Urteko 365 egunetan irekita egongo den Simply-ko langileek greba egingo dute igandero, supermerkatua jai egunetan itxita mantentzeko
Enpresa Komiteak hala erabakita, Gasteizko Simply supermerkatu guztietan greba egingo dute datorren urriaren 18an. Gasteiz Hiribidean kokatuta dagoen supermerkatuak igandero, urteko 365 egunetan eta 07:00etatik 01:00ak arte ireki nahi ditu ateak: bertako langileek igandero egingo dute greba, supermerkatua itxita mantentzeko asmoarekin.
Gasteiz Hiribidean kokatuta dagoen Simply supermerkatuko langileek argi dute: ez dute supermerkatu honek igandetan ateak irekitzerik nahi. Hori ekiditzeko formuletako bat, Enpresa Komiteak (CGT, ESK, UGT) hartutako erabakia izan daiteke: urriaren 18an, ostegunean, marka bereko Gasteizko supermerkatu guztietan greba egingo dute. Gasteiz Hiribidean kokatuta dagoenean, berriz, abenduaren 31ra arte igandero greba egiteko proposamena luzatu dute. Hau da, langileek greba egiten badute, supermerkatua itxita egongo da igandetan.
SuperCor Express izeneko denda zabaldu zuten ekainean Zulaika kirol-denda zegoen lokalean, Gasteizen. Urteko 365 egunetan zabalik egongo da, ordutegi zabala duena: goizean goizetik gaueko ordu txikiak arte egoten da zabalik El Corte Inglés taldearen parte den denda. Orain, ikasturte berriaren hasierarekin jakin dugu Gasteizko hiribidean dagoen Simply izeneko supermerkatuak ere antzeko ordutegia izango duela.
Urriaren 18tik aurrera Simply supermerkatuak ordutegi berria izango du: igandetan eta jai egunetan ireki nahi ditu ateak. Gainera, urteko 365 egunetan egongo da zabalik, 07:00etik 01:00ak arte. Hau da, soilik sei orduz egongo da itxita.
Enpresa Komitetik salatu dutenez, langileek 800 euro kobratzen dituzte hilabetean. “Orain, hori gutxi balitz, igandetan eta jai egunetan ere lan egingo dute, marka handiak gehiago aberasteko. Horren atzean jartzen duten aitzakia, gizarteari zerbitzu hobe bat eskaini nahi dietela da, baina bizi-kalitatearen aurkako eraso bat baino ez da hau”. Gainera, Enpresa Komitearen ustez, jendarteak ez du ordutegi zabal hauen beharrik: “Gasteiztarrek ez dute ordutegi zabal hau eskatu”.
Mobilizazio bakarrak ez dira greba egunetakoak izango: urriaren 16an, 11:00etatik 12:00ak arte elkarretaratzea egingo dute aipatutako Supercor dendaren aurrean eta egun berean, baina 12:30etatik 13:00ak arte, Gasteiz Hiribideko Simply supermerkatuan. Egun bereko arratsaldean, 17:30etatik 18:00ak arte Supercor aurrean eta 18:30etatik 19:00ak arte Gasteiz Hiribideko Simply dendan. Elkarretaratze hauek urriaren 18an, 21ean eta 28an errepikatuko dituzte.
Denda txikiak, kaltetuenak
Sindikatuen ustez, Gasteiz Hiribideko ordutegi berri hau ez da salbuespen bat izango. Hauen ustez, komertzio hauen estrategia ez da isolatua eta beste marka batzuetan hedatuko da hemendik gutxira. “Langileak izango dira kaltetuenak, beti. Langileok atsedenerako eta kontziliaziorako dugun eskubidea urratzen dute igande eta jaiegunetan irekitzen dituzten komertzioek”, salatu du LAB sindikatuak.
Baina arazo handienetako bat baliteke alboko denda eta komertzio txikietara iristea. Hala uste dute sindikatuek eta Enpresa Komiteak. “Ezinezkoa egingo zaie enpresa handiekin lehiatzea”. Hala ere, hau ez da nobedade bat. Ekainena jada protestak egon ziren SuperCor dendaren aurrean, eta sindikatuek gogor kritikatu zituzten ordutegi berria eta langileen lan baldintzak.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!