Su Hura Ni
Har dezagun arnasa
behingoan. Hamar, bederatzi, zortzi… Aska ditzagun korapiloak, barrukoak
lehenengo.
Kendu diogun guztia bueltatzen hasteko momentua da. Momentua da, momentua. Bizi
beharrekoa bi aldiz errepikatzen dela esaten dutenek, hobe lukete azoka
amaiezinen batean galdu. Utz diezaiogun une batez gauzak erosteari, truka
dezagun gure artean geratzen zaiguna, eman eta hartu, eman eta hartu. Horrela
funtzionatzen baitu gizabanakoak bere egoerarik primitiboenera hurbiltzen
denean ere. Denbora erostea posible ez den bezala, sentitzen ditugunekiko itsu
mantentzea ere ez baita posible. Lor dezakezu minutu batzuez, orduetan agian. Ibaiak,
beste behin, bere bidea egitea lortzen duen arte. Eta berriro hasierara. Ez dut
ikusterik lortzen, ez oraindik. Hurbiltzen ari gara, irteera jartzen duela esango nuke. Hemen naiz berriz eta oraingoan
ez didazu alkandorarik lisatu, oraingoan ez didazu ogitartekorik prestatu
bazkaritarako. Ez didazu eskurik luzatu itzultzen naizenean hor egongo zarela
adierazteko. Oraingoan ez dago tartekorik, hau aldatuko duenik. Urak eramaten
ditu gure gorputzak, bere indarrik menperagaitzenak atera ditu gaur guretzat.
Ezin dugu hitzik egin, ito egingo ginateke ziurrenik. Ezin dugu lainorik
bistatu, biderik idatzi. Eramatera uzten gara, ekarriko dugunaren kezkaz baino,
galtzeko prest gaudena zer den erabaki ezinean.
Sua, gauza asko
izan daiteke sua. Baina batez ere, bi begirada elkarrekin aurkitzen direnean
sortzen dena, horixe da sua. Horrela bukatu zuen esaten. Txalo egiten zion
jendeak. Hunkituta eseri nintzen ni ere,
begiratu egin nizun. Zuk ere begiratu egin zenidan, nire begien beroa lepoan
igarri izan bazenu bezala gertatu zen. Sua, pentsatu nuen. Irribarre urduriz
erantzun nizun. Irribarre urdurietan galdu zen momentua eta denborak zerbait
eraman zuen berarekin ia inor ez konturatzeko moduan. Ke usaina zerien nire
eskuei. Mugitu ez arren, urrundu egin ginela esango nuke, nor bere lekura. Nor
bere espaziora. Kilometroak atzera ibili dena bezala sentitzen nintzen. Nahikoa
dira bi begirada, pentsatu nuen berriz eta desertu batean aurrera doala
irudikatu nuen nire burua. Ailegatzean norbait itxaroten edukiko duenaren
ilusioa, galtzeko beldurrik ez duenaren konfiantza. Ezezaguna norbere baitan
urtzen. Ezezaguna norbere baitan ulertzen. Harea atzamar artetik ihesi. Korrika
astekotan denaren egonezina. Eserleku bi baino ez. Begirada bi. Posible ote?
Nahiko ote da horrekin? Norbere sentipenetan sinestea al da kontua? Beste behin
gertatuko balitz, etorri zitzaidan beranduago. Hobe ez, hobe horrela uztea,
desertua eta suak utzitako ke arrastoa, beste ezer ez. Nahikoa dut horrekin habiatzeko. Ez naiz
korrika hasiko, oinez habiatuko naiz. Baina badakit ailegatuko naizela egunen
batean, ailegatuko dela momentua berriz, gurekin, guretzat. Eta horrela bada, egia
bada bi begirada nahikoa direla sua
pizteko, ez dugu azalpen gehiagorik beharko. Desertu bat imajinatuko dugu biok
eta bertan galduko gara inongo beldurrik gabe. Orain bai, oraingoan zalantzarik
gabe jakingo dugu nahikoa direla bi begi, bi begirada bizirik gaudela sinesteko,
luze iraun dezakeen sua bizirik mantentzeko.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!