Serviniren autoa «urrats handia» dela uste dute abokatuek, eta delitu gehiago inputatzeko aukera zabalik dagoela
Hala ere, Espainiar estatuak trabak jartzen jarraituko duela aurreikusten dute eta horren aurrean indarrak batzeko deia luzatu dute.
Argentinako kereila abiatu zutenetik hamar urte baino gehiago joan dira eta, gaur egun, 1000 salaketa inguru barnebiltzen ditu. Justizia Unibertsalaren printzipioa aplikatuz izapidetzen den prozesu judizial honen baitan hainbat delitu ari dira ikertzen, guztiak ere gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan. Bortxazko desagerpenak, torturak, hilketak, haurren lapurretak eta lan esklabua dira adibide batzuk. 2013an eta 2014an 22 pertsona baino gehiago inputatu ziren Argentinako Epaitegiak delitu horiek egiteagatik, eta horien artean dago Rodolfo Martín Villa.
Martin Villari Gasteizko martxoaren 3ko eta Iruñako 78ko San Ferminetako sarraskiak egozten dizkio autoak. Zehazki, Pedro María Martínez Ocio, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente (ordena publikoko indarrek hil zituzten 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskian) eta Germán Rodríguez Saíz (ordena publikoko indarrek hil zuten Iruñeko San Fermin jaietan, 1978ko uztailaren 8an) gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan egindako hilketagatik prozesatzen du autoak.
Rodolfo Martín Villa gizateriaren aurkako krimenengatik inputatzeko prozesua duela 7 urte hasi zen (2014ko urrian), Espainiako Estatuak tramitazioan etengabe ezarri dituen oztopoak gorabehera. Iazko irailean, epaileak inputatuari berari ikerketa-deklarazioa hartu zion. 13 hilabete geroago, epaitegiak auzipetzea erabaki du, salatutako krimenen egile gisa erantzukizun penala egiaztatzen duten aurkeztutako froga ugari ikusita.
María Servini epaile argentinarraren auto horrek Rodolfo Martín Villa epaitzeko bidea zabaldu du, baita delitu gehiago inputatzeko aukera ere. Kereila bultzako duen talde juridikoak «urrats handia» dela adierazi du eta «poz handiz» hartu dutela berria. Ikuspegi juridikotik, Giza Eskubideen alorreko nazioarteko zuzenbidea aplikatzen dela azpimarratu dute eta, beraz, Amnistiaren Legea edo zigorgabetasunerako beste edozein legeri nola erantzun zehazten dela.
Serviniren autoan, gainera, frogatutzat ematen da trantsizioa «egitura frankisten kontrolpean» egin zela eta Espainiako estatuak herritarren aurkako «plan kriminal bat» gauzatu zuela. Martín Villari dagokionez, delituak egiteko «botere aparatuak erabili» izana jasotzen du autoak.
Kereilaz arduratzen ari den abokatu taldeak adierazi du Servinik «zuhurtziaz» jokatu nahi izan duela, defentsak auzia baliogabetzeko arrazoirik izan ez dezan, eta horregatik utzi dituela kanpoan beste salaketa batzuk, oinarri sendoa duten arren. Martxoaren 3aren osteko egunetan hildako Jose Castillo eta Bienvenido Peredaren kasuak dira adibide.
Espainiako estatuaren jardunaz ere mintzatu dira kereilaren bultzatzaileak. Izan ere, orain arte oztopoak jarri besterik ez dute egin estatuko aparatuek eta hala jokatzen jarraituko dutela aurreikusten dutenez, indarrak batzeko eta aurrera jarraitzeko deia luzatu dute.
Martxoaren 3ko sarraskia argentinako kereilan
Martín Villa martxoaren 3ko sarraskiko hiru hilketagatik prozesatuko dute eta Gasteizko M3 elkarteko ordezkari Andoni Txaskok ere egin du autoaren inguruko balorazioa. Albiste «bikaina» iruditu zitzaiela azaldu du, «ilusio handiz» hartu zutela. Martxoaren 3ko eta 78ko San Ferminetako hilketez gain kasu gehiago sartzeko aukera positibotzat jo dute eta elkarlana bultzatu dezakeela uste dute.
Hala ere, «zuhurtziaz» jokatu beharra dagoela diote. Azken batean, autoa «inpunitatearen aurkako borrokan aurrerapausua» den arren, «kontuan izan behar dira Espainiar estatuak etengabe jartzen dituen trabak»: «Estatu espainiarrak ez du epaitzen eta ez du epaitzen uzten. Aitzitik, babesa ematen die giza eskubideen urraketa larriak egin zituzten kriminal frankista guztiei».
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!