Udaberriko Uzta jaso dugu Urduñan
Bedatsa da, ez udazkena, eta udaberriko Baserriko Uzta ez da baserri batean egin. Eguraldiak erritmo karibearra kutsatu eta lasai demonio ekin genion larunbatari, bisitariak lau haizeetatik Euskal Herriko mendebaldeko muturreko mugan dagoen Urduñara iritsi ahala. Denbora edo erritmo mudaketa, Urduñaz, lurrak emandako fruituez eta, landagunean, Rafa Ruedaren ahotsean hiriak sortutako musikaz gozatzeko.
Beñat Hach Embarek eta Anartz Bilbao ZuZeu-n
Mikel eta Marijok eman ziguten ongi etorria Santa Klaran, Tologorri tontorraren magalean denez izen berarekin bataiatu duten enpresaren sorlekuan. Egun eguzkitsua izan zen larunbata, aparteko eguna Tologorriko behiak marruka eta putzuetako igel eta apoak korroka entzuteko -babestutako baso-igel jauzkaria bizi dute baratze ondoko urmaelean-, baita bertako zelaietan dauden hamaika lore eta fruituak usaitzeko ere.
Mikel Kormenzanak, gonbidatzaileak, eman zizkigun azalpenak bisita-gidatuan zehar. Urduña mugako herria da, eta ondorioz, gatazkatsua. Erdi-Aroko jauntxo bizkaitar eta arabarren arteko liskarrak medio, eta Burgosekin zeuzkaten talkak tarteko, historikoki ez da baserririk izan, etxe guztiak hiribildu barruan eraiki zirelako, segurtasun arrazoiak tarteko.
Kormenzanaren gurasoek esne behiak izan zituzten, inguruko askok bezala; baina 80. hamarkadan bizi izan zen prozesuaren ondorioz askok behiak saldu zituzten, edo asko eskuratu aurrera egin ahal izateko. Prozesu horren ondorioa honakoa izan da: duela hamarkada batzuk esne behi batzuk zeuzkaten baserritar mordoa egotetik, behi mordoa dauzkan jabe bakarra egotera igaro da eskualdea.
Mikelek ez zuen behiekin jarraitu nahi, interes berezia garatu zuen fruituen zaintzarekiko, eta aurretik behiak zeuden tokian fruta arbolak landatzen hasi zen. Bere sailak “L” forma daukala kontatu zigun, fruituak neurri batean menditik datorren haize gogorretik modu natural batean babesteko -lurren erdia Bizkaian eta beste erdia Araban du, berta-bertan baitu muga-.
Kalekume askok aurrez probatutako nahiz inoiz dastatu gabeko fruta izenak gozatu genituen; eta izen hutsaz gaindi, beranduago baita probatu ere: sagarra, masusta, irasagarra, intxaurrak, andere-mahatsa (gorria, beltza eta zuria), mahatsa, isuski-garratza, madaria, arana, ahabia, kiwia, pikua, muxika, zirikilotea, intxusa, menda, laranja, mugurdia, gerezia… Lurrak emandako fruituez betetako paradisu txoko usaintxu eta ederra da Tologorrirena, eta gainera, anfibioz betetakoa, igelak, apoak eta kolore bizi ezberdinetako lagarto galantak tarteko. Garrantzitsua da hau azpimarratzea, zeren eta anfibioak dira ekologikoan lan egiten ari direla ziurtatzen duen froga nagusia. Kimikoak erabiltzen hasitakoan, anfibioak dira lehenak desagertzen.
Hamaika azalpen eman zizkigun Kormenzanak fruta bakoitzaren inguruan, baita saila inguratzen duten lore edota sendabelarrek daukaten funtzioaren bueltan. Baina fruituez gaindi, Mikel eta etxekoek barazkiak ere baliatzen dituzte beren marmeladak egiteko: tipula, azenarioa, kuiatxoa, limoia, tomatea, pipermina, piperrak, erremolatxa, pepinoa, ipurua… Lurra emankorra da, are gehiago mimoz zaintzen bada.
Fruituen inguruan hainbeste azalpen jaso eta gero, bekatua litzateke begietatik sartu zitzaiguna ahoan ez sartzea. Hamaiketakoa egin genuen bertaratu ginen 60 lagun inguruk: zuku ezberdinak, sei marmelada mota, baita EH Kolektiboko lagunek inguratutako gazta, ardoa eta belarrekin egindako salda ere.
Behin sabela beteta, entzumenari jaten ematea tokatu zitzaigun, horretarako prestatu zen eszenatoki eder batean, lasto fardo eta fruta arbola tartean; eta gainera, garrantzitsua zena oso, itzaletan. Rafa Rueda eta bere taldea entzuteko parada itzela, beraz. Mungiarrak hiriaren inguruko lan kontzeptuala sortu du, Hiri kristalezkoak izenekoa, eta albumeko hamar kantak eskaini zizkigun ikusleoi. Rafa Ruedak lan honetan jarritako denbora eta esfortzuak ere eman ditu fruituak, eta emankizun ederra eman zuten hiriko akordeak landetaratuta. Azpimarratzekoak izan ziren Koldo Uriarte teklatu jolearen ekarpena bai bere instrumentua ederki probestuz, bai eta ahotsarekin ere; itzela ere Ander Zulaika bateria joleak eman zuen egurra perkusioarekin.
Rafa Ruedaren laukoteak jo bitartean, manta zelaian luzatu eta zuhaizpean gordeta, emakume batek margo bat egin zuen zuzenekoak iraun bitartean. Musika notak airean zituen akuarela, Ruedari oparitu eta mungiarrak ezin pozago jaso zuena -gorago, klikatu eta ikusgai duzuen horixe-.
Bazkari garairako gose puntua egina geneukan jada, eta Goiabe Jantoki Ekologikoko sukalderiek ez ziguten hutsik egin: entsalada, pasta, idi haragia saltsan eta xitakea, eta postrean bizkotxoa iogurta eta marmeladarekin. Dena goxoa eta dena zoragarria; inor gutxi geratu zen errepikatu gabe. Haragia, marmelada, zukuak eta kalabaza Tologorri bertakoak ziren, eta gainontzeko jakiak EH Kolektiboko hamaika etxaldetatik ekarritakoak: Zeberio, Karrantza, Itsaso, Bargota, Itziar, Guabea… -hemen duzu zerrenda osoa-.
Bazkariarekin egitaraua ixten zen, ustez. Baina kafea hartu eta apurka-apurka bertaratutakoen erdiek etxerako bidea hartu zuten bitartean, beste askok, eguraldia lagun, eguna luzatu eta inguruaz gozatzeko aprobetxatu zuten. Haurrez ari gara, Baserriko Uzta ezin aproposagoa baita familia giroan plana egiteko. Lasto fardelekin txabolatxoa eraiki, uharkan bainua hartu -ze hotza ura!-… eta furgonetan musika jarrita, Goazen!eko kanten koreografiak; umeek disfrutatu zuten gehien!
Ederra izan da, beste behin, Baserriko Uzta. Hurrena eta denboraldiko azkena Arbonan izango da, Lapurdin; sendabelarrak ekoizten dituen J.Zaldunbideren baserrian ospatuko dugu Udako Uzta, Mikel Urdangarinen kantu egilea lagun dugula. Nahi izanez gero, izena eman daiteke jada: baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzita.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!