Stanley, genozida baten konplizea gurean
Esploratzaile mitikoa Araban izan zela 150 urteak ospatu dituzte egunotan Gasteizen eta Kanpezun. Kazetariak bertatik bertara ezagutu zuen Euskal Herria bidaia horretan, eta labanaz idatzita utzi zuen bere izena Gasteizko arbola batean. Belgikako Leopoldo II.a genozidaren zerbitzura Kongoko herritarrak odolusteko erabiliko zuen gero labana bera, “bide komertzial berriak” aurkitzeko aitzakian. through Argia.eus
Uztailaren 3an bete dira 150 urte Henry Morton Stanley esploratzaile eta kazetariak lehen bisita egin zuela Arabara, Euskal Herria gerraren atarian zela. The New York Herald egunkariaren korrespontsala zen eta Kanpezuko karlisten matxinadaren berri ematera etorri zen gurera –hango alkate liberala hil zuten liskarretan–. Bide batez, “euskal probintzien eta bere jendeen” deskribapen zabala egin zuen erreportajean.
Urteurrena hainbat ekitaldirekin ospatu dute joan den astean. Antolatzaileen artean zeuden Vitoria 2013 historia elkartea, La Exploradora-Manuel Iradier elkarte afrikanista eta Gasteizko eta Kanpezuko udalak. Kanpezun mahai-ingurua egin dute, eta esploratzailearen birbilobak Gasteiz bisitatu du bere arbasoa ibilitako tokietan barrena, udal ordezkarien eta elkarteetako kideen laguntzaz. Henry Morton Stanleyk kale bat du Arabako hiriburuan, Zabalgana auzoan.
Livingstone doktorearen aurkitzaile ospetsuak, Tanganyka lakuari bira eman zionak (laku bira dei diezaiokegu) haren izena mundu osora zabaldu zuen, eta halako pertsonaia batek zazpigarren alabari egindako bisita gogoratzea arrazoizkoa izan daiteke: “Ez da zaleen klub baten ekintza, iraganean sakondu eta nola ikusten gintuzten jakiteko modua baizik”, azaldu du Stanleyri buruz ikertu izan duen Ramon Jimenez Fraile historialari eta kazetariak.
Baina ulergaitzagoa da udal erakundeen partetik haren oinordekoari opariak eman, omenaldi instituzionalak egin eta Stanleyri kale-izenak jartzea, kolonizatzaile moduan izan zuen jokabidearen aurrean beste aldera begiratzen den bitartean.
Afrikarrak “tximuak bezala” hiltzen
Stanleyk badu beste aurpegi bat, aski ezaguna, baina egunkarietan oharkabean pasa dutena. Haren bizitza “xelebrea” edo “iragan polemikoa” aipatu dute zenbaitek, eta horrela utzi. Sortzez galestarra, bere egiazko izena John Rowlands zen baina AEBetara morroi gisa joan zenean aldatu zuen izena.Kazetari bezala 1868an egin zuen Afrikarako lehen bidaia New York Herald-entzat, Abisiniara, eta geroztik hainbat espediziotan hartu zuen parte.
Esploratzailearen biografia zehatza idatzita dauka Franck McLynn historialariak, eta bidaia horietan afrikar jendeekin erabiltzen zituen metodoak azalerazi ditu. Hipopotamo azalez eginiko zartailu batekin zigortzen zituen zamaketariak, eta kateaz lotu esklaboak bailiran. Kongo ibaiaren iturburua aurkitzeko bidaian abiatu ziren 356 lagunetik 114 baizik ez ziren bizirik irten baldintza horietan. Bidean, “28 herri handi eta lauzpabost herrixka eraso eta deuseztatu” zituen, egunerokoan idatzi zuenez.
Leopoldo II.ak Kongon egindako genozidioa –10 eta 15 milioi pertsona artean hil ziren– ez litzateke posible izango Stanleyk emandako laguntzarik gabe. Berak proposatu zion Belgikako erregeari Kongo ibaiaren bidea erabiltzea Afrika erdialdea kolonizatzeko. Hala, filantropia itxurazko elkarte baten izenean espedizio komertziala hasi zuen 1879an eta hango tribuetako buruak engainatu zituen lur guztiak bereganatu eta jendeak esklabo bihurtuz. Horretarako, kazetariak ez zuen gupidarik izan armak erabili eta afrikarrei “tximuei bezala tiro egiteko”, Richard Francis Burton esploratzaile ingeles garaikideak salatu zuenez.
Kongoko Estatu Librea deitu zion Leopoldok II.ak Afrika erdian 1884-1908 artean ezarritako odolezko erregimen kolonialari. Stanleyk hasitako bidetik, herritarrak esklabo bihurtuz eta zigor krudel eta sistematikoak eraginez –eskuen mutilazioak, chicotte deituriko sokarekin kolpeak…– erauzi zituzten hango kautxua eta natur baliabideak. Sarritan, familiei haurrak bahitzen zizkieten kautxu kopuru baten truke. Orduko lekukoek eta ondorengo ikerlariek ondorioztatu dutenez, lurralde haietako biztanleen erdia hil zen genozidioan.
Jaioterrian eztabaida, Euskal Herrian opariak?
Leopoldoren kautxu eta bolizko inperioari ateak ireki ostean, Stanley hainbat urte geroago patrika bete diru itzuli zen Europara. Irabazitakoarekin jauregi bat eraikiarazi zuen Ingalaterrako Furzehill herrian –bere izena daraman laku afrikar baten errekreazio eta guzti– eta hor bizi izan dira eroso haren oinordekoak, joan den astean bisita egin digun birbiloba kasu.
Stanleyren jaioterrian, Galeseko Denbighen, eztabaida bizia sorrarazi zuen 2010ean bere omenez jasotako brontzezko estatua batek –Kinshasan bazen beste irudi bat, baina Mobutu boterera iritsi ondoren hankak moztu eta lurrera bota zuten–. AEBetako eta Ingalaterrako 50 akademiko inguruk gutuna publikatu zuten The Daily Thelegraph egunkarian, esanez “arrazismoa ospatzen” ari zirela eta ezinezkoa zela Stanley “deskonektatzea” Kongon eragindako sufrimendutik. Selwyn Williams aktibistaren arabera, esploratzaileak gizateriaren aurkako krimenak egin zituen, Leopoldo II.aren “konplize leial” bihurtuta.
Geroztik, urtero abuztuaren 18an –estatua inauguratu zen egunean– protesta egin ohi dute herritar ugarik; iaz esaterako artista batek egindako kautxuzko oihal beltz batekin estali zuten irudia.
Gurean, aldiz, nahiago izan dugu Stanleyren iragan beltz horri ezikusiarena egin eta “Gasteizko eraztun berdea erabili zuen lehena” izan zela azpimarratu, egiaz izan zena ez esateko: genozida baten konplizea.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!