean “babestuta” egoteko. Baina aita tartean sartu zutela jakitean audioak eta e-postak Arabako fiskalari ematea erabaki zuen. 2009ko abendua zen eta hortik hilabete gutxitara, martxoaren 17an, Ertzaintzak operazioa abiatu zuen zortzi lagun atxilotzeko, tartean De Miguel, Telleria eta Otxandiano; miaketa ugari ere egin zituen polizia autonomikoak etxe partikularretan eta bulegoetan, baita elkarte gastronomiko batean ere.
Operazioa Gasteizko 4. instrukzio-epaitegiko magistratu Roberto Ramosek agindu zuen, Arabako fiskalak Madrilgo ustelkeriaren kontrako fiskaltzari abisua pasa eta gero. Sekulako lurrikara eragin zuen Arabako Aldundian –EAJrekin batera agintzen zuen EA alderdiak “traizio” hitza ere erabili zuen– eta Eusko Legebiltzarrean ere batzorde bat sortu zen kasua ikertzeko: EAJko karguei “erantzukizun politikoak” egotzi zizkien amaierako diktamenak.
Ramosek, bere aldetik, bost urteko instrukzioaren ondoren kaleratu zuen 26 lagunen kontrako auzipetze autoa 2015ean. 183 orrialdeko dokumentuan epaileak dio Alfredo de Miguelek enpresa “pantaila” sare bat osatu zuela “ardura politiko edo administratiboak zituzten beste inputatu batzuekin batera” esleipen publiko irregularren bidez dirua eta komisioak lortzeko. Auto horretan, Asier Arzallus –Xabier Arzallus buruzagi jeltzale historikoaren semea– auzitik kanpo utzi zuen, De Miguelen sareko enpresa bati egindako “zalantzazko” esleipena ezin delako kode penaletik epaitu.
Epaiketa hasi bezperetaraino eskatu dute akusatuen defentsek bertan behera uztea, aurkeztutako audioak ez direla baliagarriak esanez. Baina Jaime Tapiak presiditutako epaimahaiak ez du eskaera aintzat hartu, eta gogorarazi du froga gehiago ere badaudela.
Koaderno granate bat, faltsututako dokumentuak…
Auzi-saioen erdia eginda, epaiketak eleberri bat idazteko adina eman du dagoeneko. Iker Rioja kazetariaren kronikek –kasu horretaz Dentro de lo normal (normala denaren barruan) liburua idatzi du– ez dute hitz bat soberan eta haien bidez jakin ditzakegu auziaren detaile txikienak.
Alberdik emandako frogez gain, ertzainek Koldo Otxandianoren etxeko gelaxka batean aurkitutako granate kolorezko koaderno bat ere funtsezkoa da, sareak ustezko komisioak nola kobratzen zituen jakiteko. Arabako Batzar Nagusien armarria daramaten paper koadrikulatuetan enpresei ordaintzea zegokiena apuntatzen zuen eskuz ABBko kide ohiak: “Obra %4 Kataia” irakur daiteke esaterako, Kataia Consulting De Miguelen sasi-enpresetako batek esleipenaren ehuneko hori beltzean jaso behar zuela aditzera emanez.
Denera 25 sozietate inguru izan daitezke sare horrek iruzurrerako propio sorturikoak, gehienetan senideen izenean gainera. Horietako batek, Errexal SL-k, Lapuebla de Labarcan eta Zigoitian Loizate enpresak egindako obra batzuengatik jaso zituen halako “koskadak”. Loizate oso ezaguna zen Arabako eraikuntzan esleipen publikoak eskuratzeagatik; haren jabe Jon Iñaki Echaburu auzipetuta dago. De Miguelekin lotura zuten sozietate askok ez zuten langilerik izan eta Gizarte Segurantzan ere ez zuten izenik ematen, Eskamelo SL enpresa kasu: bere bidez 65.000 euro lortu zituen EAJko buruzagi ohiak, fiskaltzaren esanetan.
Iruzurrerako beste mekanismo bat Eusko Jaurlaritzako Gazteria sailetik egin gabeko lanak kobratzea izan zen –denera 210.000 euro–. Dirudienez Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei esleipenak “nahieran” egiten zizkien Xabier Sánchez Robles Gazteriako zuzendariak (EAJ): “Bere karguaz baliatu zen enpresa horiei mesede egiteko”, dio auzipetze autoak.
Esleitutako dozenaka lan horiek justifikatzeko, Jaurlaritzaren erregistro zigilua daramaten dokumentuak aurkeztu ditu epailearen aurrean Gazteriako zuzendari jeltzale ohiak; baina Riojak Eldiarionorte-n erakutsi duenez faltsuak, erregistratu gabeak edo plagiatuak dira –zigiluetako batean, esaterako, 2007ko otsailaren 29a ageri da, egun hori sekula existitu ez zen arren–.
Zanbranako poligono egin gabea
Epaitzen ari diren auziak hamabi atal ditu, ezinezkoa denak hemen deskribatzea. Zanbranako operazio urbanistikoa da garrantzitsuenetako bat bere tamainagatik. Udalerri hartan sekula egin ez zen poligonoa esleitzeagatik hiru milioi euroko komisioa kobratu zioten Riera eraikuntza enpresa katalanari. Fiskalaren esanetan, Iosu Arrutik gidatu zuen trama hori Sidepur enpresaren bidez, eta honek De Miguelen sareari ordaintzen zion ondoren. Zanbranako EAJko alkate ohi Maria Justina Angulo ere inplikatuta dago –lau urteko kartzela eskatzen dute berarentzat–, poligonoa eraiki behar zen lurrak birkalifikatzeko garaian egindako ustezko irregulartasunengatik.
Enpresariek euren poltsikotik bezeroari ordaindutako txalet pertsonalen erreformak, Arabako Aldunditik apetaz egindako esleipenak, komisioetatik jasotako diru beltzarekin erositako terrenoak birkalifikagarriak… Oraindik asko dago ikusteko eta jakiteko Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handienean.
EAJ, familia handi(egi) bat
Josu Izagirreren zorroztasuna erabatekoa da eta Arabako fiskalaren aurrean Eusko Jaurlaritza nabarmen geratu da, haren abokatuak hamalaugarren saiora arte ez baitu galderarik egin. Aldiz, Ertzaintzako adituek irmo defendatu dute euren lana eta akusatuen abokatuekin tentsio uneak izan dituzte. Bizkaiko Aldundia ere –EAJren esku– akusazioaren eserlekuan dago enpresa batzuek egindako delitu fiskalengatik.
Josu Izagirre Arabako fiskalaren zorroztasuna erabatekoa izaten ari da epaian, eta Eusko Jaurlaritza nabarmen geratu da bere aurrean, haren abokatuak hamalaugarren saiora arte ez baitu galdera bakar bat ere egin
Zer irakurketa politiko egin liteke argazki horrekin? Ezin ahantzi dugu EAJren barnean dauden familien arteko botere borrokek bete-betean jo zutela alderdiaren egitura Araban, hain justu ustelkeria kasua azaleratu zenean. Estado de Excepción eztabaida saioan, Ahoztar Zelaieta ikerketa-kazetariak sektore “independentista” eta “PPko ustelekin hitz egiten duena” bereizi ditu. Bere ustez, De Miguel auzia Arabako EAJren sektore independentistari –Gerenabarrenaren ingurukoak hor kokatu izan dituzte analista politikoek– kontra egiteko “suebaki” bat izan da, azken batean “historia txiki bat” baita Zelaietaren aburuz.
Zer gertatuko litzateke Ainhoa Alberdik 2009an “kutxatilatik pasatzea” agindu ziotenean, kasu egin eta fiskaltzari ezer kontatu ez balio? Akaso izango al genuke De Miguelen berri gaur? Eta zer gertatuko litzateke Ainhoa Alberdi gehiago baleude, Euskal Herria urte luzez politikoki eta ekonomikoki gobernatu dutenen pegamenduari tira egiteko ausardiarekin?
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!